Anjel Lertxundi / 2015-03-05 / 129 hitz
Idazleak ugaritu dira, baina irakurleak gastatu: gero eta sarriago entzuten den kontua da. Bada joera hori Interneten hedapenarekin lotzen duenik, baina orain ia berrogei bat urte, Sándor Máraik bere Egunerokoa-n: «Idatzi nahi duen gero eta jende gehiago dago, baina irakurtzeko prest dagoenik, gero eta gutxiago». Horrek esan nahiko luke idazleok ere bazkide izateari uzten ari garela irakurleen klubean. Denbora-pasako erdi irakurle bihurtzen ari garela, alegia, eta ez ofizioari eutsi eta gure lana hobetzeko sukarrez; ordu nagiak entretenitzeko irakurtzen dugula, testu garaikideak eta gehienak Interneten…
Oraintsu arte zalantzan jartzen ez genuen axioma bat zen idazle izateko irakurle amorratua izan behar dela. Baina akabo axioma, bukatu dira mondongoak! Asko irakurtzeak ez du idazle onik ziurtatzen!
Bai, bale, baina… Zergatik eduki beharko genuke motiboren bat irakurtzen ez duen idazle baten testuak irakurtzeko?