Iñigo Aranbarri / 2015-03-29 / hitz
Loeroan eman dut autobusak arrankatu duenetik hurrengo herrirainokoa. Gelditu denean jendea hartzeko, identifikatzen ez dakidan hizkuntzaz bete dira aulki hutsak. Elkarren artean batzuk, telefonoz besteak, bambaraz ariko direla ondorioztatu dut, edo wolofez, edo diolaz, edo soninkez… nork daki.
Piztuta darama irratia txoferrak. Albisteetan, bat nagusi. Bartzelonatik atera eta Dusseldorfera heldu gabe mendi artean gelditu den hegazkinarena. Bidaiarien eta tripulaziokoen artean, ehun eta berrogeita hamar dira hildakoak, esan du ahotsak. Horietatik berrogeita bostek omen dituzte espainiar abizenak, gobernuak esatera.
Harri eta belarri itzuli naiz neure gogoeta beltzera, ez albisteagatik (ordurako ez da nobedadea), ezpada datuagatik. Egun, ez da erraz ulertzen nola esan lezakeen gobernu batek 45 direla «espainiar abizenak dituztenak». Francois Hollande etorri zait aurrena. Halako absurdorik! Argentinako Cristina Fernandez ondoren. Absurdoa. Zortzi euskal abizeneko hagintari bat azkenik. Absurdoaz gain, arrazista.
Bidaiarietatik 45ek «espainiar abizenak» dituztela esatea hain justu diskrezioaren beste muturrean dago. Nekez izan liteke traketsagorik. Izan ere, zer da «espainiar abizen» bat? Hizkuntzak ardatz, euskal, kataluniar, galiziar, gaztelar jatorriko abizenak bildu nahi izan dira zaku horretan? Eta hala bada, zer esateko? Espainia bezalako potentzia kolonial ohi batek, ez ditu abizen horiek esportatu egun independente diren hamaika estatutara? Eta okerrena, gobernuak «herritarrak» baditu kontuan, zertara dator «espainiar abizenak» aipatzea eta ez biktimen nortasun agiriak? Ez dago espainiar abizenik gabeko espainiar herritarrik? Zortzi abizenen kontura hainbesteko barrealdia eragin bazen, ez dut pentsatu nahi zer izan litekeen 45ekin. Baina ez da une egokia umorerako, badakit.
Inguruotako aulkietara begiratu dut. Onik iritsiko ahal gara.