Juan Luis Zabala / 2015-03-29 / 1.503 hitz
Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatuko da apirilaren 2an, eta ospakizunak izango du oihartzunik Euskal Herrian. Haur eta gazte literaturako altxor ugari argitaratu da azken urteotan euskaraz, baina altxor horiek zailtasun handiak dituzte dagokien irakurlearenganaino iristeko.
Euskaraz sortuak nahiz euskaratuak, haur eta gazte literaturako liburu berri ugari iristen dira liburu dendetara. Ez du etenik produkzioak. Ondo betea dirudi Ixaka Lopez Mendizabal, duela ia mende oso bat, Xabiertxo liburu mitikoa idatzi eta argitaratzera bultzatu zuen hutsunea. Baina bestelako gabeziak igartzen dira berehala gaur egungo produkzio oparo horri —eta bereziki haren harrerari— arretaz erreparatzen hasi orduko. Liburu ugarien baso sarri eta nahasian, balio literario handiko obra asko ezkutuan geratzen direla uste dute idazle, kritikari, liburuzain eta adituek.
Liburuak iristen direla ohartarazi du Koldo Izagirre idazleak; baina ez beti, liburuekin batera, literatura. Helduentzako literaturan bezala, haur eta gazteei zuzendutakoan ere «erakundeek ez dute fitsik egiten irakur- ketaren promozioan», Izagirreren ustez. «Ondorioz, literaturari kosta egiten zaio irakurlearengana iristea. Literaturaz ari gara, ez liburuaz. Liburu mordoa iristen da haur eta gazteengana».
«Egun gero eta zailago ikusten dut irakurlearengana iristeko bidea», dio, Izagirreren ildo berean, Xabier Etxaniz Erle idazle eta EHUko irakasleak; eta «eskolan» huts egiten dela iruditzen zaio: «Irakasle gehienek ez dute bilatzen irakurle literarioaren formazioa, irakurle formazioa baizik; ikas dezatela irakurtzen, berdin da egunkaria, saio bat, ohar bat edo nobela bat. Eta kontua da testu guztiak ez direla berdin irakurtzen».
Eskoletan irakurketa «nahiko baztertua» dago, Etxaniz Erleren ustez, eta «ia desagertzear» literaturaren irakurketa. «Gizartea dinamika produktibo eta pragmatikoan sarturik dago, eta eskolak horri erantzun nahi dio, benetan balio duen oinarrizko formazioa alboratuz. Zenbat nobela, zenbat poema liburu irakurtzen ditu urtean irakasle batek? Zenbat denbora galtzen da astero gure haurrek literatura irakur dezaten? Zenbat denbora pasatzen dugu irakurritako liburuez hitz egiten?».
Horrez gain, eskoletako liburutegiak, kasurik gehienetan behintzat, «egoera penagarrian» daudela uste du, bere eskarmentuan oinarrituta, Asun Agiriano Arrasateko Udal Bibliotekako haur-gazte bibliotekari eta Galtzagorri Elkarteko lehendakari ohiak.
«Eskolak haurrei bazka egokia emateaz gehixeago arduratu beharko luke, teknikarioi zerrendak eskatuz, gure lana baita halako informazioa haien eskuetan jartzea», dio Imanol Mercero BERRIAko literatur kritikariak. «Eskoletan ezinbesteko hogeita hamar titulu finkatzea lortuko bagenu, hurrengo belaunaldiek helduleku sendo bat izango lukete, esperientziarena, eta belaunaldien arteko transmisioa gertatzeko aukera izango genuke». Irakasleen egungo egoera ez da egokiena, dena den, Merceroren ustez, eskolak dituen gabezia horiei aurre egin diezaieten. «Gaur egun, irakasleek nahiko lan dute aldian aldiko gobernuak ezarriko dien eskola eredua ezagutzearekin, eta jakitearekin zer egin eskolara moral irakaspen izpirik gabe iristen diren hainbat eta hainbat haurrekin».
Izagirrek ere eskolara zuzentzen du begirada kritikoa, irakasleena baino goragoko mailetara bereziki: «Haurrak eta gazteak eskoletan dauzkagu, milaka eta milaka irakurle potentzial irakurketa potentziatu behar lukeen sistema baten barruan. Hutsunea hor dago. Saila izan edo departamentua izan, Hegoaldeko hezkuntza erakundeek huts egin diote erantzukizun horri. Abandonatuak daude haurrak, abandonatuak daude irakasleak, eta abandonatuak daude liburuak ere. Ondorioz, edozer gauza da gomendagarria, ‘erraza eta atsegina’ izanez gero. Negozioa literaturatik kanpo dago, bai euskaraz, bai gaztelaniaz. Eta azak ontzeko, gaztelaniaz izena hartzen duen zabor guztia itzultzen da kasik automatikoki; eta batzuetan euskarazko sailetan publikatzen dira liburu horiek, ‘euskal obrak’ balira bezala».
Hutsunea «transmisioan»
Belaunaldien arteko «transmisioan» ere sumatzen du hutsunerik Mercerok. «Baliteke orain 30, 40 edota 50 urte ditugunok gure haurtzaroan ez eduki izana obra interesgarri asko esku artean, baina gaur egun egoera asko aldatu da. Gaur egun, obra bikain asko daude liburutegietan eta liburu dendetan, gure zain. Egin dezagun apustu, goza dezagun gure inguruko haurrekin batera irakurriz. Batek baino gehiagok hartuko luke gozatu ederra…».
Haur eta gazte literaturaren egoerak, oro har, «hipokrisia handi bat» uzten du agerian, Agirianoren ustez. «Irakurketaren garrantzia nabarmentzen da leku askotan, baina eguneroko errealitateko praktika oso bestelakoa da». Hedabideetan arreta handiagoa izan beharko luke, Agirianoren ustez, haur literaturak, baina, horrez gain, beste erakunde batzuen aldetik ere badago zer eginik: «Adibidez, ikastetxeetan irakurketa mintegiak osatzea, non irakasleek eurek jakingo luketen zer publikatu eta zer aholkatzen duten. Herrietako programazio kulturaletan liburuak, literaturak eta irakurketak pisu handiagoa izatea ere ondo legoke. Irakurtzea ez dadila izan soilik eskola edo bibliotekako kontu bat, alkatearen eta zinegotzien arduretako bat baizik».
Helduen laguntza, nahitaez
Hedabideetan, liburutegietan eta liburu dendetan haur eta gazte literaturaren alde lan gehiago egiterik badagoela uste dute, oro har, idazle, kritikari eta liburuzainek. «Badirudi oraindik ez zaigula kaskoan sartu haur literatura haurrek helduon laguntzaz egiten duten ariketa kultural bat dela, gu gabe ezin dela haur literaturarik gertatu», ohartarazi du Mercerok. Irratiak, telebistak eta prentsa idatziak «egiteko handia» dutela uste du, baina haietan «jarrera zabarra» nagusitzen dela gehienetan. «Irtenbidea haur eta gazte literatura fokuan jartzea da; gure gizartean egunerokoan hain presente dagoen kultur ekintza horri tartea eskaintzea foro guztietan. Eta sinesten ez didanak, edo ez du haurrik, edo haurren egunerokoan ez du erreparatzen: Euskal Herriko haur guztiek irakurtzen dute literatura, gutxi-asko, egunero. Eskolan ez bada etxean, etxean ez bada liburutegian».
Hedabideek «oso informazio sakabanatua» eskaintzen dute, Etxaniz Erleren ustez. «Eraginkorragoa litzateke gutxiagotan argitaratzea eta gehigarri sendoak egitea». Haur eta gazte literaturaz interesa duen edonor «hilean behin gehigarri bat irakurtzera behartuta» ikusi nahiko luke Etxaniz Erlek.
«Agian, borondatea izanik, nahikoa litzateke Katalunia bisitatzea», Izagirreren ustez. «Irratiak entzun, TV3k egiten dituen saio ederretan gaztetxoak ikusi irakurtzen dutenaz iritzia ematen, gobernuaren kanpainak jarraitu, Sant Jordi egunean apunteak hartu, liburu dendak bisitatu… Rambletan dago Generalitatearen liburu denda. Non dago Eusko Jaurlaritzarena? Eta Nafarroako Gobernuarena? Liburua maite duen herria da Katalunia».
Haurrak eta gaztetxoak Euskal Herriko liburu dendetan «gozatzen» ikusten ditu maiz Izagirrek, baina ohartua dago liburu dendak ez daudela haurrak behar bezala artatzeko prestatuta.
Liburu denda nagusiak «bat-batekotasunean murgilduta» daude, Merceroren ustez, «erakusleihoa etengabe berritzen, apalategiak liburuen koloreen arabera txukuntzen». Denda txiki eta marjinaletan «altxorrak biltzeko sekulako grina» ikusi du kasu batzuetan, «baina bat-batekotasuna gainetik kendu ez dakitela» ikusi ditu denda horiek ere.
«Liburu denda batzuek helduen literaturan aditu batzuen aholku, iradokizun eta abarren kolaborazioak eskatzen dituzten modu bertsuan, haur eta gazteentzako liburuei indar eta pisu handiagoa eskaintzea ondo legoke», Agirianoren ustez. «Liburu denda askotan haur eta gazte literaturak txoko bat izaten du, eta gutxi izaten dira han argitaletxe txiki, independente edo ezohikoak. Gehienetan, egunkarietako gehien salduen zerrendakoak ikusten dira. Ez da ahaleginik egiten bestelako liburu batzuek presentzia izan dezaten».
«Dendetan, irizpide komertzialak dira nagusi», Etxaniz Erleren ustez ere, «eta irizpide horiek ez dute laguntzen literaturazaleak ugaritzen, irakurle heziak sortzen». Liburutegietan ere bada zer konpondurik, haren ustez: «Langileek ez dute astirik jasotako liburuen jarraipena egiteko, eta best seller-en antzeko dinamika batean sartuta daude».
Gaztetxoengana ezin iritsita
Gaur egun euskaraz argitaratzen den haur eta gazte literatura «inguruko literaturakoen parekoa» da, kalitateari dagokionez, Etxaniz Erleren ustez. Mercerok, hala ere, bereziki «obra irudidunetan, album deitzen diegun horietan» ikusten du kalitate handia; eta ez horrenbeste, salbuespenak badiren arren, «testu hutsean» argitaratzen direnetan. «Nire ustez, autore literatura egiten saiatzen diren idazleak iparra galdu samar dutela adierazten ari zaizkigu aspaldi honetan. Batetik, helduen literaturako joeretara makurtzen dira —esaterako, auto-fikzio estilora—, eta, bestetik, balioen literatura deitzen zaion horretara hurbiltzen saiatzen dira. Bi ildo horien konbinaziotik lehen pertsonan idatzitako obra moralistak ekoiztea ia derrigorrezkoa da, eta uste dut ez direla asmatzen ari». Salbuespenak «80ko hamarkadako estilora» hurbilduz «fantasia eta ironia konbinatzen dituzten obrak» direla uste du. Agirianok ere, Merceroren ildoan, «album ilustratuen maila altua» nabarmendu du, baina hamar urtetik gorako irakurleentzako liburuetan «arrisku gutxiko proposamenak» nagusitzen direla.
Gaztetxoentzako eskaintza urri geratzen ari dela uste du Mercerok. «Euskal sortzaileak zortzi eta hamabi urte bitarteko haurrentzat ari dira, temati, eta ez dakit zergatik. Adin tarte horretatik kanpoko irakurleek itzulpena dute bazka ia bakarra». Ez du, dena den, gutxiesten itzulpena, inondik ere. «Nire iritziz, bada literatura unibertsal deitzen zaion obra multzo zabal bat, adin guztietan isla duena, eta denon bizi esperientziaren batean egon beharko lukeena».
Agirianoren ustez ere, «gabeziarik nabarmenena» gazte literaturan dago. «Liburuen merkatua oso azkar doa, eta euskal sortzaileek ez diete neurri berean erantzuten irakurle gazteen eskakizunei. Adibidez, apenas komikirik kaleratzen den, eta genero horrek badu arrakasta adin tarte horretan». Horri guztiari gaztetxoak euskaraz irakurtzetik aldentzen dituen beste faktore garrantzitsu bat gehitzen zaiola uste du: «Euskaraz irakurtzea eskolarekin edo ahaleginarekin lotzen dutenez, gaztelaniazko eskaintzetara jotzen dute».
Merkatuak estalitakoak
Gazte literaturako eskaintzan «literatura txarraren superprodukzio bat» nagusitzen dela uste du Izagirrek, «editorialek sustatua, noski, urteka sailkatua, topikoak eta formulak aplikatuz idazten dena»; eta horrek bestelako liburuei traba egiten dielakoan dago. «Merkatu bat dago, dudarik ez. Merkatu horrek estali egiten du testua. Zeren, testu onak liburu onetan daude, eta, oro har, ugariagoak eta anitzagoak dira helduen literatura esaten zaion horretan. Hamalau-hamabost urteko gaztetxoek ez badaukate helduen literaturan gidatuko dituen inor edo ezer, irakurleak galtzen ari gara».
Haurrak nahiz gaztetxoak euskaraz plazerez irakurtzera bultzatzeko oso egokiak diren liburu asko agortuta egotea oztopo larri bat da, Etxaniz Erleren ustez. «Nola egin dezakegu aurrera duela lauzpabost urte argitaratutako lan bat baztertzen badugu denda eta liburutegietatik? Nola da posible ia inork ez irakurtzea gazteentzako [Patxi Zubizarretaren] Gizon izandako mutila, [Javi Cillero Goiriastuenaren] Eddy Merckxen gurpila, edo [Juan Kruz Igerabideren] Begi-niniaren poemak bezalako liburuak? Edo haur txoko guztietan egon behar luketen hainbat liburu, hala nola [Joxe Arratibel eta Patxi Zubizarretaren] Txomin Ipurdi edo [Xavier Blanchen] Zatoz, txantxangorria, zatoz!, agortuta egotea? Benetan oso kezkatuta nago euskal literatura orokorrean hartzen ari den norabidearekin. Oinarririk gabeko figura polit eta hutsa da, edozein haizetek, sutek edo euritek honda dezakeen itxurakeria».