Gorka Lopez / 2015-02-24 / 359 hitz
Paseo samurra izango da, Ezpeleta herritik Uztaritzeko baso txikietarainokoa. Kiribilean ibiliko gara baso horietatik barrena, lasai ederrean, Lapurdiko landa zabaleko eremuan, zuhaiztiz zuhaizti eta latsez lats.
Ezpeleta erdialdetik irtengo gara, Irazabaleko Bidea kaletik, eta estadioraino jaitsiko; kale horretatixe segituko dugu Latsa ibai gaineko zubiraino. Hura gurutzatu, eta mendi bide bat aurkituko dugu ezkerretara; hortixe doa Itzulia Ttikia izeneko ibilbide balizatua. Zerrenda hori-koloreei segika, galdu gabe ibiliko gara Ezpeletako ingurumarietan, etxe, zuhaizti, bidezidor eta auzo bideetan barrena.
Behin bigarren latsa alderik alde igarota, bidegurutze batera iritsiko gara. Alde batera utziko dugu ibilbide balizatua, zeinak atzera Ezpeletarantz eramango baikintuzke ezkerreko aldetik; hala, bada, eskuinaldetik ageri den mendi bidetik joko dugu, Mandobideko errekatxoaren gainean dagoen muinorantz.
Berdegune uhinduetan barrena, garaiera apur bat hartuko dugu landa zabaleko paisaia horretan, zeinaren hegal hegoaldekoan goratzen baita mendilerro piriniotarra —Larrunen (901 m) soslaia ageri da nabarmen—. Eta hala iritsiko gara D-88 errepidera; hura gurutzatu, eta bestaldeko ibaiertzetik segituko dugu, antzera atondutako bide batetik; hasieran asfaltatua egonen da lurzorua.
Mendi bizkar txikietan zehar ibiliko gara, larrez eta laborez mukuru daudenetan barrena, eta Uztaritzeko oihanak estaliak dituen muinoetarantz joko dugu. Aldapan behera egin ahala, bidezidor batean barneratuko gara, eta, ibilian Donejakue bideko bidegurutze batera iritsiko gara; haren eskuinetara dago Halzabaltza ibaiaren gaineko zubia: oihanerako sarbidea.
Zubia gurutzatu, eta ezkerreko bidetik segituko dugu; handik metro batzuetara, banatu egiten da bidea berriro, eskuinetarantz, eta handik joko dugu, haritz eta gorosti multzo batean barrena, eta hortixe egingo dugu gora. Hurrengo, mendi bide bat aurkituko dugu, eta eskuinetik inguratuko dugu, eta Hardoia basoaren eremutik aurrera egin. Bide horretatik, D-250 errepidera iritsiko gara; hori gurutzatu, eta ezkerretik jota bat egingo dugu bidezidorrarekin.
Errepide ertzetik segituko dugu, zuhaitz handien artean ibiliz, eta Ingelesen Gurutzea aurrez aurre izan arte, zeina errepidearen beste muturrean baitago. Gurutzerantz zeharkatuko dugu bidea, eta eskuinerantz okertuko gara, betiere errepidearen ertzetik eta asfaltoan ezkerretara zabalduko zaigun bide bateraino. Bide hori Ameztihandia eremuan barrena doa, Otxolarrea esparrua bazter utzita eta oihanaren sakonera itzulita, zeinetan barrena baitabiltza Halzabaltzako urak.
Ibilgu txiki horren albotik, oihanera iristeko gurutzatu genuen zubitik joko dugu, eta handik itzuliko gara Ezpeletara; Itzulia Ttikiarekin bat egingo dugu, hasieran alde batera utzitako tokian. Ezpeleta erdialdera egingo dugu zubixka erromatarretik zehar.