Saioa Alkaiza / 2015-02-28 / 644 hitz
Azerbaijango herri ipuinak buruz dakizki Karimek, eta han-hemenka kontatzen ditu, ahozkotasunaren garrantziaren jakitun. «Lehen, ipuin gehiago kontatzen ziren; gaur egun, konplexu gehiegi dauzkagu».
Txikitako familia ohiturekin lotzen ditu Tarana Karimek (Julfa, Azerbaijan, 1977) ipuinak. Aitatxi ohean etzanda gaixo zeukan garaiekin. Zortzi lehengusu-lehengusinak haren inguruan batzen ziren, eta buruz ikasitako herri istorioak kontatzen zizkien, azerbaijaneraz. «Ipuinen bidez esplikatzen zuen mundua». Une magikoa zen. Horregatik, adinean gora egin ahala, eta zuzenbidea ikasi zuen arren, haurtzaroko zaletasunari bizirik eutsi dio Karimek. Hamahiru urte dira Euskal Herrian bizi dela, eta ipuin kontalari aritzen da batzuetan. Intujaik antolatutako Ahoz aho ahozko kulturaren inguruko jardunaldietan izan da berriki.
Azerbaijanen osasuntsu al dago ahozkotasuna?
Bai, Azerbaijango gizartean ahozkotasun tradizio handia dago; jende zahar gehienak ez daki ez irakurtzen, ez eta idazten ere, baina goitik behera dakizki ipuinak. Baina ez dira ipuinak bakarrik mantendu direnak: elezaharrak, pasadizoak, abestiak… hitzetik hortzera kontatzen dira.
Bertako herri ipuinetan ardaztutako hitzaldia eskaini duzu. Zein berezitasun dauzkate?
Zaharren jakintza, usadioak, arauak eta balioak transmititzeko balio dute. Esaterako, gure aitonak ipuinen bidez azaltzen zuen mundua. Berak hala ematen zizkigun ereduak: nola portatu, nola jokatu… Gaiei dagokienez, ohikoak dira landare magikoak eta animaliak.
Malik Mammaden istorioa kontatu duzu.
Ipuin klasikoa da. Erregearen semea da Malik Mammad. Gauza on guztiak beregan biltzen ditu. Azkarra da, indartsua, abila, erabaki egokiak hartzen ditu beti, eta ez da nekatzen. Bere aitaren lorategian lapurtu egiten du pertsona batek, eta, anaiekin batera, haren bila abiatzen da. Abenturazko kontakizuna da. Azken finean, anai-arreben arteko harremanen inguruko hausnarketa bultzatu nahi du, eta hurkoari lagundu behar zaiola irakatsi.
Funtsean, balio pedagogiko handia baitute ipuin klasikoek, ezta?
Ipuinen eta ematen dituzten balioen beharra du gizarteak. Oso garrantzitsuak dira gauzak transmititzeko. Aldi berean, tresna bat dira: gauza batzuk azaltzea kosta egiten zaigu, bai umeei, bai helduei, eta ipuinen bidez beste ikuspuntu batzuk eman daitezke.
Garai batean, ahozkotasunak indar handiagoa zeukan; egun, idatzizko kultura gailentzen da.
Gaur egun, gauzak artifizialagoak dira: idazleek ordenagailuz idazten dute; lehen, eskuz idazten zuten. Horrek ukitu ezberdina ematen dio idazketari, ipuingintzari, baina ohiturak aldatzen dira. Lehen, belaunaldiz belaunaldi pasatzen ziren kontakizunak; orain, ohitura hori galdu egin da. Batak besteari kontatzea, banatzea, elkartzea… Jadanik ez dugu egiten.
Esan ohi da aurreko belaunaldiek egungoek baino ahozko kultura aberatsagoa dutela.
Lehen, ipuin gehiago kontatzen ziren; gaur egun, konplexu gehiegi dauzkagu. Ea zer esango dugun, ea jendeari gustatuko zaion, ea gaizki egingo dugun… Lehen, naturaltasun handiagoarekin jokatzen zuten; ez ziren horrenbeste arduratzen. Guk beldur asko dauzkagu. Adibidez, horregatik kostatzen zaie hainbeste batzuei jendaurrean hitzaldi bat ematea. Baina naturala izan behar du, eta kito, horrela egin daiteke.
Eta zuri, nondik datorkizu ipuin-kontalari sena?
Nik ez nuen erabaki ipuin kontalaria izatea. Ez da ezer berria. Umearen ikastolan ipuinak kontatzeko eskatu zidaten, eta niretzat gauza normala zenez, hasi egin nintzen.
Ahotsa, gorputza, erritmoa… Zeintzuk dira aintzat hartu beharreko osagaiak?
Ipuin kontalariak ipuina bizi behar du, baina ez hori bakarrik: bizitzeaz gain, publikoari sentiarazi behar dio istorioaren parte dela. Norberak eta entzuleek barruan egon behar dute.
Garrantzitsua da, bestalde, mimika egitea, kontakizuna eskuen mugimenduarekin laguntzea. Eta ahotsa kontrolatzea ere ezinbestekoa da, jaistea edota igotzea; horrek girotzen laguntzen du.
Txikitan, ipuinak gustuko izaten dira ia beti. Helduaroan, ordea, gutxietsi egiten dira. Galdu egiten al da jolaserako gaitasuna?
Guztiz. «Ipuinak umeentzat dira», esaten dute askok, eta hori gezurra da. Ipuinak guztientzat izan daitezke. Askok gizarte osoarentzat baliagarriak diren mezuak zabaltzen dituzte. Adibidez, maitasuna, gurasoenganako errespetua eta naturarekiko begirunea. Balio horiek denok eduki beharko genituzke.
Bazen behin… eta Sar dadila kalabazan eta atera dadila herriko plazan esamoldeak erabiltzen dira euskaraz. Azerbaijaneraz?
Bazen behin… esateko Bat zegoen, bestea ez erabiltzen da. Alegia, garai batean norbait bazegoela eta beste norbait ez zegoela. Beraz, jarraitzeko esaten dugu: zegoen hori… Bukatzeko, berriz, Sar dadila kalabazan esan beharrean, hau esaten da: Zerutik hiru sagar erori dira: bat zuretzat, bestea niretzat eta azkena ipuina kontatu duenarentzat. Hau da, hirugarren hori ipuina orain arte ailegatzea lortu duten horiei ematen zaie, mendez mende transmititu dutenei.