Igor Susaeta / 2015-02-11 / 464 hitz
«Latza bezain ederra den mundu txiki bat» deskribatzen saiatu da Antonio Casado da Rocha ‘Islandiera ikasten’ olerki liburuan.
«Orojalea» izaki, estilo aniztasuna landu nahi izan du.
Orain hamabost bat urte, Antonio Casado da Rochak (Errenteria, Gipuzkoa, 1970) egonaldi bat egin zuen Islandian. Memorizatu zituen islandierazko hitz solte batzuk, eta, aldi berean, euskarazko on line ikastaro bati ekin zion, han zegoela. «Konturatu nintzen ergela nintzela, nirea zenari uko egiten niolako». Euskaraz hitz egiteko zailtasuna izan da, hain zuzen, Islandieraz ikasten azken lau urteotan mamitutako olerki liburua idazteko pizgarrietako bat (Utriusque Vasconiae), egilearen esanetan; baita txikia eta periferikoa denarekiko sentitzen duen atxikimendua ere. Islandiera eta euskara halakoxeak dira, esaterako. Horiek metafora gisa erabilita, «latza bezain ederra den mundu bat» deskribatzen saiatu da, hizkuntzen bizitzaz, historiaz, burujabetzaz, bidaiez eta familia kontuez mintzatuta.
Islandiera ikastearena literalki uler daiteke, Ur Apalategi Utriusque Vasconiaeko editoreak liburuaren aurkezpenean —atzo, Donostian— adierazitakoaren arabera. «Benetan horretaz hitz egiten baitu zenbat olerkitan, idazkera konkretu eta situatua erabiliz». Baina Apalategiren iritziz, egileak «abstrakzioaren arintasuna» eransten dio une oro errealitateari. «Horregatik, metaforikoki ere ulertzen saiatu behar da islandiera ikastearena, liburuaren muina dastatuko badugu».
Lau ataletan banatu ditu Casado da Rochak liburua osatzen duten 66 olerkiak, labur antzekoak gehienak: Donostian dantzari, Bihotz barnetegian, Laba / Lurra eta Urruneko barnetegian. «Horietako batzuek, Laba / Lurra-koek adibidez, badute lotura Islandiarekin, baina beste batzuek, ez», argitu zuen egileak, atzo. Dena den, Islandia ez da liburuko metafora bakarra edo nagusia, poetaren hitzetan. «Beste batzuk ere badaude: Korrika, Barnetegia, dantza…». Iruditzen zaio, halere, liburuak, batez ere, ikastearekin daukala zerikusia. «Urruneko unibertsitate batera joan nintzen zerbait ikasteko asmotan, eta hori literalki uler daiteke. Baina Ur Apalategik esan moduan, metaforikoki ere ulertzea badago».
Casado da Rocha EHUko Filosofia eta Hezkuntza Zientzien fakultateko ikertzailea da, eta bigarren liburua du, 2011n Esku ezkerraz kaleratu eta gero, argitaletxe berarekin. Euskalduntze prozesua hartu zuen gaitzat hartan, eta bigarrenean ere horretaz jardun du, nahiz eta ez izan hain modu nabarmenean. «Hil arte ibiliko naiz euskara ikasten». Pentsatzen du, gainera, hizkuntza ikasteko prozesuan aurrera egiteko tresna izan daitekeela poesia.
Txikia eta periferikoa denarekiko hurbiltasuna, enpatia eta identifikazioa adierazten ditu, berriz, islandiera ikastearenak, Apalategiren ustez, «metafora iradokitzaile bihurturik» ikastearena. «Arazo linguistiko, nazional, murriztaileegiaz harago, mundua eta munduan bizitzeko zuhurtzia sakon, eder eta zabala eskaintzen dio irakurleari».
Horretarako, eta «oso orojalea» den neurrian, testuak idazterakoan aniztasuna bilatu duela dio Casado da Rochak. «Luzeak batzuk, motzak beste batzuk… Prosarekin esperimentu pare bat ere egin ditut». Edan du bertsolaritzaren formetatik, eta baita, esaterako, «literatura ingelesean topatutakotik ere».
Islandia metafora gisa, eta hitzak euskaraz emanak. Bi hizkuntzek elkarrekin dute, idazlearen arabera, mendeetan iraun izana eta zailak izatearen «ospea» edukitzea. «Hunkigarria ere bada han beren hizkuntza nola maite duten ikustea. Literatur tradizioan altxor bat dute. Abilak dira ezer gutxirekin gauza handiak egiten. 300.000 hiztun dira, baina oso ondo saltzen dute beren burua. Beharbada, badugu ikasteko zerbait…».