Saioa Alkaiza Guallar / 2015-02-07 / 742 hitz
Eskola garaian dauden umeen %15ek zorriak dauzkate, bai eta haur horien gurasoen %27k ere. Botikara jotzen dute askok konponbide eske; beste batzuek, ordea, etxean egindako lozioetara.
Hatzak burura eraman ditu haurrak, eta hazka egin, azazkalak ile artean indarrez finkatuz. Ikastetxe guztietan ikus daitekeen irudia da. Izan ere, 3 eta 12 urte arteko umeen %15ek zorriak dauzkate, pedikulosi gaitza, alegia. Ez da, ordea, bakarrik ikasgeletan behin eta berriz ikusten den imajina. Adituen kalkuluen arabera, zorriak dituzten seme-alabak dauzkaten gurasoen %27k ere badauzkate. Makina bat uste dago zabalduta zorrien inguruan: higiene faltagatik azaltzen direla; buru batetik bestera salto egiten dutela; zikinak direla… Ustelak dira usteak, baina. Animaliatxoak inoren gustuko apopiloak ez badira ere, sortzen duten kaltea ez da larria, eta botikako sendagaien edota etxean egindako lozioen bidez senda daiteke.
Zorri mota asko dago. Ia 5.000 espezie baino gehiago ezagutzen dira: animalien lumetan bizi dira batzuk; azalean beste batzuk; badira eremu batzuetan baino geratzen ez direnak ere; tenperaturaren arabera mugitzen direnak… Gizakiaren buruan geratzen dena Pediculus humanus da.
«Zorriak ez du hegan egiten». Argi eta garbi dio Jabier Agirre medikuak, parasitoen inguruan sortutako mitoak deuseztatuz. Askok uste badu ere buru batetik bestera salto egin dezakeela, gezurra da hori. «Behar du kontaktu estua». Hala, buruarekin zuzenean ukituta edo objekturen bat partekatuta har daitezke.
Odola edaten dute; hori dute elikagai. Horregatik, zorriek gizakiengan egon behar dute; buruan ez daudenean, 48 orduren bueltan hiltzen dira. Izan ere, egunean hainbat aldiz elikatu beharra dute. Odol hartzeek pertsonei kalte handirik egiten ez badiete ere, hatz egitera bultzatzen ditu, eta deserosoa da oso. Azkurak hartuta egoten dira zorriak dauzkaten pertsonak. Azkar hedatzen dira, gainera. Eta laster zabaltzen da, beraz, azkura ere.
Lau eta bost milimetro arteko tamaina daukate animaliatxoek. Buru bakoitzeko, batez beste, zortzi-hamar zorri artean egoten dira bizirik. Emeak zortzi bat bartz jartzen ditu egunean, eta, sei eta bederatzi egun arteko tartean, jaio egiten dira. Haztean, arrautza itsatsita geratzen da ilean. Bistakoa denez, denbora gutxian asko hedatzen dira.
Kentzeko, hamaika era
Pedikulizida hots egiten zaio zorriak kentzeko erabiltzen den lozioari. Akabatu egiten ditu. Haatik, kimikoak dauzka, eta bada teknika oldarkorregia dela uste duenik. Agirreren irudiko, baina, botikan erositako lozioak dira egun «eraginkorrenak». Etxean egindako ukenduak erabiltzearen aurka deus ez daukan arren, esaten du oraindik ez dagoela frogatuta zorriak eta bartzak erabat kentzen dituztenik. Gainera, gogorarazi du botiketako lozioak behin baino ez direla aplikatu behar. «Zorriak hiltzeko lozio bat ondo erabiltzen denean, zorri guztiak akabatzen ditu».
Dena dela, bartzak kentzeko orrazi berezia pasatzea ere beharrezkoa da; «pega-pega eginda geratzen dira ilean, eta horiek banan-banan kendu behar dira». Horrela, tratamendua bukatuta legoke. Behar izanez gero, beste behin ere aplika daiteke, hamar-hamabost egunera. Prebentzioari dagokionez, formula magikorik ez dagoela uste du: «Ez dago frogatuta lozioek eta xanpuek prebentziorako balio dutenik». Zaindu daitezkeen zenbait alderdi badaudela iruditzen zaio, dena den. «Garbitasuna izan behar da, higienea. Ingurukoek badauzkatela ikusterakoan, umearen burua arretaz begiratu behar da».
Iritziak iritzi, medikuntza tradizionalaren bidetik bainoago, etxean egindako lozioen aldera jotzen dute beste batzuek. Bi aldeak zaintzen ahalegintzen dira: batetik, zorriak ez hartzea; bestetik, behin infektatu ostean, kentzea.
Hartzea saihesteko neurrietako bat da, adibidez, te zuhaitzaren olioa noizean behin botatzea. Horrek uxatu egin ditzakeela uste dute askok. Kentzeko teknikak ere ugariak dira. Esaterako, ohikoa da ozpina erabiltzea, baina ez da sobera ona ez bada aurrena urarekin nahasten; adituen arabera, heren bat ozpin eta bi heren ur batu behar dira, eta gero horrekin burua garbitu. Agirreren aburuz, egiaz da teknika hori baliagarria parasitoak hiltzeko, lozioekin konbinatuz gero.
Bestalde, bada oliba oliora jotzen duenik ere. Buru gainera bota, eta bi orduz egon behar da gaitzak jotako pertsona, ilea tapatuta, olioarekin. «Ito» egiten direla esan ohi da. Uste orokorrak dio, era berean, olioa ez ezik, anis belarra ere eraginkorra dela. Bi koilarakada anis jarri behar dira ur litro bakoitzeko; horren ostean, ilea garbitzerakoan, anis ur hori bota behar da burutik behera, ilea aklaratzeko. Nork bere bidetik, mila era daude zorriak kentzeko.
Botika eta xanpu kimikodunez gain, makina bat metodo dago zorriak etxean kentzeko.
Ilerako lozioaren osagaiak
• Oliba olioa, te zuhaitzaren olioa eta izpilikua eskuratu.
• 100 gramoko lozioa lortzeko, nahastu 89 gramo oliba olio, te zuhaitzaren 10 gramo olio eta izpiliku gramo bat.
• Bota lozioa buruko larruazalean, eta masajea eman, hamar bat minutuz.
• Gero, jarri igerilekuko txano bat, eta horrela egon beste hamar minutuz.
• Kendu txanoa, eta pasatu zorrien kontrako eskuila.
• Busti ilea, eta ondo-ondo garbitu; lozioa guztiz kendu behar da.
• Ukendua zazpi egunetik behin erabiltzea komeni da. Ez luzatu tratamendua hiru aste baino gehiago.