Juan Luis Zabala / 2015-03-08 / 1.204 hitz
Hamazazpi euskal idazleren testuak batu ditu Gema Lasartek ‘Ultrasounds: Basque Writers on Motherhood’ ingelesezko ipuin antologian. Ama eta amatasuna dute idazlanek gaitzat, eta emakumeak dira testuen egile guztiak. Gizartean nahiz euskal literaturan, amatasunak aldaketa handiak izan ditu azken hamarkadetan, antologiako idazleen eta apailatzailearen ustez.
Hauxe da lan polita / orain neregana / alboko lagunendik / etorri zaidana. / Bertsoak bota behar / dira hiru bana / hortan emango nuke / nik nahitasun dana: / beste ze-esanik ez da / esatian ‘ama’». Manuel Olaizola Uztapide-k publikoaren txalo hunkitua eskuratu zuen 1962ko Txapelketa Nagusian bertso horren bidez, «ama» aipatze hutsarekin, Joxerra Garziak Bertsolaritza liburuan (Eusko Jaurlaritza, 2012) azaltzen duenez. «Bertso bikaina» da Uztapideren hori, Garziaren ustez, «nahiz eta bere testuak ez daukan aparteko baliorik, poetika idatziaren teoriaren arabera», bertsolariak bete-betean asmatu zuelako publikoarengana iristen. «Uztapidek abesten dion ama», dio Garziak, «edozein ama da, ama bere horretan, han bildurik dauden guztiek ezbairik gabe partekatzen duten balio arketipiko bat. Gaur egun, ordea, ezein bertsolari ez litzateke ausartuko Uztapidek orduan baliatu zuen estrategia bera erabiltzera». Orain, bada, izan ere, zer esanik franko esatean ama; ama ez delako jada «guztiek ezbairik gabe partekatzen duten balio arketipiko bat». Amaren eta amatasunaren kontzepzioa eta pertzepzioa asko aldatu dira 1962tik hona, eta horrek adierazpen kultural guztietan izan du islarik. Literaturan izan duena nabarmen uzten du agerian Ultrasounds: Basque Women Writers on Motherhood (Ekografiak. Emakumezko euskal idazleak amatasunaz) liburuak. Euskaraz idazten duten hamazazpi idazlek —emakumeak guztiak— amatasuna gaitzat harturik idatzitako narrazio laburrak biltzen dituen antologia bat da, Gema Lasarte irakasle, idazle eta ikerlariak (Errenteria, Gipuzkoa, 1962) apailatua eta Renoko (Nevada AEB) CBS Euskal Ikasketen Zentroak ingelesez argitaratua.
«Elixabete Imaz antropologo feministak bere doktorego tesian esandakoa berrestera gatoz, euskal sendia eta amatasuna aldatzen ari direla, alegia, eta amak direla aldaketa horretako protagonista», azaldu du Gema Lasartek liburuaren hitzaurrean. «Imazen hitzetan amatasunaren eta sendiaren aldaketa genero harremanen inguruko eraldaketarik esanguratsuenetan kokatu behar da», dio aurrerago Lasartek. «Emakumeak aldatzen ari dira, eta eurekin, bikote harremanak eta familia. Imazek bere doktorego tesian dioenez, horren ondorio nagusiak hauek dira: sendi ereduen ugaritzea, amatasun berrien agerraldia eta ama izateko modu diferenteak». Ikuspegi bat baino gehiagotatik begiratu diete idazleek aldaketa eta ondorio horiei antologiako testuetan.
Azken urteotako aldaketarik nabarmenena askotan ia-ia sinonimotzat erabili izan diren bi kontzepturen arteko bereizketa da, Ana Urkizaren ustez: amatasuna eta emakumea. «Bereizi egin dugu batetik amatasuna eta bestetik emakumea. Hau da, emakumea, ama izateaz gain —ama izatera heltzen bada—, badela beste zerbait aldarrikatzen da: ez ama izateagatik bakarrik nortasuna duen norbait, baizik eta adimenduna, sentimenduduna… gizartean zein familian rol bat —baina ez bakarra— jokatzen duena edota jokatu ahal duena…».
Aldaketa horren ondoriorik nagusi eta begi bistakoena, Karmele Jaioren ustez, «umeen zaintza bikotekidearekin partekatzea izango litzateke; alegia, gizonarekin harreman heterosexualen kasuan».
Aldaketak «demokraziarekin eta dibortzioarekin» abiatu zirela uste du Maite Gonzalez Esnalek. «Prozesu baten barruan ikusten dut hori. Orain aldaketa horren zantzuak begi bistakoagoak dira. Gizonezkoek ezkutatzen ez duten neurrian, nabarmenago egiten den aldaketa bat da».
Aldaketa prozesuak ez du etenik, Gonzalez Esnalek ikuspegiaren arabera: «Soziologikoki aldatzen doan kontzeptu bat da amatasunarena, eta oraindik ez dakigu zer gertatuko den biologiak ireki dituen bide berriekin. Sabel alokatuen bidez eta ernalkuntza tekniken bidez, gero eta gehiago dira amarekiko —edo aitarekiko— lotura biologikorik gabeko umeak, eta auskalo horrek guztiak zer aldaketa ekarriko dituen».
Ikuspegi konplexuagoa
Gizartean izandako aldaketek ezinbestean izan dute islarik literaturan ere. «Aldaketa islatzen da, batetik, emakumezko idazleen obrek ahots ezberdinak ekarri dituztelako euskal literaturara», Urkizaren ustez. «Bestetik, emakumezko pertsonaiak biderkatu diren neurrian, orain arte zegoen ‘amari’ lotutako emakumearen irudia puskatu delako eta emakumearen —ama izan edo ez— barne mundua azaleratu delako».
«Dagoeneko ama ez da hain modu binarioan aurkezten», Katixa Agirreren iritziz. «Alegia, ez da sufritzen duen ama, bere umeengatik sakrifikatzeko beti gertu dagoena, batetik; edo ama kontrolatzaile eta kastradorea bestetik. Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik panpox da burura etortzen zaidan lehenengo eredua, amaren errepresentazio biribilago eta osoago bat bilatu nahi izanez gero. Baina gero etorri diren emakumezko askok gaia jorratu dute, eta diskurtsoa aberastu. Hala ere, asko dago idazteko oraindik amatasunari buruz».
Emakume idazleek egindako ekarpen nagusia «amatasunaren gaia bere konplexutasun guztiarekin publiko egitea» izan da, Jaioren ustez. Gaia plazaratzearekin batera, «amatasuna sentitzeko modu diferente eta askotan kontrajarriak erakutsi dituzte emakume idazleek» azken hamarkadetan. «Horrek erakusten du amatasunak ez duela zertan denentzat berdina izan, eredu tradizional bakarra ezarri bazaigu ere».
«Feminismoaren ‘pertsonala politikoa da’ leloari jarraituz», orain artean «intimitatearekin» lotzen zen gaia «eremu publikora» eraman du literaturak, Jaioren ustez. «Idazleek erakutsi dute amatasuna ez dela bakarrik naturarekin eta arlo intimoarekin harremanetan dagoen zerbait, baizik eta gizartearen ereduarekin guztiz lotuta doala. Zuk ama izateko ezarri dizuten eredua aldatzen baduzu, gizartea aldatzen ari zara. Eta zuk zure literaturan hori egiten baduzu, hein handi batean gizartea aldatzeko harea alea jartzen ere ari zara».
Bere konplexutasunean, amatasunarena gai «labainkorra» ere izan daitekeela ohartarazi du Agirrek, «berdintasunaren esparrura eramaten agian zailena, eta feminismo teorikoa bortizkien banatzen duena». Ama izan ondoren emakume askok lana uzten dutela ekarri du gogora Agirrek; batzuetan, «sistemak berak bultzatuta», lana galtzeko arriskua handiagoa delako oro har emakumeen kasuan gizonezkoenean baino; baina beste batzuetan amatasunari «mistizismo kutsua» eskainiz «ama zaintzara bakarrik dedikatzea ikuspuntu ustez aurrerakoi batekin legitimatzen duen filosofia» jarraituz.
Gizonek idatzitako literaturan askoz neurri txikiagoan ageri dira amatasunari —eta aitatasunari— buruzko ikuspegi berrien zantzuak, BERRIAk interlokutore izan dituen antologiako idazleen ustez, baina aintzat hartzeko moduko adibideak badaudela diote.
Amatasuna azken urteetan nola islatu, landu eta aztertu den erakusten du ‘Ultrasounds’ liburuak
«Mende askotan, gure literaturan, semeen eskutik eta ahotsetik etorri zaizkigu amak», esan zuen Arantxa Urretabizkaiak duela bederatzi urteko otsailean, Karmele Jaioren Amaren eskuak nobelaren (Elkar, 2006) aurkezpenean. «Eta semeen ama langilea da batez ere, eta izugarri sakrifikatua: egunean behin gutxienez, eta ahal bada hamar aldiz, ‘ni ez naiz ezer, besteak dira dena’ esaten du. Amak ama dira, eta ez beste ezer. Aitak, aldiz, epaitu egin izan dira, baina beren bizitza osoa kontuan hartuta; edo ez behintzat bakarrik aita diren aldetik». Euskal literatura amari buruzko beste ikuspegi bat —edo batzuk— ematen hasia zegoela esan zuen, ordea, Urretabizkaiak, Amaren eskuak adibidetzat erakutsiz. Apaltasunez bere burua aipatu ez bazuen ere, amaren bestelako ikuspegi bat lantzen aitzindaria izan zen Urretabizkaia bera Zergatik panpox nobela (Hordago, 1970) argitaratzean. Arantxa Iturberen Ai, ama! (Alberdania, 1999) izan zen beste mugarri bat. Euskal literaturak azken urteetan amatasuna islatzeko, lantzeko eta aztertzeko moduetan izan duen bilakabidea uzten du agerian Ultrasounds antologiak.
Amatasuna gaitzat —edo gutxienez gaien artean— duten 1983tik 2013 bitarteko ipuinak batuz, amatasunaren gaia erdigunean jartzeaz gain, «emakume idazleek hiru hamarkadaz ekoitzitako ipuingintza modernoa» erakustea ere bilatu du apailatzaileak, Lasartek berak hitzaurrean dioenez. Ipuingintza euskal literaturan «beranduen sortu den genero modernoa» izan arren, bi hamarkada nahikoa izan ditu «errotzeko», haren ustez. «1980ko hamarkadan hedatze handia gertatu zen, eta ordukoa da Arantxa Urretabizkaiaren lehen ipuin bilduma. 1990eko hamarkadan, Jasone Osoro eta Arantxa Iturberenak ezagutu genituen. Emakumearen agerpen garrantzitsua ipuingintzan, ordea, mende berriarekin hasi zen, orduan ezagutu baikenituen Eider Rodriguez, Uxue Apaolaza, Katixa Agirre, Karmele Jaio, Uxue Alberdi eta Ana Urkiza. Testuinguru horrek bultzatu zituen emakume idazleak literaturan duten zeresana aldarrikatzera, eta horren adierazgarri ditugu Gutiziak (2000) eta Orgasmus (2010) ipuin bildumak».
Ipuinen balio estetikoari eta literarioari ere garrantzia emanez, Lasarte idazle bakoitzaren 15 orrialde inguruko irakurketak eskaintzen saiatu da. Antologiak «mundu ikuskera berri bat» proposatzen du, «begirada intimoez baliaturik», Lasartek hitzaurrean dioenez, «emakumeak dituela protagonista nagusiki, amatasunaren gogoeta duela giltzarri, eta estilo eta tonu diferente ugari».