Ibon Aranberri / 2015-03-15 / 555 hitz
Noizbehinka pizten den eztabaida da ikusmen estereoskopikoko gailuak umeei debekatu beharrarena. 3D pelikulek eta bideo jokoen espazio birtualak ikusmen sisteman izan ditzaketen ondorio kaltegarriak hartzen ditu kontuan debekuaren defentsak. Argudiatutakoaren arabera, errepresentazio teknologiaren erabilera ez litzateke gomendagarria sei urtetik beherakoentzat, eta neurriz hartu beharrekoa hamahiru bitartekoentzat.
3D eremuari begiratzeak eragin ohi digun zorabio puntuaz harago, kaltearen zenbaterainokoaz ez da oinarri zientifikoko ikerketarik. Hiru dimentsioko animazioei so urteak daraman jendearengan ere ez da antzeman luzera begirako ondorio nabarmenik. Litekeena da, baina, 3D teknologiak espero gabeko ondorio neuro-fisikoak eragitea gugan.
Errenazimentu garaian hedatutako perspektiba linealaren garapenak ere eragin zituen zorabio, gatazka eta debekuak. Paisaia eta eszena piktorikoetan irudikatutako eremu errepresentazio lerrokatua jasangaitz zitzaion ikusle xeheari, bi dimentsioko gainazal ordenara ohitua baitzen. Iruzurtzat hartu zen teknika espazial berria.
Ikusmen sistema nabarmen eraldatuz joan ohi zaigu bizitzan zehar; garun zirkuituak bereziki daude 3D ikusmen teknologiari lotuta. Gizakiak jasotzen duen behatze esperientziak izango luke eraginik gerorako zirkuitu binokularren garapenean. Oharpen horien arabera, kontu handiz aintzat hartu behar genuke teknologia berriek gugan izan dezaketen efektua. Bestela esanda, hiru dimentsioko objektuekin eta eremu artifizialean gehiegi eta goizegi aritzeak erretina funtzionamendua eta zirkuitu neuralen garapena mugatu dezake. Hipotesia besterik ez da.
Interesgarria da ohartzea —lekarren arriskuarekiko dudakor agertzearen segurtasunetik— aspalditik bizi garela simultaneoki inguratuta hiru dimentsioko eremu konplexu eta murgilkorretan. Eraikitako paisaiak arras konplikatuak dira, asmoz askotariko eta nahasle diren distantzia fokalen baitan. Horixe besterik ez da-eta arkitektura deitu ohi diogun antolakuntza forma hedatua.
Antzeko logikaz, planifikatutako eraikinek berez duten orientazio eta artifizioak mugatua behar ote luke adin jakin batetik beherakoentzat? Ez da zaila imajinatzen halako debekua muturrera eramaten, aldarrikatuz hiru dimentsioko hainbat egitura esanguratsuren espazio mota ez litzatekeela edonorentzat gomendagarri.
Bihotzetik larri dabiltzanek jolas parkeetan edota skate guneetan jaso ohi duten prebentzio abisuaren ildotik, esan genezake ohiko arkitektura eraikuntzek ere behar luketela antzeko oharpena. Argudiatuz, adibidez, edonor ez dagoela neurologikoki prestatuta hala-nolako gela antolakuntza pairatzeko, eta sarrerari erreparatzea aholkatzen zaie gurasoei.
Xelebreki pentsatuz, eraikitako ingurunearen balizko efektu neurologikoen baitan, edozein estilo artistikok behar luke helduei mugatua, X zeinuz seinalatutako pelikulak bezalaxe. Edota esan nahiko luke hiri-esperientzia bilaka daitekeela aldez aurretik trebatu beharreko gaitasun, nolabaiteko maila erdietsi beharrekoa, hainbat forma konbinazio jasan ahal izateko. Perspektiba lerro gatazkatsuak, sakonerazko inplikazio ez-errealak, itzal-joko nahasgarriak, atzerapenezko oihartzunak, isla anamorfikoak eta bestelako ezegonkortze esperientzia espazialak, esaterako.
Zientzia fikzioak gehitxo bustitako sozietate-sekretu batek antolatutako iniziazio zeremonia bat balitz bezala, buruzagiek hautagaiak begiztatzen dituzte, sekuentzia desberdinekiko erantzunaren arabera zein koskatan egingo duten pot. Aurrera egingo du zentzu espazialez jantziak, eraikuntza multzo bat gehiago besterik ez dela ohartzeko, sekretuki diseinatu eta muntatutako egiturak, biztanle kopuru jakin batek bereganatuak orain artean. Bakanen batek amnesiazko erasanak jasan izan ditu ondorioz.
Eraikuntzon kokapenak ez dira emango ezagutzera eta ez dago jakiterik zer den beharrezkoa barrura sartzeko —zer-nolakoa den gela bakoitza eta zerk egiten duen neurologikoki konplexu—, eta besterik gabe, ilusio optikoak ikertzera gara bideratuak.
Jakina, abisatuta gaude: gehiegizkoa balitzaigu noizbait, beste alde batera begiratu besterik ez dugu, aldiro detaile bakar bati so egitera mugatuz begirada, berriro nahasmen espazialeko ingurumarian murgildu aurretik geure burua.
Azken batean, New Scientist aldizkariak dakarren bezala, 3D ikusmenezko teknologiarekiko lehenengo begiradak eragindako distortsioa aldendu egiten da behin 3Dtik at garenean. Kurioski, distortsioak nabarmenagoa dirudi ume eta nerabeengan, heldu eta adinekoetan baino.
Ulertuko ote genuke, beraz, antzeko efektu espazialki nahasleak eragin dezakeen eremu mugatzea? Ez dakigu, ordea, espazio alterazio fisikoek 3D betaurrekoek bezainbateko eraldakuntzarik sor ote dezaketen gure garunean.