Ainara Arratibel Gascon / 2015-03-11 / 999 hitz
Sentitzen, egiten eta pentsatzen den guztia da garunak agindua. Horren garrantzitsua izanda, zainketa berezia eskatzen duen organo bat da. Fisikoki eta intelektualki aktibo egotea eta ondo elikatzea da horretarako gakoa.
Ezezaguna bezain konplexua». Halaxe definitu du Donostiako Basque Center on Cognition, Brain and Language zentroko (BCBL) ikertzaile Ainhoa Bastarrikak gizakiaren burmuina. Adibide argigarri batekin azaldu du. «Bada zizare bat berrehun bat neurona dituena. Neurona horiek guztiak ezagutu, eta haien arteko lotura argitu ahal izan da. Baina ezin izan da ulertu eta azaldu zergatik egiten duen egiten duena. Milioika neurona ditugula kontuan hartuta, pentsa zein zaila izango den lotura eta jarrera horiek argitzea gizakion kasuan». Dena den, zientziak eta teknologiak ekarritako aurrerakuntzei esker, pixkanaka gero eta gehiago ezagutzen da garunaz eta haren funtzionamenduaz. Ikerketa guztiak bat datoz gauza batean: fisikoki eta intelektualki aktibo egoteak modua ematen duela neuronen arteko loturak mantentzeko nahiz areagotzeko, eta burmuinak malgutasunik ez galtzeko. Izan ere, urteetan pentsatu zenaz bestera, dena ez da genetika kontua, eta garuna zaindu eta entrena daiteke.
Pertsonak hizkuntza bat nola ikasten duen, nolako mugimenduak egiten dituen, eskuina edo ezkerra den, nolako arreta eta nortasun mota duen… Gauza asko daude burmuinak baldintzatuta. Neurologo askok diote pertsona bakoitza bere burmuinaren araberakoa dela. Gizakiaren egunerokoa horrenbeste baldintzatzen duen organo hori, baina, jaio aurretik hasten da garatzen; umea amaren sabelean dagoenean. «Informazioa jasotzen ere hasten da: adibidez, soinuak. Oso garrantzitsua da adin horretan umekiari estimuluak ematea», azaldu du Patricia Diasek, BCBLko ikertzaileak. Burmuinaren garapenak 21 urte arte iraungo du. Azal frontala izaten da adin horretara iritsi arte garatzen dena, batez ere.
Garuna bi hemisferiotan banatua dago, eta hainbat gunez osatua dago. Eskuinak lotura gehiago du sormenarekin; ezkerrak, berriz, logikarekin. Ataletan banatuta daude, eta bakoitzak ditu bere funtzioak. Neuronak dira, dena den, burmuinaren osagai ezagun eta garrantzitsuenak. Azken baten, haien arteko konexioei esker iristen da informazioa garunera, eta, horren arabera, pertsonak jasotzen dituen estimuluei eta sentipenei erantzuten die.
Jaiotzean, bizitza osoan baino neurona gehiago daude garunean. Milioika dira. «Orduan, burmuinak oraindik ez daki zertan espezializatu behar duen. Jasotzen dituen estimuluen eta dituen beharren arabera, neuronen arteko bideak eta konexioak ezarriz joango dira. Horregatik esaten da haurtzaroa erabakigarria dela burmuina garatzeko orduan», berretsi du Bastarrikak. Adinean aurrera joan ahala, erabiltzen ez diren edo baliagarriak ez diren neuronak hilez joango dira. «Zenbat eta estimulu gehiago, orduan eta konexio gehiago izango dira. Pixkanaka joaten dira finkatuz. Denboran zenbat eta gehiago iraun, finkoagoak eta eraginkorragoak izango dira», esan du BCBLko beste ikertzaileetako batek, Myriam Oliverrek.
Ondo zaindu beharra
Atalei erreparatuz, guztiak dira beharrezkoak eta garrantzitsuak. Baina jendearen artean interes gehien pizten dutenak lobuluak dira, bai frontala eta bai aldeetakoak. «Frontalaren eginkizunetako bat erabakiak hartzea da, eta, horregatik, garrantzi berezia dauka», argitu du Diasek. Horrekin batera, hauek dira dituen beste funtzioak: mugimendua, nortasuna, kontzentrazioa eta umorea. Alboetako lobuluek badute zeresana, bestea beste, hizkuntzaren ikasketarako duten eraginagatik. Atzealdean, berriz, begien bidez ikusitakoa islatzen da. «Zentzumen bakoitza gune bati dago lotuta».
Dena den, ikuspegi horretatik harago joan behar dela nabarmendu du Diasek: «Lehen, uste zen gune bakoitzak bere kabuz funtzionatzen zuela, baina elkarri lotuta funtzionatzen dute». Horren garrantzia gogorarazi du Oliverrek.
Askok uste badute ere genetika kontua dela, burmuinak zainketa eta arreta eskatzen du, gorputzeko gainerako organoekin gertatu bezala. Zainketa eta arreta horretan hiru dira gakoak: intelektualki eta fisikoki aktibo egotea, eta ondo elikatzea. Intelektualki aktibo egoteak garunaren malgutasuna mantentzen laguntzen du. «Burmuina ere entrenatu egin behar da», esan du Diasek. Denbora-pasak, memoria eta logika ariketak egitea, musika tresna bat jotzea eta irakurtzea baliagarria da, adibidez, entrenamendu horretarako. «Oso mesedegarria eta komenigarria da adineko pertsonek ere ariketa intelektualak egiten jarraitzea, izan ditzaketen galera kognitiboak saihesten laguntzen baitu», azaldu du Bastarrikak. Alzheimerraren gisako gaixotasunak dituzten pertsonekin ere lanketa hori egin behar dela erantsi du Oliverrek. «Gaixotasuna mantsoago hedatzen laguntzen du».
Egun, ordea, teknologia berriek jarduera intelektual hori txikiagoa izatea eragin dezaketela ohartarazi du Bastarrikak. Adibide sinple bat jarri du hori azaltzeko. «Sakelako telefonorik ez genuenean, telefono zenbakiak ikasi egiten genituen, eta buruan gorde; orain, berriz, denak sakelakoan gordeta dauzkagunez, ez ditugu ikasi behar». Oliverrek ñabardura egin du horren inguruan. «Agian, lehen egiten genituen jarduera intelektual batzuk ez ditugu egiten, baina teknologiek beste batzuk egitea ekarri dute». Bastarrikarentzat, gakoa memoria eta ezagutza lantzea da. «Ikasten jarraitzea, azken batean».
Kirola egitea ere beharrezkoa dela azaldu du Diasek. «Horrek gorputza osasuntsu edukitzen laguntzen digu. Gorputza osasuntsu edukita, garuna ere hala egongo da. Izan ere, gorputz atal bat da. Horri lotuta dago ondo elikatzea ere». Elikaduraren eragina neurtzea, dena den, zaila dela onartu du Oliverrek. «Ez da erraza neurtzea eta jakitea noiz hasten den jaten duguna eragina izaten».
Ondo zaintzeaz gain, garunari ahalik eta etekin gehien ateratzeko, hirurek ezinbestekoa ikusten dute haren erabilera ezagutzea. «Gaur egun, ikuspegi zientifiko batetik oso gutxi dakigu oraindik burmuinaren funtzionamenduaz», azaldu du Bastarrikak. Den den, berrikuntza teknologiko eta zientifikoei esker, ezagutza handituz doa. «Garai batean, garunak aztertzeko aukera bakarra autopsiak izaten ziren. Orain, berriz, aukera dago ebakuntzetan aztertzeko; baita erresonantzien bidez ere. Ebakuntzak, gainera, teknika ez-inbasiboekin egiten dira. Beraz, aukera dago pertsonak bizirik daudenean egiteko. Behin informazioa edukita, argitu behar da zer dagoen horren atzean». Zientzialarietatik harago gizarteak oro har ezagutza gehiago izan beharko lukeela esan dute. «Hori jakinda, ziurrenik hainbat jokabide aldatuko genituzke gure egunerokoan», esan du Bastarrikak. Ezagutza hori sustatzeko asmoz, Garunaren Astea egiten ari dira egun hauetan BCBLen.
Norberaren jarreretatik harago, beste hainbat gauza aldatuko lirateke. Adibidez, hizkuntzak irakasteko modua. «Metodologia aldatu egingo litzateke. Adibidez, euskara hizkuntza garden bat da. Hau da, idazten den moduan ahoskatzen da. Ingelesaren kasuan, ordea, ez da horrela gertatzen. Hori dela eta, euskara irakasteko erabili behar diren metodoek silabak izan behar dituzte oinarri. Ingelesaren kasuan, berriz, hitz osoak. Azken batean, burmuinaren ibilbide desberdinak erabiltzen dira hizkuntza horiek ikasterakoan».
Argitu ahal izan duten beste gauza bat zera da: jaiotzetik asko hitz egin eta irakurri behar zaiela umeei: «Horrela, konexio horiek indartu egingo dira, eta haurra hizkuntzaren patroiak hartuz joango da, nahiz eta iruditzen zaigun ez digutela ulertuko», dio Oliverrek. BCBLen egin dituzten ikerketetan ikusi dute hori. «Hilabete gutxiko haurrak gai dira beren ama hizkuntza beste hizkuntzetatik bereizteko, argi eta garbi, gainera». Elebitasunaren garrantzia ere defendatu du.