Anjel Lertxundi / 2015-02-12 / 122 hitz
Ehun urte dira Kafkak Metamorfosia argitaratu zuela, saltzaile arrunt bat nola zomorro bihurtzen den kontatzen digun nobela laburra. Kafkaren istorioa berrirakurtzeko asmoa dut gaur. Ez asteburuan, edo auskalo noiz. Gaur behar du. Ostegun Gizen egunez. Zomorrotu egingo naiz horretarako. Zomorrotu, bai, zomorro hitzaren lehen adierak máscara, disfraz ematen du-eta hiztegietan. Laugarren adierara joan beharra dago bicho topatzeko, baina bitxo hori zer zomorro klase den, ez dakigu. Kafkak ere ez digu esaten zein klasetakoa den bere nobelako zomorroa. Intsektu bihurtu da saltzailea? Zizare bat da itxuraldaketaren ondoren? Zomorro definitu gabe bat da, horixe dakigu. Eta asmo ezkutuak dituen indefinituari zomorroa deitzen baitiogu, horra izuaren zirkulua itxita.
Nekez zomorro eta mozorro hitz trukagarriak baino adibide egokiagorik hizkeraren itxuraldaketak eta engainuak ilustratzeko, Metamorfosia hobeto ulertzeko.