Imanol Mercero / 2015-02-08 / 154 hitz
- Izenburua: Maddalenen usaina
- Idazlea: Yolanda Arrieta
- Ilustratzailea: Eider Eibar
- Argitaletxea: Ibaizabal
Usainak eta haur jaioberriak gurutzatzen direnean halako sentipen gozo eta bizia sortzen da norbere baitan. Helduoi zaila egiten zaigu jaioberrien aurrean adur jarioan ez ipintzea. Baina badira egoera horren beste ikuspuntu batzuk. Demagun ordura arte etxeko txikiena izan denak, esaterako, titulua kendu berri dion jaioberriaz duen ikuspuntua. Bada, une delikatu horretaz ari zaigu Maddalenen usaina.
Eta kontatzen dena ere ez da denboran asko luzatzen. Aitarekin parkera joatekotan den haurrak, Xabierrek, arreba Maddalenekin egiten dituen bi keinu eta hiru hitzak deskribatzen zaizkigu. Baina denak du bere esanahia eta balioa. Testuak, bere xumean, elkarren onarpenerako keinuak erretratatzen ditu, era oso errealistan, haurra narratzaile ipinita, guraso eta jaioberriaren hitzak ere plazaratuta, natural-natural.
Letra tamaina handiarekin, orrialdeko paragrafo bat agertzen da, ezkerretara, eta eskuinetara ilustrazio bat. Kolore apaletan, nagusi diren hori eta gorriekin kontrastean turkesa agertzen da. Ilustrazioek interpretatzeko joera dute, bai egoera, bai pertsonaiak berak ere.