Estibalitz Ezkerra / 2015-03-08 / 722 hitz
‘Field Day’ antologiak ondo azaltzen du emakumezko egileek jasaten duten ikusezintasuna Irlandako literaturan. Bazterketa hori nazioaren inguruko diskurtsoan, ofizialean zein alternatiboan, gertatu da.
Antzerki eta, oro har, literatur ekoizpenaren bidez Ipar Irlanda —«bosgarren probintzia»— eta Irlandako errepublika batu nahi zituen Field Day egitasmoaren eskutik ikusi zuen argia 1990ean Irlandako letren antologiak, hiru liburukitan. Seamus Deane idazle eta literatur kritikariaren gidaritzapean, lanaren apailatzean parte hartu zuten egile guztiak gizonezkoak ziren, eta horrek, nonbait, eraginik izan zuen antologiaren edukian. Hain zuzen, lanaren egileek jaso zuten kritika nagusia izan zen emakumezko idazle, poeta zein antzerkigileei espazio eskasa eman zitzaiela. Are gehiago, Irlandaren nazio eta nortasun eraikuntzan giltzarri izandako emakumeak antologiatik kanpo utzi izana salatu zuten hainbatek. Beren huts egitea onartuz, laugarren liburuki bat osatzea beharrezkotzat jo zuten editoreek, kasu honetan emakumezko egileen gainean, eta haren apailatzea Irlandako literaturan aditu diren emakumeen esku utzi zuten; besteak beste, Geraldine Meaney, Mary O’Dowd eta Mairin Ni Dhonneadha.
Anekdota hutsa baino gehiago, Field Day antologiaren kasuak ondo azaltzen du emakumezko egileek jasaten duten ikusezintasuna Irlandako literatur sisteman; eta emakumeen bazterketa, oro har, nazioaren inguruko diskurtsoan, dela ofizialean dela alternatiboan, Field Day-k proposatzen duena bezala. Azken batean, Field Day egitasmoak oraingoz ezinezkoa den batasun politikoa, Ipar eta Hego Irlandaren artekoa, aurkezten du bere antologian literatur komunaren ideiaren bidez. Baina zentro eta periferia, Ipar eta Hego, kolonia eta kolonia ohi banaketak gainditu nahi dituen egitasmoak paradoxikoki zentro eta periferia berriak sortzen ditu generoari dagokionez. Liburuki bat, osoa bada ere, emakumezko egileei buruzkoa izateak ez du arazoa konpontzen, nabarmenago bihurtu baizik, areago emakumeek apailatua denean.
Dena den, esan bezala ezohikotik gutxi du gertaerak. Nazioaren gaineko lehen eztabaidetan, XIX. mendearen amaieran, antzeman zitekeen emakumeak bete beharreko tokiaren gaineko kezka, baina orduan plazaratutako hainbat ideia garatu gabe geratu ziren, handik urte gutxitara Hego Irlandak Britainia Handiarekiko independentzia lortu zuenean. Garai hartan, inperioaren kontrako matxinadetan Irish Republican Brotherhood (IRB, Irlandar Errepublikar Anaitasuna) taldeak, feniar ere baderitzenak, rol garrantzitsua jokatu zuen, baina hura aipatzen denean gizon jakin batzuen izenekin lotuta izaten da; John O’Learyrekin, esaterako, eta ez Ellen O’Learyrekin (1831-1889), poeta eta feniar ekintzaile garrantzitsua hura. Gehienez, esango zaigu Ellen Johnen arreba izan zela. Eta kito. Poeta moduan ere gutxitan azalduko da, bere poesia guztia IRBren egunkarian, The Irish People-n, argitaratua izan zelako —hil ostean, liburu batean jaso zuen Johnek—, eta helburu politiko argia zuelako: irlandarrak batzea Britainia Handiaren agintearen kontra. Bere lana, beraz, ezin da kanonaren arabera aztertu, sormen prozesutik bertatik kanonari kontrajarria zaiolako. David Lloydek literatura «txiki» moduan definitu ditu O’Learyren moduko lanak; «txikiak» dira ez balio gabekoak direlako, baizik eta eredu alternatibo bat proposatzen dutelako, kanonaren bazterrean sortua eta kanonak baztertua dena.
O’Learyren poesia politikoak izan bazuen aurrekaririk, hala nola Mary Anne Kelly O’Doherty, Ellen Mary Patrick Downing eta Jane Francesca Elgee Lady Wilde, baina haien izenak ere gutxitan aipatzen dira. Haien lanak, eta O’Learyrenak bereziki, britainiar gobernuaren aurkako iraultza defendatzearekin batera, mugimendu feniarrarekin bat zetorren emakumezko nortasun nazionalista proposatzen zuen, orduan indarrean zen emakumezkotasunari buruzko ikuspegi britainiar viktoriarrarekin talka egiten zuena. Ikuspegi horrek emakumea etxeko esparruan kokatzen zuen eredu moral moduan —«etxeko aingerua»—. Emakume feniarrek, baina, gizonezkoek menperatutako esparru politikora jauzi egin nahi zuten.
IRB saiatu zen O’Leary eta antzeko kideei tokia egiten, baina mugimenduaren barruan kontraesan nabarmenak zeuden The Irish People egunkarian argitaraturiko Irlandako emakumea editorialak argi utzi zuen bezala. Han zera esaten zaigu: «… herri-gatazka ororen historian, emakumeen heroismoak eta debozioak garaipenari distira handiagoa ematen diote, eta porrotaren aurrean babesa eskaintzen dute. Limerickeko batailaren marea gorriari lotu zitzaizkion emakumeak… Holofernesen bururik gabeko gorputzetik odola isuri zenetik, Historiak baltsamatu dituen horiek bezain heroikoak dira. Baina bere esparrua duen horretan lagun diezaioke emakumeak bere aberriari ondoen. Bere egiteko nagusiak ditu betebeharraren sena piztea axolagabearengan, zalantzatia lotsaraztea lanari ekin diezaion, ausarten egiteko gogorra samurraraztea».
Aberria sukaldetik eginez
Judithek Holofernesi burua mozten dion pasartearen aipamena eginez —emakume batek eginiko indarkeria politikoaren adibide ezagunenetako bat—, Limerickeko emakumeek hiriaren setioan Ingalaterrako William II.aren soldaduen aurrean azaldutako adoreari lotuz, paradigma patriarkal kontserbadorearen kontra egiten du editorialak, eta emakumeen parte-hartze politikoa aintzat hartu. Hala ere, jarraian esaten zaigu emakumeak etxeko esparruan lagun diezaiokeela «bere aberriari ondoen», emakumea politika eta gerraren esparruetan gehiegi sartzeak eragiten duen ezinegona azaleratuz. Ezinegon hori berriro agertu zen 1916ko altxamenduan zein 1922-1923ko gerran, eta nazio-estatu sortu berriarekin ez zen kontua erabat argitu, azkenean emakumeek bozkatzeko eskubidea lortu bazuten ere. Hortik O’Leary entzutean John etortzea gehienei burura. Ez Ellen, poeta eta ekintzailea.