Estereotipoak bestela ikusteko

Asier Garcia Uribarri / 2015-03-24 / 1.101 hitz

Hainbat ikerketaren arabera, hiru gaztetik batek ez du indarkeria matxistatzat hartzen bikotekidea kontrolatzea. Industria kulturaletik jasotzen dituzten maitasun erromantikoaren irudiak eta sinesteak «deseraikitzeko» beharra dagoela nabarmendu dute hainbat adituk.

Genero indarkeriari dagokionez, gazteek oso ondo ikasita daukate politikoki zuzena den diskurtsoa». Hala dio Izaskun Guarrotxena Urtxintxa eskolako kideak. Azken urteotan azaleratu diren hainbat ikerketak adierazten dute gazteen %90 baino gehiago genero indarkeriaren aurka daudela. Baina zer da bortizkeria mota hori? Zer da haientzat onargarria, eta zer ez? Gazteek ez dituzte onartzen indarkeria fisikoa eta sexuala; ordea, gazte ugarik ez dute kontrol psikologikoa indarkeriatzat jotzen.

Genero indarkeriaren gizarte pertzepzioa nerabezaroan eta gaztaroan lana aurkeztu zuen urtarrilean Espainiako Gobernuko Genero Indarkeriaren Aurkako Bulegoak. Ikerketa horren arabera, gazteen heren batek ez du indarkeriatzat jotzen bikotekidea kontrolatzea. Urtebete lehenago gizarte osoan egindako beste ikerketa batekin alderatuta, bi puntugatik baino ez bada ere, 15-29 urte artekoak gainontzeko adin taldeetakoak baino toleranteagoak dira kontrolari dagokionez. Veronica De Miguel Malagako Unibertsitateko irakaslea da, eta txostena idatzi zuen. Ez du uste egungo gazteak matxistagoak direnik: «Kontuan izan behar da nerabeek parte hartu dutela ikerketan, eta nerabeek bizitza zuri eta beltz ikusten dutela. Pentsatu nahi dut urteak aurrera egin ahala iritziz aldatuko dutela».

Guarrotxenaren aburuz, berriz, gazteek argi dute indarkeria sexistari aurre egin behar zaiola. Hala ere, bikote harreman eta maitasun gaiak lantzerakoan, gauza ugari oso barneratuta dauzkate: «Indarkeria, sare sozial eta kontrolaren inguruko eztabaidak planteatzerakoan, gazteen diskurtsoak ez dira horren zuzenak». Ideia bera nabarmentzen du EHUren txosten batek ere. Espainiako Gobernuak publikatutako datuen antzekoak biltzen ditu Genero indarkeria nerabe eta gazte bikoteetan 2008an egindako ikerketak. Mila Amurrio Soziologia irakaslea da egileetako bat, eta, haren ustez, kontrolaren ideia oso zabaldua dago nerabe bikoteen artean. «Kontrola bikote harremanaren osagai bat dela uste dute. Uste dute horrelakorik ez badago harreman horretan gauzak ez direla ondo joango».

Horren funtsezko osagaia maitasun erromantikoaren ideia dela uste du Amurriok. Azaldu duenez, oinarri hori duten erlazioek «botere harreman asimetrikoak» sortzen dituzte, eta, horren ondorioz, nesken indibidualizazio prozesuetan gatazkak sortzen dira. «Euren espazioa irabazi eta euren erabakiak hartu ahala, neskek talka egiten dute harreman eredu horrekin». EHUk egindako ikerketan unibertsitateko lehen mailako ikasleekin ere lan egin zuten, eta, ondorioztatu zutenez, bazegoen aldea adin horretako emakumeen eta nerabeen artean. Kontrolaren inguruko beste pertzepzio bat dute: «Ikusten da ikaskuntza prozesua egon dela, esperientzia bat bizi izan dutela eta jantziagoak daudela».

Kultura ereduen menpe

Urtxintxa eskolako kideek bederatzi urte daramatzate Eraldatzen proiektua lantzen. Eskoletan sei eta zortzi orduko tailerrak eskaintzen dituzte; besteak beste, sexu-genero sistema aztertu, indarkeria sexista definitu eta harreman osasuntsuak sustatzen dituzte. Emaitzak ikusteko denbora behar da, baina, Urtxintxako kideen arabera, herri batzuetan nabaritzen hasiak dira urteak daramatzatela lanean.

Eskoletan lan egiteaz gain, aisialdi begirale izateko ikastaroak ere ematen ditu Urtxintxak. Hainbat alor lantzen dituzte, hala nola hezkidetza, sexualitatea eta heziketa afektibo sexuala. «Xedeetako bat da etorkizuneko begiraleek ulertzea berdintasunean lan egitearen eta heztearen garrantzia».

Nolanahi ere, nerabeen artean estereotipoak dira nagusi. Hala uste du EHUko irakasleak: «Gaztetxoek eta nerabeek estimulu kultural asko jasotzen dituzte, sarean eta telebistan adibidez, maitatzeko eredu jakin batzuk eta bikotekidea izateko beharra bultzatzen dutenak». Amurrioren ustez, mutil bati «estatusa» ematen dio neska askorekin ibiltzeak, mutilen artean ez ezik, nesken artean ere. Neskekin, ordea, ez da gauza bera gertatzen. «Neskek ezin dute desirarik adierazi. Mutilek urdanga deituko diete, eta nesken artean ere estatusa galduko dute». Ez da erraza gai horiek nerabeekin lantzea: erresistentzia ugari aurkitu dituzte ikerlariek. Genero indarkeria nerabe eta gazte bikotetan lana egin zutenean gizonezko lankide baten laguntza behar izan zuten mutilekin hitz egiteko, emakumezkoekin ez baitzuten askorik parte hartzen talde elkarrizketetan.

Adituek uste dute hezkuntza formalean eta ez-formalean ahaleginak egin behar direla eta egiten direla mezu horiei aurre egiteko. Malagako Unibertsitateko irakaslearen aburuz, instituzioek eskoletan lan handia egin behar dute, eragin dezaketen gune bat baita. Lan hori gazteekin bakarrik ez dela egin behar uste du, bestalde, Amurriok. «Oso errotuta daude mendeko harremanak oinarri dituzten maitasun ereduak. Horiek deseraikitzea ez dagokie bakarrik bikote gazteei; gizarte osora zabaldu behar da. Baina hori oso konplexua da». Alde horretatik, nabarmendu duenez, harreman motak aldatzeko emakumeak ahalduntzea bezain garrantzitsua da bestelako gizontasun ereduak bultzatzea: «Feminismoari esker lortu dugu hainbat feminitate eredu lortzea. Baina maskulinitateari dagokionez, ez dugu askorik aurreratu».

——————

«Ulermena da gakoa»

Teknologiak eta sare sozialek irauli egin dute komunikazioaren mundua. Aldaketa horiek erlazioetan nola eragin duten ikertu du Ianire Estebanezek.

Askotan obsesio bihurtu da beste pertsona konektatuta dagoen jakitea». Hala dio Ianire Estebanez psikologoak (Santurtzi, Bizkaia, 1979). Urteak daramatza gazteekin lanean, bikote erlazio «osasuntsuagoak» izan ditzaten. Teknologia berriek eta sare sozialek erabat aldatu dituzte harremanak. Hori dela eta, hainbat ikerketa egin ditu.

Teknologia berriak eta kontrola. Bikote harremanetan arazo ugari sor ditzakete. Estebanezen arabera, kontrajarritzat jo daitezkeen bi arazo daude. Batetik, informazio falta: mezu bat jasotzen duenak, emotikono asko baditu ere, ez du testuan dagoena baino informazio gehiago; mezua bidaltzen duenak ere ez daki nola dagoen hartzailea: nekatuta dagoen edo zebra bidea gurutzatzen ari den. «Ulermena giltzarri da bikote harremanetan».

Bestetik, sarean informazio mordoa dago eskura. Batek jakin dezake bikotekideak zer esan dion norbaiti sare sozialetan, baita lagun gisa nor duen ere. Bikotekidearen iruzkinak kontrolatzeko beharra gero eta ohikoagoa dela uste du Estebanezek. «Sareak ematen du aukera lehen pribatuak ziren hainbat komunikazioren berri jakiteko. Lehen ezinezkoa zen».

Kontrolak gora egin badu ere, Estebanezen ustez, hori ez da gazteak kontrolatzaileagoak direlako, baliabide gehiago dituztelako baizik. «Lehen, norbaitekin hitz egiteko, deitu edo geratu egin behar genuen; nolabaiteko baimena eskatu behar genuen. Orain, uste dugu pertsona bat konektatua badago libre dagoela». Hori kudeatzen jakitea oso garrantzitsua da erlazioak era osasuntsuan garatzeko. Hitz egiteko uneak markatzeaz gain, arazo handiak sortzen ditu bakoitza azken aldiz noiz konektatu den jakiteak. Bikotekideak zer egin duen kontrola daiteke.

Gazte eta nerabeekin teknologia berriak hobeto erabiltzeko tailerrak egiten ditu Estebanezek. Arazoetako bat da gazteak ez direla konturatzen Interneten jartzen dutena edonork ikus dezakeela. «Sinetsi dugu sare sozialak erlazioetarako direla, baina komunikabideak dira. Informazioa zabaltzeko aukera asko dute». Horregatik, uste du garrantzitsua dela sare sozialen hedapenaz kontzientzia hartzea. «Adibide hau jartzen diet: zer egingo zenuke orain agertoki batean egongo bazina 20.000 pertsonaren aurrean? Sare sozialetan berdin gertatzen da, baina norberak ez du publikoa ikusten».

Idazten dena edonork irakurtzeko aukera izateaz gain, kontuan hartu behar da idatzitakoa sarean geldituko dela. «Jendea harremanak sarean bizitzen ari da. Nerabe askok sare sozialak erabiltzen dituzte sentimenduak adierazteko». Estebanezek ohartarazi du une jakin batean idatzitako mezuek, testuingururik gabe, hainbat arazo sor ditzaketela.

Horri aurre egiteko, Estebanezek gomendatu du «konexiorik gabeko uneak hartzea». Hau da, telefonoa edo sare sozialak erabili behar ez diren uneak gordetzea. Horrekin batera, gogoeta egitea ere aholkatu du. «Obsesionatuta gaudela ikusten dugunean gelditu behar dugu, eta hori zergatik gertatzen ari den pentsatu». Teknologia berriak baliabide garrantzitsuak dira. Baina ezin dira ezinbestekoak bilakatu. «Aho biko ezpata da».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.