Mikel Iriondo / 2015-03-08 / 208 hitz
Azken urte hauetan datu genomikoekin egindako ikerketak informazio ugari ematen ari dira giza populazioen historiaren inguruan. Hemen aurkeztuko dudan lanean antzinako indibiduoen genomak aztertu dituzte eta Europan izandako antzinako migrazioen berri eman digute hizkuntzen jatorrian sakontzen duten bitartean. Nature aldizkarian aurki argitaratuko den artikulu batean, Haak eta lankideek orain dela 8.000 eta 3.000 urte arteko 69 europar indibiduoren aztarnetan ia 400.000 SNP aztertu dituzte, beste indibiduo zaharrago batzuekin alderatuz. Horrelako informazioarekin gai gara indibiduo bakoitzaren genomaren zati bakoitza zaharragoak diren populazioekin erlazionatzeko. Horrela, artikulu horretan aurkitu duten emaitzarik nabarmenena hau izan da: Errusiako estepetatik Europako mendebalderantz migrazio handi bat gertatu zela orain dela 4.500 urte inguru, garai hartako Erdialdeko Europako populazioen genomek estepetako populazio zaharrago batean baitute jatorria portzentaje handi batean.
Nahiz eta indibiduo baten genomak ez digun esaten zein hizkuntza erabiltzen zuen, datu genomiko horiek bat datoz hizkuntzalaritzak eta arkeologiak proposaturiko kurganen hipotesiarekin. Hipotesi horren arabera, Europan zeharreko hizkuntza indoeuroparren hedapena estepetatik migraturiko abeltzainekin batera gertatu zen, eta ikerketa berri honek zenbait hizkuntza indoeuroparren hedapena horrela gertatu zela frogatu du. Datu genomiko berriak zientziaren beste arloek proposaturiko hipotesiak baieztatzeko edo baztertzeko erabilgarriak dira oso, batez ere orain dela milaka urtetako aztarnak aztertzen badituzte. Era horretan, etorkizunean gure historiaren parte handi bat berreraikitzeko gai izango gara… Zirraragarria benetan…