Hasier Rekondo / 2015-03-01 / 392 hitz
- Izenburua: Islandiera ikasten
- Egilea: Antonio Casado da Rocha
- Argitaletxea: Utriusque Vasconiae
Antonio Casado de Rochak (Donostia, baina Errenteria, 1970, liburuko aurkezpenean argitzen denez) bigarren poemarioa argitaratu du, Utriusque Vasconiaren eskutik. Argitaletxe horretan bertan argitara emana zuen Esku ezkerraz 2011n. Islandiera ikasten honetan poesia jasoaren, meta-literaturaren esparruetan barna betiere, eta heterodoxoaren itsaso meharrak eta apartsuak nabigatzen ditu, erreferentzia literarioez eta auto-erreferentzia existentzialez mukuru. Geografia eta literatura ezberdinetan, oskol baten gisara, itsatsitako poesia ondu du eleaniztun izan gura duen Casadok. Eta esango nuke olatu metaforizatuak trebeki «surfeatzen» dakiela bere Donostia mitikoaren barran denboraz at poemagintzan eternitateak eman balitu bezala. Poesia ederra, edertasuna baita herioren aurkako makila bakarra, aldi berean iradokitzen eta esaten dakiena, alkimizatzen du esku bien zabaltasunez.
Poemarioari darion kutsu aforistikoaz, poetak, barne zein kanpo bidaiariak, bizitzarekin gustura dagoela erakutsi nahi digu behin eta berriro. Pozarren patuak eskaini dionaz Sommelier azken poeman argiro nabarmentzen duenez: «… gehiago ala gutxiago izateak / lehena edo azkena / ez du axola / segi ezazu korrika egiten / ase arte segi ezazu edaten». Eta bizitzeko bakarra dugun bizitza horretan Henry David Thoreau maitatua du hastapeneko bidaide, haren apokrifo batekin ekiten baitio atariko probari, «… arrantzalea banintz / poema litzateke / amua atseginez / niregana zaitzadan / une batez bada ere…». Bizitza arrantza izan daitekeen modura, Behobia-Donostia maratoi erdia ere izan liteke Casadoren begirada poetikoari esker, etengabe aurkituko ditugun analogiak agertuko zaizkigu maratoi poetikoan, etxeko espezialitatea nolanahi ere. «… saiatu naiz moteltzen / analogiarako nire gogo geldiezina / lehiaketa oraindik ez delako hasi / baina ezin izan diot pentsatzeari utzi / bizitzan nola gaurkoan helburua dela / helmugara iristea aurrezkirik gabe / amaitzea bateria guztiz agortua…».
Poesiaren bateria, ordea, agorrezina zaio Errenteriako idazleari. Gustuz bildutako literatur aipuak etengabeak dira: «Euskal literatura: Joseba Sarrionandiaren corpusari oin-ohar zerrenda» diosku ironiaz edo seriotasunez hartu beharreko lerroan, Ernestina de Champourcin, Leonard Cohen, Gabriel Aresti, Borges poetikoena, Beckett, Wordsworth, Pessoa… Trebezia tekniko fin baten jabe dela nabarmentzeko edo, Larunbateko goiz batez ‘Errege txopitak’ dantza taldea ikustean izenburuko poeman «b» hizkiaz hasten diren hitzez eraikitako tautograma dastatzeko aukera ematen digu. «… biraoak barre bilakatuta / bestaldetik betor bozkarioa / besarkada bat bezain bihozbera».
Alta, poesia ez da bakarrik teknika; bizitza bakar horretan egoteko eta izateko modua ere bada. Islandiera ikasteko gogoa sortu zitzaion nonbait poetari, euskararen gisako hizkuntza txiki eta bitxi horri esker, «Islandiera ikasten / gure mugen barren», poetaren jakinduriak ezerezaz blaituko gaitu.