Lurpekoa, azalera

Ainara Arratibel Gascon / 2015-03-14 / 1.358 hitz

Koben Eguna egingo dute bihar seigarren urtez Euskal Herriko zortzi leizek. Lur azpiak duen balio natural eta arkeologikoa nabarmendu eta jendeari inguru horiek ezagutaraztea du helburu egitasmoak. Bisitariak erdi prezioan sartu ahal izango dira kobazulo horietara.

Estalaktitak, estalagmitak, zutabeak, eszentrikoak, saguzarrak, lehoiaren arrastakoak, bisonte, zaldi eta oreinen irudiak… Ezkutuan egon arren, lurrazala bezain aberatsa da Euskal Herriko lurpea. Guztiz ikusi ezin diren arren, kobazuloek ikuskizun arkeologiko eta natural ederra eskaintzen dute. Iaz 350.000 bisitari eduki zituzten kobazulo horiek. Bihar, seigarren urtez, Koben Eguna ospatuko dute, jendeari ikuskizun hori gerturatzeko.

ARRIKUTZ

Gipuzkoako luzeena

Aizkorri mendiaren magalean eta Arantzazuko Santutegitik gertu dago Arrikutzeko kobazuloa (Oñati, Gipuzkoa). Hamabost kilometro ditu, baina soilik 500 metro ikus daitezke. «Tarteka ibilbide luzeagoa ere eskaintzen dugu», nabarmendu du Leire Garai gidariak. Urak utzitako arrastoa, estalaktitak, estalagmitak, koladak eta abar ikus daitezke bertan. «Mineralek kolore desberdina dute, eta eszentrikoen kasuan agerikoa da uraren eta grabitatearen eragina». Baina hortik harago, Arrikutzek balio paleontologiko handia du. Izan ere, Pleistozeno garaiko lehoi eta hartzen arrastoak daude.

Koba nagusia ondo kontserbatuta dagoela nabarmendu du Garaik. Horretarako erabakigarria izan zen hasieran hartutako neurri bat. «Inguruko kobetatik sarbidea itxi genuen, eta horrek asko lagundu du. Urte hauetan egin den obra handiena bisitak egiteko igarobidearen eraikitzea izan da. Kontserbazioari dagokionez, taldeetan sartzearekin batera egiten den gauza bakarra mikroklimaren kontrola da. Horretarako, lau zunda dituzte ibilbidean. «Horien bidez, bisita irauten duen bitartean kobak duen tenperatura, CO2 isuriak eta beste neurtzen dira, baita, behin bisita amaituta, nola berreskuratzen duen kobazuloak hasierako egoera ere».

Koben Eguna: Bisita gidatuak erdi prezioan eta zenbait zozketa.

MENDUKILO

Aralarren barrunbeak

Aralar mendia kanpoaldetik aski ezaguna da jendearentzat. «Barrutik, ordea, badu zer ikusia. Hori ezagutzeko aukera ematen du Mendukilo kobazuloak», zehaztu du Miren Larburuk, bertako arduradunetako batek. Astizen (Nafarroa) dago. 40 metro jaitsi, eta kobaren erraietara abiatzen da bisitaria. Bi solairu ditu, eta hiru areto edo gela ikusten dira: Artzainzulo, Laminosin eta Herensugearen Gotorlekua. Lehenbizikoan argiztapena dago, baina gero, jaitsi ahala, galdu egiten da. «Bisitaren une batean argi guztiak itzaltzen ditugu, jendeak benetan senti dezan non dagoen, eta kobazuloak eskaintzen dituen soinu guztiak entzun ditzan». Udazken eta udaberri artean uraren soinua izaten da nagusi. «Ur tantena asko sumatzen da. Izan ere, Mendukilok dituen ezaugarrietako bat da ur putzu mailakatuak izatea. Dezente daude gela bakoitzean».

Uraren ondorioz, urtaroaren arabera oso itxura desberdina hartzen du kobazuloak. Udazkenetik udaberrira ur asko du, eta ondoren, lehortuz doa. «Niri, adibidez, gehiago gustatzen zait urez beteta dagoenean. Baina uda sasoian bisitatzeak ere badu bere xarma. Izan ere, mineralak gehiago ateratzen dira, eta distirak gehiago ikusten dira». Kobazuloaren erdia ikus daiteke. Leizearen egoera mantentzeko, tenperatura 8-9 gradutan mantentzen dute.

Kobaren Eguna: Gaur, Nafarroako Espeleologia Federazioak lagundurik, Aralarko erraietan espeleologia bisita bat egingo dute. Gainera, bisitak antolatu dituzte inguruko hainbat kobazulotara. Sarrera erdi prezioan izango da, eta zenbait zozketa ere egingo dituzte.

POZALAGUA

Leherketa baten ondorioz topatua

Karrantzan (Bizkaia) dago, eta inguru hartan zegoen harrobi bateko langileek topatu zuten Pozalagua. Leherketa bat egin ostean izan zen, 1957an. «Adituen arabera, leizeak milioi bat urte inguru ditu. Geologia aldetik, hori nahiko berria izatea da», nabarmendu du Rafa Arriola Turismo zinegotziak. Hark azaldutakoaren arabera, «oso kobazulo berezia» da. «Eszentrikoak dira nagusi bertan. Formakuntza hori ohikoa da beste kobazuloetan, baina leizea hain txikia izanda, ikusgarriak dira oso. Izan ere, tamaina handia dute». Eszentrikoak sabaitik ateratako zuhaitzen sustrai modukoak dira. Horrekin batera, kobazuloak fauna propioa du: isotopo pare bat. «Endemikoak dira, eta balio oso handia dute».

Kobazuloak 125 metroko luzera du, eta bi metro jaitsi behar dira ikusteko. «Joan eta etorrien artean 400 bat metroko bidea egiten da». Duela urte batzuetatik bisitak mugatu behar izan dituzte. Izan ere, kobazuloaren egoera okertzen ari zen. Aditu talde batek darama kobaren egoeraren kontrola. «Haiek finkatutako irizpideen arabera ezartzen da bisitari kopurua».

Kobaren Eguna: Bisitak erdi prezioan eskainiko dituzte, eta zenbait zozketa egingo dituzte.

EKAIN

Erreplikarik ospetsuena

Zestoako (Gipuzkoa) Sastarrain ibarrean dago Ekaingo kobazuloaren erreplika. «Jendeak badaki erreplika bat ikustera datorrela. Baina asko gozatzen du. Izan ere, benetakoaren ezaugarri berdin-berdinak ditu, baita tenperatura ere». Eneko Calvoren hitzak dira, Ekaingo kobazuloaren kudeatzailearenak. Duela 13.000 urte hainbat giza taldek beren arrastoa utzi zuten leizean. «Zaldien, oreinen, hartzen eta bisonteen marrazkiak ikus daitezke bertan», azaldu du Calvok.

Horiek babestearren, eta Unescok munduko ondare izendatu zuelako, erreplika egokitu zuten. «Benetakoa izan arren, oso garrantzitsua da Paleolito aroko ondare hori erakustea, eta jendeak horretaz gozatu ahal izatea. Hori da gure egitekoa». Erreplikak duen iluntasunak, soinuak eta tenperaturak margoak egin ziren garaietara eramaten zaitu. Kobazuloa bisitatzearekin batera, Ekainek inguru hartaz gozatu, eta Paleolito garaiko bizimodua ezagutzeko aukera ematen du. Besteak beste, garai hartan bezala ehizatu, su egin edo margotzeko aukera dago. Ibilbide hori batez ere haurrentzat da.

Koben Eguna: Bisitak, erdi prezioan, eta zozketak egingo dituzte, baita Historiaurrea Ziztu Bizian lehiaketa ere. Bertan, Historiaurrean bizirik irauteko beharrezkoak ziren hiru teknikak menperatu beharko dituzte bisitariek: ehizatu, su egin eta margotu.

ZUGARRAMURDI

Sorgintzen duen kobazuloa

Ezohiko kobazuloa da Zugarramurdi. Ez ditu estalaktitak eta estalagmitak. Hango paretetan ere ez daude balio handiko margoak. Alabaina, Euskal Herrian gehien bisitatzen diren kobazuloetako bat da. Izan ere, Inkisizio garaian —1609. eta 1614. urteen artean— egiten ziren akelarre edo gizon eta emakumeen arteko jai paganoen ikurretako bat da Zugarramurdi. Duen egitura karstikoa da horren adibide. «Azken batean, azaleko egitura bat da, ez duzu lur azpira joan behar. Beraz, lur azpira jaisteari beldurra dionak ez du aitzakiarik etortzeko», nabarmendu du Ainhoa Agirre kudeatzaileak.

Infernuko errekaren ur-laster eta emaritsuek sortua da kobazulo nagusia. «Oraindik ere lanean jarraitzen du, eta barrunbe natural ederra sortu du. 120 metro luze da, eta 10 metroko altuera du». Bisita gidatuak eskaini arren, Zugarramurdik badu berezitasun bat beste kobazuloen aldean: ibilbidea seinalizatuta dago, eta bisitariak aukera du mapa batekin bere kabuz koba ikusteko. «Baditugu, gainera, zailak ez diren ibilbideak, umeekin datozen familientzat egokituta». Bisitan antzematen den sorgin giroarekin amaitzeko, amaieran museoa ikustea gomendatzen da. «Inkisizio garaiko prozesu latz eta gogorra azaltzen da».

Koben Eguna: Asteburu osoan Argazki Rallya. Horrez gain, sarrerak erdi prezioan egongo dira, eta zenbait zozketa egongo dira.

SARA

Saguzarren arrastoan

Sarako kobazuloak (Lapurdi) balio arkeologiko handia duten formakuntzak dituen arren, bertan bizi diren saguzarrek erakarrita joaten da jendea horra. «Interes berezia pizten dute», nabarmendu du Francoise Pouyet zuzendariak. Formakuntza horiek eta saguzarrak mantentzeko ahalegin berezia egin behar izan dute. «Sistema informatiko bat landu dugu, argiztapena eta soinua kontrolatzeko. Hala, hark erabakitzen du noiz itzaltzen diren argiak, adibidez, eta noiz utzi behar dugun aretoetako bakoitza».

Bertako osaketa arkeologikoak ikusteaz gain, bisitariak aukera izango du historian atzera egiteko, eta Jose Migel Barandiaranen ikerketa oinarri hartuta, natura, mitologia, arkeologia eta historia batzen dituen argi eta soinu ikuskizun batez gozatzeko.

Koben Eguna: Sarrera bat erosita, beste bat emango dute, bihar.

URDAZUBI

Gerratik ihes egiten zutenen gordeleku

1808. urtekoak dira Urdazubiko (Nafarroa) kobazuloei buruzko lehen erreferentziak. Independentziako Gerratik ihesi ari zirenen gordeleku izan zen. Baina hortik harago, haren balio arkeologikoa defendatu du Goyo Hualde gidariak. Hain zuzen ere, hori mantentze aldera, hainbat berrikuntza egin dituzte. «Garrantzitsuena argiena izan da. Izan ere, goroldioaren gaitza deitzen dena saihesteko argi bereziak jarri ditugu. Hala bisita gidatuak arazorik gabe egin daitezke». Argi horiek oso bereziak dira, eta automatikoki itzaltzen dira, orduan bisitariek ingurua utzi behar dute.

Kobazuloan agerikoa da urak urteetan utzitako arrastoa. Hala estalaktita eta estalagmita ikusgarriak ikus daitezke, baita beste hainbat formazio berezi ere. Ikusi ezin daitekeena bertan dauden zaldi, bisonte eta oreinen irudiak dira. Paleolito garaikoak dira, baita inguruan aurkitutako arpoi, jostorratz eta janari arrastoak ere.

Koben Eguna: Sarrera, erdi prezioan, eta zozketak. Iñaki Libanok arkeologiaren hastapenerako tailerra eskainiko du.

IZTURITZE ETA OTSOZELAIA

Arkeologoentzat erreferente

Nafarroa Behereko bi koba nagusiak dira Izturitzekoa eta Otsozelaikoa. Biak batera bisitatzea gomendatzen da. Donamartiri eta Izturitze udalerrien artean daude. K.a. 80.000 eta 10.000 urte artean bizi izandako gizakiek labar margoak egin zituzten han. Hori da kobak gordetzen duen balio nagusia. Baina kontserbazio arazoak direla medio, gaur egun ezin dira ikusi. Nolanahi, bi kobazuloek balio arkeologiko handia dute, eta Europako ikertzaileentzat erreferente dira hango zutabe, murru eta estalaktitak. Pirinio eta Kantauri aldeko Historiaurreko gunerik aberatsenetakoa da.

Kobazuloan sartu, eta inguruak duen magiari esker ikus daitekeen koben zatiak Paleolito garaira eramaten du bisitaria. Gainjarriak diren kobak dira. Horrek are bereziagoak egiten ditu bi kobazulo horiek. Natur balio handiko ingurua ere bada hura.

Koben eguna: Bisita gidatuak erdi prezioan. Bisitak 14:00 eta 17:00 artean egingo dira, Pierre Esteveren musikarekin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.