Auzokritika

Angel Erro / 2015-03-05 / 161 hitz

Amak behin solasa atera zuen. Gutxitan jo izan gintuela. Gehienetan merezi genuelako. Gutxienetan merezi gabe baina (hor San Ignazioren aipu apokrifo bat gehitzen zuen) merezi genuenerako. Jo, benetan jo, bere aitak jo egiten zuen, arrazoirik gabe edo, esaterako, (hogeita zortzi urterekin!) ezkondu baino astebete lehenago etxera ordu erdi beranduago iristeagatik. Halere, amonak, beste behin, bere aitaren jipoiak kontatu zizkidan. Horiek bai arrazoirik gabeko belarrondokoak eta belarrondokoak ez direnak.

Orain ulertzen dut amarena nolabaiteko barkamen eskea bazela, seme-alabei garaiz emandako belarrondoko on baten hezibidearen egokitasuna guztiz (edo, derragun, ia guztiz) ezeztaturik zegoen garai batekoa. Orain gurasoren bat haur bat, negar egitetik edo geldi dadin, astinduz ikusi izan dudanean, zuzentze saiorik ez, baizik eta gurasoen porrota ikusten dut. Adineko jendea izan ohi da orain ekintza itsusten lehena.

Frantziako Estatua zigortu berri du Europar Batzordeak, eskoletako zigor fisikoa ez duelako espresuki debekatu nahi. Bitxia da, bortxakeriaren salaketa orokor eta xehetasunik gabekoaren garaiotan, horri eustea. Bitxia ez, onartezina. Barkatuko diote euskaldun bati auzokritika saio hau.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.