Saioa Alkaiza Guallar / 2015-03-14 / 652 hitz
Ibon Sarasola hizkuntzalaria omendu dute, hiztegigintzan eta literaturgintzan jorratutako bidea eskertzeko asmoz.
‘Ibon Sarasola, Gorazarre’ liburua kaleratu dute, 71 egileren artean taxutua.
Hamabost urte zituen garaiekin oroitu da Ibon Sarasola. Etxean, anaiarekin, gaztelera urrian izandako lehenengo elkarrizketekin. «Ondo hitz egin!», esan zien orduan aitak semeei. Eta iltzatuta geratu zitzaion unea: euskaraz egin behar zutela esan nahi baitzien. Horrek hizkuntzarekiko sena piztu zion. Eta urteen joan-etorriarekin, gogoa hauspotu baino ez zaio egin. Literaturan aritua, hiztegigintzan trebatua, itzultzaile zaildua… Aldeaniztuna da Sarasola. Ertz askotarikoa. Horregatik, atzo ibilbide oso horri gorazarre egin nahi izan zioten EHUko kideek Donostian egindako omenaldian. Haren urratsak gogora ekartzeaz gain, Ibon sarasola, Gorazarre. Homenatge, Homenaje liburua ere aurkeztu zuten, 71 egileren artean osatua eta Beatriz Fernandezek eta Pello Salaburuk atondua.
Orotariko Euskal Hiztegia eta Egungo Euskararen Hiztegia. Horiek Sarasolaren sorkuntza kutunak. «Historiarako geratuko diren bi lerro», Pello Salaburu irakaslearen iritziz. «Berari esker, euskarak inoiz izan duen hiztegi aberatsena dugu».
Haren obra, baina, hori baino askoz gehiago ere bada. Ez da makala gero ingeniari eta hizkuntzalariak kaleratutako lanen zerrenda: poesia eta eleberrien arloan, Poemagintza eta Jon eta Ane zigarro bat erretzen, esaterako; eta hizkuntzalaritzan, berriz, Euskara batuaren ajeak, Euskal literaturaren gidaliburua, Euskal literatura numerotan eta Euskal literaturaren historia, besteak beste.
Dena dela, euskarari eskainitako lana nabarmendu zuten, batez ere, ekitaldian. Pasadizo baten bidez harilkatu zituen gogoetak Goenagak. Patxi Altuna euskaltzainak kezka omen zuen Koldo Mitxelenaren lekukoa nork hartuko. Goenagak, berriz, argi eta garbi ikusten zuen: Sarasola bera izango zen. Atzo, harro oroitu zen anekdotarekin, orduan begitandutakoa bete dela sinetsirik: «Gaur, Mitxelenaren oinordekorik bada, berau da».
Miren Azkarate euskaltzainak ere goraipatu zuen omendutakoak egindakoa. «Orotariko Hiztegitik aurrera hiztegiak ez dira berdinak izan, eta Egungo Euskararen Hiztegitik aurrera ez dira berdinak izango». Egungo Euskararen Hiztegia sarean besterik ez dago. Bide beretik, euskal lexikoaren «altxorra» biltzea eskertu zion.
Ergatibotasunaren maisu
«Zenbat horrelako hiztegi ez ote dira geldiarazi edo bertan behera utzi?». Galdera airean utzi zuen Blanca Urgell irakasleak. Eta Sarasolak zailtasunen aurka aurrera egin duela oroitarazi. Beñat Oihartzabal euskaltzainak, berriz, Iparraldeko ondarea Ibon Sarasolaren lanetan mintzaldia eskaini zuen, eta hizkuntzalariak mugaz bi aldeetako hizkuntz batasunaren alde landutakoa azaldu zuen. «Hastapenean euskara batu hori Hegoaldean moldatua izan bada, gero euskara batu hori bortxarik gabe, kalapitarik gabe, onartu dute Iparraldeko euskaldunek, ikusi baitute beren ondarea horretan izaten zela».
Eta beste hari mutur bati egin zion tira Itziar Laka irakasleak: gramatikari. Ergatibonatasunaren inguruan Sarasolak jositako ikerketa hartu zuen mintzagaitzat. «Ibonen hipotesia ergatibotasun morfologikoaren lehenengo aitzindaria da».
Bukaera aldean, Josu Landa idazleak hartu zuen hitza, Sarasolak itzuli berri duen Julio Cortazarren obra baliatuz, omendutakoaren ibilbidea kronopioen izaerarekin alderatu zuen. «Euskal kronopiorik existituko balitz, beharbada, kronopio horrek gaztetan Poemagintza izeneko poema liburua argitaratuko zukeen. Eta garai bertsuan, apika, Voltaireren Kandido itzuliko zuen, Franco hiltzeko hiru urte falta zirelarik».
Euskal kronopiorik balego
Hiztegiak taxutzeko prozesua ere izan zuen hizketagai: «Kronopio hipotetiko horrek euskal literaturaren historia idatzi ondoren, sozialak eta bestelakok, euskal literatura numeroetara ere eraman nahi izan zuen, beti oso harro egon izan baita inoiz ogibide izan ez duen ingeniero, ingineru edo ingeniari formazioaz eta izaeraz. Horregatik ere, agian, 1980an hizkuntzalaritza konputazionalaren bidea sortu zuen gurean».
Lehengoaz gogoratzeaz gain, egungoak ere aipatu zituen: «Delako kronopioak 67 urte zituenean euskararen akademian zituen ardurak eta lanak utzi egin zituen. Dimititu egin zuen. Gazte errebelde bati egokiagoak litzaizkiokeen formak eta hitzak erabiliz. Kronopioak ezin geldirik egon. Itzulpenak egiteari lotu zitzaion, ostera». Erradiografia marraztu zuen. «Behartuta baizik erretiroa hartuko ez duen alegiazko kronopio honek auskalo zer ekarriko digun etorkizunean».
Sarasolak hitz egin zuen azkena, gogoeta moduan. «Erabilerak agintzen du, eta men egin behar diogu». Aldarria eta umorea uztartu zituen. «Kontua batasuna da: gora emendatu, gora domeinu, gora likidezia!», esan zuen, gatazka sortzen dioten hiru euskal hitzi erreferentzia eginez. Eta ildo berari eutsi zion solasari, garai bateko erabakiak ardatz: «Imajinatzen duzue gaur egun inork krokodilo proposatzea? Inork ez lioke kasu egingo!». Bukatzeko, batasunaren alde mintzatu zen: «Ni aurrera aterako diren gauzen alde nago. Betoz corpusak! Eta batasuna saia gaitezen egiten gehien erabiltzen diren hitzen bidez».