Sanferminetan Lesakan

sanferminetanEgilea: John Andueza
Argitaletxea: Elkar
Bilduma: Taupadak
Urtea: 2014
ISBN: 9788490272466
R: 7.249

Donostiako Bilintx institutuko DBHko 4. mailako ikasleek ikasbidaia egiteko asmoa dute, eta horretarako dirua lortzeko hainbat ekintza antolatuko dituzte. Halako batean, ordea, ezusteko bat gertatu eta beste bide bat hartuko dute gertakariek.

Danel eta Ximon lagunak dira protagonista nagusiak, baita Ximonen andregai Amaia eta gelako gainontzekoak ere: zintzoak, alprojak, inuzenteak, bihurriak, astakiloak, zalapartariak, isilak… denetik dago. Oro har iskanbila dezentea sortzen duten ikasle-talde kaskarinaren etiketa duten arren, arduratsu jokatzen ere badakitela erakutsiko dute ikasleok.

Oso erraz irakurtzen den liburua da, oso arina bai kontatzen duen tramari dagokionez bai darabilen euskarari dagokionez. Elkarrizketa asko daude, batzuk aurrez aurrekoak besteak Watshapp bidezkoak; beraz, ahozkotasun handia dario. Gainera, batik bat ikaskideen arteko elkarrizketak direnez, erregistro ez-formala da nagusi. Irakasle-ikasle harremanetan ere nabarmena da ez-formaltasun hori, gehiegitxokoa ere bai akaso, baina umore ukitu handikoa liburua izateak zerikusi handia du horretan. Jakina, umorea ere giltza garrantzitsua da liburua aise irakurtzeko. Bi meritu handi ikusten dizkiot liburuari: erregistro ez-formalean eta umorean asmatu izana alegia.

Ez zait, ordea, gela osoari irakurtzeko agintzeko moduko liburua iruditzen. Ona deritzot, halere, irakurzaletasun handirik ez duten ikasleei gomendatzeko, DBHkoei zein Batxilergokoei.

Bukatzeko, ohar bat egin nahi nuke gramatikaren eta ortografiaren zuzentasunari dagokionez. Zuzena da oro har, baina baditu akatsak. Akatsik gehienak, gainera, edozein zuzentzailek erraz zuzentzeko modukoak dira, eta pena da horri gehiago ez erreparatu izana. Gure gaztetxoei ahalik eta eredurik zuzenena eman beharko genieke, uste baino gehiago ikasten baita oharkabean begietatik.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.