Juan Luis Zabala / 2015-03-01 / 489 hitz
Urtarrilaren 7ko atentatuaren ondoren bere lekua hor dagoela iritzita, Marie Darrieussecq ‘Charlie Hebdo’ aldizkarian idazten eta literatura orriaz arduratzen hasi da, eta «’I’m not Charlie’ espiritua» kritikatu du.
Idaztea ekintza bat da, ez hitz hutsak. Une egokian testuinguru egokian kokatzea. Nire kasuan, hemendik aurrera Charlie Hebdo-n idaztea ere esan nahi du. Askorekin bat egitea, kolektiboki, aldizkari laiko, arrazakeriaren kontrako eta indarkeriarik gabeko bat bizi dadin». Hitz horiekin arrazoitu du Marie Darrieussecq idazleak (Baiona, 1969) Charlie Hebdo aldizkarian idazten eta literatura orriaren arduradun izaten hasteko erabakia. Iragan otsailaren 20an Libération egunkarian argitaratu zuen Les images justes artikuluaren pasarte bat da —Zuzeu albistari digitalak bost egun geroago artikuluaren euskarazko itzulpena sareratu zuen, Bidezko irudiak izenburuarekin, eta handik hartuak dira artikulu honetan ageri diren pasarte itzuliak—.
Artikulu horretan Darrieussecq kritiko agertzen da berak «I’m not Charlie espiritua»deitzen duenarekin; hots, Charlie Hebdo aldizkariaren urtarrilaren 7ko atentatua gaitzesterakoan Charlie Hebdo aldizkaria bera ere kritikatu eta harekiko distantzia bat markatzen dutenekin. «Haien argumentu nagusia da beste toki batzuetan hilketak egiten ditugula, asko», dio Darrieussecqek artikuluan. «Beste toki batean hilketak egiteak mundu honetako hilketa bakar bat gutxietsiko balu bezala. Heriotzaren bulkadak heriotza beti masarekin lotuta ikusten du, ez bizitza bakar baten bukaera gisa».
«Anti-Charlie jarrera horrek chic-a eta originala dirudi, baina suntsipenarekiko lilura hutsal batean oinarritzen da», Darrieussecqek artikuluan aurrerago dioenez. «Suntsitu, diote askok, eta hori esaten duten bakarrak direla uste dute. Indarkeriaren lilurapean sortu dituzten argudioen arabera, biktimak beren hilketaren errudunak dira, neska bat begi-keinu bat egiteagatik bortxatua izatearen erruduna litzatekeen bezala. Benetako hiltzailea ezabatu egiten da, ikusezin bilakatu, ahaztu, gure inkontzienteko orban lausotu bat bihurtu: ez gara ikustera ailegatzen, gure baitan dagoelako. Eta biktimak akusatzen ditugu, gertaerei buelta emanda eta egileak defendatzeko pixka bat eta hala ere-ak erabilita».
Txikitandiko atxikimendua
Atentatuaren berri izan orduko adierazi zuen Darrieussecquek, saminarekin eta gaitzespenarekin batera, Charlie Hebdo-rekiko atxikimendu estua, aspaldidanikoa gainera, ume zen garaian ernatua, aldizkariari, artean Charlie Hebdo izena hartu gabe, Hara-Kiri zeritzon garaian. «Bost edo sei urte nituela ikasi nituen gauza asko Charlieri zor dizkiot», idatzi zuen Suediako Dagens Nyheter egunkarian urtarrilaren 8an, atentatuaren biharamunean, Nous sommes Charlie (Gu Charlie gara) izenburuarekin argitaratutako artikuluan. «Eta ez zen inondik ere umeentzako egunkaria. Sexuari buruz ikasi nuen, jakina, eta baita balio zibikoei buruz ere eta guztiaz modu burutsuan barre egiteko eskubideaz ere. Voltaireren herri lotsagabean bizi nintzela ikasi nuen. Feminismoaz ikasi nuen, miraz begiratzean arrek emakumeen ipurdiak eskukatzen zituzteneko marrazkiei, edo apezek umeak sodomizatzen zituztenekoei. Faxismoa, arrazismoa, antisemitismoa eta homofobia zer ziren ikasi nuen, marrazki miresgarriki desegoki horiek ikustean. Charlieren marrazki guztiek talka egiten dute. Eta, nagusitutakoan, barre eskerga eta osasungarria eragiten digute, herdoilaren aurkako higiene publikoa».
Joan den asteazkenean itzuli zen kioskoetara Charlie Hebdo aldizkaria, 1.179 zenbakiarekin. Atentatuaren ondorengo urgentziazko zenbakiak —urtarrilaren 14an kaleratutakoak— oso oihartzun handia izan zuen, eta haren zortzi milioi ale saldu ziren. Aste honetan kaleratu den zenbakiak, halako oihartzunik ez izan arren, 2,5 milioi aleko argitaraldia du. Laurent Sourisseau Riss marrazkilaria da aldizkariko zuzendari berria. Bizkarra zauritua du urtarrilaren 7ko atentatuaren ondorioz.