Zihara Enbeita / 2015-02-26 / 245 hitz
Zeinen zoriontsuak garen gure zilborrera begira, zenbat kili-kili. Hutsetik sortu bagina legez. Lehenago zilbor horretatik norbaiti lotuta geundela ahaztu genuen aspaldi. Lantzean-lantzean, beharbada posturak behartutako muskuluak erlaxatzearren burua zuzendu, eta ingurura begiratuko dugu: «Ze pena horrena!», «Horiek bai dutela arazoa!», «Ez dute lortzen erraz!»…
Baina lantzean eta gainera azkar nekatu eta makurtuko gara berriro ere, gure zilbor ederrari begiratzeko. Eta gure zilborrari begira gaudela arazoren bat izanez gero ere burua altxatuko dugu, baina inguruari gure zilbor tristea erakusteko, gauza garrantzitsuagorik ez baitago inguru guztian.
Eta galdera da. Gure zilborretik harago dagoen horrek ez al digu, bada, guri ere eragiten? Umeen hezkuntza gurasoen eta hezitzaileen arazoa da bakarrik ala jendarte osoarena? Umerik ez daukan eta umerik izan nahi ez duen horrena ere ez al da? Umeak ez al dira komunitate osoarenak? Jokoan dagoena ez al da, bada, denon etorkizuna? Matxismoak emakumeei bakarrik eragiten die ala jendarte osoari? Eta homosexualek egunero-egunero armairutik atera beharra euren arazoa al da bakarrik?
Are gehiago, benetan arazoa ez al da heterosexualitatearen eskemetan bizi direnena? Erdalguneetako euskararen egoerarekin erdalguneek galtzen dute bakarrik ala euskaldun guztiok? Baita herririk euskaldunenetakoek ere?
Eta Euskal Herrian bizi eta euskaradun ez direnek ez al dute galtzen? Eta hor dira etxe kaleratzeak, langabezia, arrazakeria eta abar luze amaigabea. Noren arazoa da horrelakoetan? Ez al da jendartea bera gaixorik dagoena? Ez legoke gaizki tarteka gure zilbor hori zilbor hestea bihurtzea. Neurri batean besteak ere bagarela edo besteenak ere eragiten digula konturatzeko. Bestela zoriontsu garelakoan, bizkarreko minak jota bukatuko dugu