Estibalitz Ezkerra / 2015-03-22 / 749 hitz
Azken urteetako gertaerak ikusirik, kristau eta musulmanak modu baketsuan bizi ziren garaia hartu du hizpide Louis de Bernieresek ‘Birds without Wings’ nobelan.
Kayakoy jadanik ez da. Edo, izatekotan, oroitzapen bat baino ez da. Garai batean, Otomandar Inperioa indarrean zenean, greziar komunitate handienetako baten bilgune zen. Greziar horietako gehienek, hainbat belaunaldiz, behin ere ez zuten Grezia zapaldu, baina hala deitzen zieten kristauei, haien arbasoak noizbait lurralde hartatik Anatoliako paraje horretara abiatu zirela gogoraraziz. Gutxienez XIII. mendetik zegoen eremua greziarrek eta turkiarrek populatuta. XIX. mende hasieran mila etxebizitza, bi eliza, hamalau kapera eta bi eskola zituen hiriak. 1923an, Turkiako independentziari jarraituz, hango kristau guztiak herrialdean bizi ziren beste hainbatekin batera Greziara deportatu zituzten bi herrialdetako gobernuen artean hitzartutako akordioaren eraginez. Trukean, turkiar jatorriko herritarrak Turkiara itzultzera behartu zituen Greziak. Ordutik, Kayakoy, turkieraz esaten dioten bezala, edo Karmylassos, grezieraz, hutsik egon da, atzoko eraikinak hondakin bihurtuta gaur. Greziatik kanporatutako turkiarrak han kokatzea espero zuten agintariek, baina Turkiako Gobernuaren ahaleginak alferrekoak izan ziren. 1950eko hamarkadan eraikinetako teilatuak kenarazi zituzten, eraispenik egon ez zedin. Dirudienez, teilatuak nolabait izateko izana edo izateko itxaropena ematen dio etxebizitza bati, eta hura gabe etxea ez da jadanik etxe, hondakin baizik. Kayakoy herri mamua da orain.
Kayakoyn kokaturik dago Louis de Bernieresen (Londres, 1954) Birds without Wings nobela (Hego bako txoriak, 2004), baina bestelako izenarekin ageri da testuan: Eskibahçe. 1900etik 1920ko hamarkada bitarteko epean jazo dira han azaldutako gertaerak, kristauen kanporaketa gertatu zen aldian, hain zuzen. Inperioaren beheraldia eta desagerpena data horien artean gertatu zen ere, gaur egungo Turkiari bide eginez. Maitasun istorio bat da narrazioaren gidari, Philotei greziarraren eta Ibrahim turkiarraren artekoa. Erlijio ezberdintasuna ez da oztopo gazteentzat, ezta haien senideentzat ere. Izan ere, Birds without Wings-en aurkezten zaigun gertalekua Otomandar Inperioan nagusi zen tolerantziaren eredu da, edo, hori pentsarazi nahi digu nobelak behintzat. Gorabehera batzuk izan baziren sasoi hartan: pasarte batean, senarra ez den gizon batekin ustez sexu-harremanak izateagatik plazan harrikatua da emakume bat; herriko mozkorrak zirikatuta talde batek armeniar bat jipoitu egiten du; oro har aita maitagarria den batek haurdun dagoen arreba ezkongabea hiltzera behartzen du semea. Gertaera krudelak dira, noizean behin jazo egiten direnak, baina ez dute herriaren egunerokotasun lasaia arriskuan jartzen.
Gerrak, ordea, oreka hautsiko du, eta intolerantzia zabaldu. Balkanetako gerrari Lehen Mundu Gerrak jarraituko dio. Lubakietako bizi-baldintza gogorrak eta izua deskribatzen ditu nobelak, eta toki berezia ematen zaio Galipoliko batailari (Çanakkale Savasi turkieraz), non rol garrantzitsua jokatu zuen Mustafa Kemal Ataturk, turkiar nazioaren aita deritzona eta han gurtua denak. Philoteiren eta Ibrahimen arteko harremanari ere kalte egingo diote gatazkek. Biak ala biak, begi aurrean etorkizun oparoa zuten ezkongai dira hasieran, eta gertaera historikoen biktima bihurtuko dira azkenean. Nazionalismo mesfidati batek erlijio intolerantzia bultzatuko du, eta bikotearen arteko ezkontza bertan behera geldituko da. Handik gutxira, Philotei hil egingo da, eta, Ibrahim, maitea galdu izanaren minak eraginda, erotu. Liburuaren izenburuak —Iskander izeneko pertsonaia baten hitzak jasotzen baititu— Philotei eta Ibrahim bezalakoen, hots, letra larriz idazten den historiaren barruan gogoratuak izango ez diren herritar arrunten egoera adierazten du: «Gizakia hego bako txoria da, eta txori bat pena bako gizakia».
Argitaratze-unetik bertatik laudorio ugari jaso ditu epika eta errealismo magikotik edaten duen Birds without Wings-ek. Formari begira hautu bitxia bada ere, edukiaren aldetik, azken urteetan irailaren 11n AEBetako Dorre Bikiei egindako erasoaren ostean zabaldutako diskurtsoen inguruan Mendebaldeko zenbait liberalen artean musulmanak babesteko nagusitu den logikaren isla da. Terrorearen kontrako gerra, zibilizazioen arteko gatazka eta gurutzadak abiarazteko Urbano II. aita santuak erabilitako hizkuntza gogora dakartzaten esamoldeen inguruan, liberal horiek esaten dute musulmanak ez direla gaiztoak, kontrakoa baizik, eta, froga modura, urrezko garairen bat aipatu ohi dute, non kristau eta musulmanak modu baketsuan bizi ziren elkarrekin. Jakina, narrazio horietan faktore ekonomiko, politiko eta sozialen azterketarik ez da izaten, ezta kolonialismoaren eraginaren edo eraginik ezarena ere. Arkadian ez dute Marxen beharrik. Nazionalismoak du erru guztia, monismoan oinarrituta egon ohi delako: hizkuntza bat, etnia bat, erlijio bat. Birds without Wings nobelak dioenez, Otomandar Inperioa ona zen; Turkia, estatu modernoa, txarra. Egia da hastapenetik ibilbide gorabeheratsua izan duela herrialdeak, oraindik ukatu egiten diren masakreak direla tarteko, baina Otomandar Inperioa ez zen paradisua, inperiorik paradisu izan ez den bezala. Halako pentsamendua, baina, ez dago kritikatzen duen diskurtsotik oso urrun. Bestea erromantizatzea, Rousseauren basati ona-ren asmakizunak egin bezala, ala deabrutzea, biak ala biak aurreiritzietan oinarrituta daude. Orhan Pamukek esan bezala, Mendebaldean «bidaia-literatura popularraren exotismo» eta «pobrezia eta ergelkeria apaintzeko joera duen nobela magiko-errealistaren» artean ibili ohi gara Ekialdeari «asmo onez» heldu nahi diogunean, eta txarrean… tira, Jainkotiar Komedia-ren garaitik aurrerapen handirik ez da egon musulmanak deabrutzeko prozesuan (ez, Charlie Hebdo ez zen horren apurtzailea).