Juan Luis Zabala / 2015-04-17 / 489 hitz
Gaizka Zabartek ‘Jende desegokia’ nobela argitaratu du.
«Mendekua, amodioa eta desamodioa» nagusitzen dira kontakizunean.
Gorka Arrese Susako editorea ados dago Leire Palacios BERRIAko telebista kritikariarekin: «Eraldaketa sozialerako berebiziko garrantzia duen tresna da komedia». Eta komediatzat du Arresek Gaizka Zabarteren (Zaldibar, Bizkaia, 1960) bigarren eleberria, Jende desegokia (Susa). Bere nobelaren kontrazaleko testuan «komedia» hitza irakurtzea, ordea, «nahiko txokantea» egin zitzaion Zabarteri, egileari, ez baitzuen ordura arte bere obra komediatzat jotzen, komedia antzerkiarekin lotzen duelako batik bat eta, hedaduraz, zinemarekin. Nolanahi ere, Arreserekin gaiari buruz hitz egin ostean, ados jarri ziren azkenean biak, Zabartek dioenez: «Komedia gaizto bat izan daiteke Jende desegokia». Beste bi gaitan ere ados daude editorea eta idazlea: batetik, Jende desegokia ez da inondik ere komedia zinikoa; bestetik, «gaiztoa» izanagatik, «zintzoa» ere bada, zintzotasunez idatzita dagoelako.
Desegokituen Elkarteak Peter Zuazo postari ohi eta idazle ohiari Bilbon egingo diren jardunaldi batzuetan hitzaldi bat emateko egindako gonbitarekin jartzen da abian Jende desegokia-ren trama, eta elkarte horren genesia ezagutzeko aukera ere izango du irakurleak, nobelan aurrera egin ahala. «Peter Zuazok eta Desegokituen Elkarteko kideek osatzen dute pertsonaia nagusien multzoa». Narratzaile «nahiko orojakile» batek pertsonaia horien «ibilera desegokien kontakizun maltzurra» eskaintzen du liburuan, «tranpaz betea».
Pertsonaien artean «ezinbestean egoten diren kontuak» gertatzen dira Zabarteren eleberrian: «Hurbiltze eta urruntzeak daude, amodio eta desamodio kontuak, bakardadea, gorrotoa, mendekua, botere harremanak eremu diferenteetan… Guztien artean, presenteen daudenak mendekua, amodioa eta desamodioa dira».
Espazio geografikoari dagokionez, Bilbon dago kokatua nobela. «Ezagutzen dudan eremu bat da, bizi izan naizen eremu bat, eta bizitzaren parte bat han egiten dut. Horrez gain, Bilbok ematen du aukera nobelan gertatutakoak sinesgarri egiteko. Beste jokaleku batean, beharbada, nobelako hainbat kontu ez lirateke hain sinesgarriak izango».
Denborari dagokionez, nobelan halakorik zehazten ez bada ere, gertaera nagusiak 2011 eta 2012 artean kokatuta daude; baina badute zerikusirik 80ko hamarkadan izandako beste gertaera batzuekin. Bai 80ko hamarkadan eta bai 2011 eta 2012 arteko epean, «egokiak ez diren jarrerak» erakusten eta «egokiak ez diren ekintza artistiko-politikoak» egiten dituzte pertsonaiek, eta horrek nobela osoa «zipriztintzen» du.
Gizartean egokitu ezinik
Sei pertsonaia nagusiren gorabeherak ditu ardatz eleberriak. «Batek izan ezik, gainerako guztiek gizartearekin edo jendartearekin arazoak dituzte. Arazoak dituzte gizartean egokitzeko, edo ez dute egokitu nahi». Pertsona «arruntak» dira hala ere, egilearen ustez, edozeinek izan ditzakeenen antzekoak baitira haiek dituzten arazoak. «Nik ez dakit komediak eta are gutxiago komedia honek inoren bizitza aldatuko duen. Aldatzen dena da hemen agertzen diren pertsonaien bizitza. Hasieratik amaierara gertatzen direnak gertatuta, pertsonaia horien bizitza aldatzen da».
«Ibilera desegoki batzuen kontakizuna da Jende desegokia», egilearen hitzetan, «errealismo biszeraletik» egina, «erraien begietatik ikusitakoa kontatuz osatua, arrazoiaren parte hartzearekin baina batez ere erraietatik». Horregatik, «erraialismoa» hitza proposatzen du erabili duen idazmoldea definitzeko. Eta «gizartearen kontrako nobela bat» ere bada emaitza.
Argitaratzen duen bigarren eleberria du Zabartek Jende desegokia. 2011n argitaratu zuen aurrenekoa, Zaharrak ez zuen hil nahi (Susa). Bi nobelak «diferenteak» direla uste du, behintzat tramari dagokionez, nahiz eta ez duen ukatzen egile bera izatearen ondorioz antzekoak ere izan daitezkeela hainbat ezaugarritan; estiloari dagokionez, besteak beste.