Jon Rejado / 2015-03-14 / 760 hitz
Perez Gomezek uste du eskolek eman beharko lizkieketela umeei beren ikasketa prozesuan gidari izateko baliabideak, eta modua jarri beharko litzatekeela «irakaskuntza pertsonalizatua» egiteko.
Hezkuntza sistema egungo gizartearen beharretara egokitu behar da. Hori argudiatu du Ikastolen Elkartearen 23. Jardunaldi Pedagogikoetan Angel Perez Gomezek (Valladolid, Espainia, 1949), Malagako Unibertsitateko Zientzien Didaktikako eta Eskola Antolakuntzako katedradunak.
Zer da hitzaldian aipatu duzun hezkuntza pertsonalizatua?
Metodologia bat da, zeinaren bitartez haur guztien beharrak asetzen diren, dauden tokian daudela. Helburua da haren esku tresnak jartzea, baliabideak, hartara umeak berak bere burua eraiki dezan, haren grina, behar eta kezketatik abiarazita. Hau da, etorkizunean izan nahi duen pertsona hori eraiki dezan.
Ikasle guztientzako eredu bakarraren kontrako ereduaz ari zara, beraz?
Hori da. Gure gizartea irekia da, aldakorra, eta autonomia duten pertsonak behar ditu; erabakiak hartzeko gai direnak. Eta hori norberaren nortasuna garatzearekin batera dator. Ikasle guztiek gauza bera ikasten badute, leku berean, ordutegi berarekin, liburu berdinetatik, ebaluazio berdinekin… roboten moduan jokatuko duten pertsonak prestatuko ditugu. XIX. mendeko gizartean pentsatutako ereduan oinarrituta dago, lantegien produkzio kateetarako langileak behar zirenekoan.
Zer eskatzen du egungo gizarteak? Zer garatu behar du hezkuntzak?
Gizarteak pentsatzeko gaitasuna eskatzen du: autonomia, proposatzea, bitarteko bideak bilatzea… Hori lortzeko, heziketa pertsonalizatua behar da. Lehenik eta behin, eskolak komunikazioa ahalbidetuko duen testuinguru bat egokitu behar du, baita esperientziaren bidezko ikasketa erraztuko duena ere. Umea eskolara joango da gauzak egitera, ez era pasiboan entzutera. Deskubrituko ditu hamaika mundu, ekintzaren bidez: gizartea, artea, natura, kultura, zientziak…
Zer pauso eman behar ditu?
Zientzialariek egiten duten eran, eta ezagutza sortzen den moduan: ikusi, bereizi, hipotesiak egin, egoera ulertu, hipotesi horiek frogatzeko nola jokatu planifikatu, egin, aztertu… Prozesuan gaitasun guztiak garatuko ditu; eskolak hori erraztu behar dio.
Bidean, nola egin behar zaio aurre mundu digitalaren amaigabeko informazioari?
Orain arte, pertsonek informazio eskasia zuten, eta, gaur egun, kontrakoa gertatzen da. Eskolaren funtzioa aldatu behar da; oinarrizko informazioa igortzen duen erakundea izateari utzi, eta informazio egokia aukeratzeko tresnak ematen dituen erakunde bihurtu behar du.
Teknologia berriek zer leku izan behar dute eskolan?
Ezin dut irudikatu mundu digitala ez duen eskola bat. XXI. mendeko eskolak ikasgela iraulia proposatu behar du. Hau da, sarean dagoen hori bertan utz dezagun, edonoiz bertara jo baitezakegu. Gela barruko interakzioak, berriz, balia ditzagun eztabaidatzeko, zalantzak argitzeko, egitasmoak prestatzeko…
Ikasle guztiei informazio bera ez emateak ez al du auzitan jartzen ikasle guztiei eskaini beharreko aukera berdintasuna?
Orain arte oker hori egin dugu. Pentsatu dugu ume guztiei informazio bera ematean berdintasuna lortzeko bidean geundela; ez da hala. Bakoitzak eskolatik kanpo ikasitakoaren arabera barneratzen ditu eskolako edukiak: familia, ingurumari sozioekonomikoa…
Eta horren aurrean, zer?
Aukera berdintasunaz hitz egin beharrean, aukera baliokideez aritu beharko genuke. Ume bakoitzari behar duena eman, behar duen neurrian, nahi duen norabidean. Egongo dira umeak beren autonomia baliatuta beren kabuz aurrera egingo dutenak. Horrek modua emango digu behar gehien dutenengana gerturatzeko.
Horrek eskolen egitura aldatzea dakar. Nola egin behar da?
Espazioa, denbora, curriculuma eta irakasleen funtzioa aldatu behar du. Dena aldatu behar da, baina poliki joan gaitezen.
Zer proposatzen duzu curriculumean, adibidez?
Eduki gutxiago aukeratzea, baina sakonago jorratzea. Horrez gain, arazoen gainean lan egin behar dugu diziplinak baliatuta. Malgutasuna behar da espazioetan eta denboran, umearen beharretara egokitzeko. Irakasleak tutore izan behar du, ez informazio igorle.
Zer eginkizun hartu behar du ebaluazioak?
Ezin da zorrotza izan, denentzako irizpide berak jarrita. Ebaluatu behar dugu indargune eta ahulguneak jakiteko eta umeari jakinarazteko, ikaskuntza prozesuan aurrera egin dezan. Horrez gain, nolabaiteko aukeraketa egiten duten ebaluazioak daude: etsaminak. Derrigorrezko hezkuntzan, azterketek ez dute zentzurik. Etapa horietan ez da aukeraketarik egin behar; hortaz, zer zentzu du nota jartzeak?
Eta batxilergora pasatzean?
Batxilergora edota unibertsitatera igarotzeko azterketa egitea? Ados; hor ikusiko dugu zenbateraino garatu dituen gaitasunak. Dena den, azterketak bat etorri behar du ikasitakoarekin. Hau da, ez da buruz ikasitako informazioan oinarritu behar, arazoak konpontzeko gaitasunean baizik. Ebaluatu behar da ea ikasleek pentsatzen badakiten, eta ezagutzak aplikatzen.
Horren adibiderik?
PISA ebaluazio famatuak ez du aintzat hartzen buruz ikastea. Ikasleak ematen dioten informazioa erabiltzen dakien ebaluatzen du. Alde horretatik, PISAren ildotik joan gaitezen.
Kanpoko ebaluazio orokorrek ikasle bakoitzaren beharrei begira aritzea errazten dute?
Ez, ez direlako ebaluazio hezitzaileak. Ez die ikasleei hobetzeko aukerarik ematen. Ebaluazio horiek ez lukete eraginik izan behar ez ikasleengan, ez irakasleengan eta ikastetxeetan. PISAren hutsa da hiru alor baino ez dituela neurtzen: matematikak, natur zientziak, eta irakurketa eta ulermena. Eta gainerakoa? Herrialdeek, PISAn ondo atera nahi dutenez, eduki horiek lehenetsi dituzte, besteak horiek bezain garrantzitsuak badira ere, edo gehiago.
LOMCEk zer ekarriko du?
Atzerapausoa da. Proposatzen dituen kanpo ebaluazioak ikasle guztientzat izango dira, eta, hor, buruz ikasitakoa baino ez dute ikasiko. Horrek ez du zerikusirik gizarteak behar dituen gaitasunekin; sormena eta ikasleen banakotasunaren aurka doa.