Iker Tubia / 2015-04-22 / 1.161 hitz
Ehun urte beteko dira uztailaren 25ean Iruñeko harresien lehenbiziko harria bota zutela. 400 urteko gotortzearekin bukatu zen, eta hiriburu gisa garatzen hasteko ezinbestekoa izan zen eraisketa.
Iruñea aspalditik dago harresiez inguraturik. Gaztelarrek konkistatu aurretik, eta hiru burguek bat egin aurretik ere izan zituen paretak inguruan. Baina, zalantzarik gabe, hiria ito zuen harresia XVI. mendean eraiki zuten, konkistaren ondoren. Harresiak hiria kanpoko mehatxuetatik babesteko, harresiak hirian erregeak zuen subiranotasunari eusteko, eta harresiak hiriburuaren hazkundea saihesteko. Horregatik, Iruñea itota egon zen 400 urtez, 1915ean lehenbiziko harria bota zuten arte. 1920an bota zuten behin betiko gotorlekuaren hegoaldeko zatia, eta bigarren zabalgunea eraiki. Ez da harritzekoa, beraz, orduko hiritarrek albistea poz handiz hartu izana.
«Gora Iruñea! Harresien eraisketa. Bozkariozko aparteko eguna». Titulu horrek zabaldu zuen 1915eko uztailaren 26ko Diario de Navarra egunkaria. Garai hartako kronikak dioenez, Iruñeak sekula ahantziko ez zuen eguna izan zen, hiria zabaltzeko aukera emanen zukeelako. «Harresiak dagoeneko ez dira hesi igaroezina; dagoeneko gureak dira Iruñea zabaltzea hainbeste galarazi zuten harresi haiek!».
Bat datoz horretan historialariak: iruindarrek urte luzez inguratu zituzten harresiak bota nahi zituzten. «Momentu hartan, askapen moduko bat izan zen», dio Juan Jose Martinenak. Historian doktore, Nafarroako Artxibo Nagusiko zuzendari ohia, eta Espainiako Historiaren Errege Akademiako akademiko urgazlea da. Are, hala izan ez balitz, hiria zabaldu zitekeen harresiak botatzeko beharrik gabe ere. Gainera, garai hartan ingeniaritza militarra ez zen ondasuntzat hartzen.
Historialariak dioenez, denak jabetuak ziren harresiak botatzeko beharraz. «[Espainiako] Independentzia Gerra izan eta gutxira, 1820-1830 urteetan, militarrak —bai ingeniariak bai artillariak— konturatzen dira duela gutxira arte babesa ziurtatu zuten XVI-XVII. mendeetako harresi haiek dagoeneko hiria zabaltzeko oztopo, traba eta galarazpen baizik ez zirela». Hiriaren garapenerako bidea 1915a baino lehenago hasi zen. 1889an Ziudadelako bi gotorleku botatzeko baimena lortu zuen Iruñeak, eta 1905ean hainbat atari moldatzekoa. Aitzinaldeak bota ziren lurrun autobusak, gurdi zabalak eta lehenbiziko autoak igarotzeko, eta San Nikolas atarian baita tranbia eta Irati trena ere. «Ordurako ikus zitekeen gauero etxeratze aginduarekin batera ixten ziren atari haiek azkenetan zirela», dio Martinenak.
Joseba Asiron historialari, doktore eta irakaslearen aburuz ere herritarrek ez zuten harresirik nahi. «400 urtetan Iruñea zeharo inguratuta egon zen», esan du. «Harresi horiek hiriaren garapena zeharo galarazi zuten, mozal baten moduan egin zuten, orduan, urte horietan hiria fisikoki ez zen hazi». Izan ere, harresiak botatzen hasi zirenean hiriak 1512an zuen eremu bera zeukan. Bi ondorio izan zituen horrek: populazioaren hazkundea oso txikia izan zen, eta jendea metatu egin zen. Hiria gora zabaldu behar izan zen, eta espazio libreetan eraiki. Asironek datu bat eman du horren lekuko: 1500. urtean Donostiako eta Bilboko biztanle kopurua 4.000 inguru zen, eta Iruñean 7.000 lagun bizi ziren. 1920. urtean Iruñeak 30.000 biztanle zituen, Donostiak 60.000 eta Bilbok 170.000. «Dudarik gabe, ikuspuntu historiko batetik, gotorlekuak eta Ziudadela Iruñeren garapenerako desastre bat izan ziren, Iruñeak Europako hiriburu izateko patua zuen 1500ean».
Gainera, dirudienez, ez zen lan erraza izan. 1915eko uztailean bota ziren lehenbiziko harriak, baina ekitaldi publiko baten itsura hartu zuen. Izan ere, 1918ra arte ez ziren benetako lanak hasi, eta 1920ra arte iraun zuen eraisketak. «Botatzea baimendu zen, baina erregeak ez zuen dena botatzeko baimena sinatzen», dio Asironek. Garai hartan plaza estrategikoa zen, beraz, horri buruzko erabakiak garaiko defentsa ministerioak hartzen zituen. «Oraindik kontsideratzen zen Iruñea harresiez inguratua egon behar zela defentsa arrazoiengatik, hiriaren benetako interesak batere kontuan izan gabe». Horrek luzatu zuen prozesua. Azkenean lortu zuten, eta hegoaldeko zatia bota zuten.
Herritarrak, inguraturik
Zaila da jakitea herritarrek noiztik zuten harresi hori botatzeko gogoa. Martinenak dioenez, XIX. mendean jendea itota sentitzen zen. «Medikuen txostenak ere badaude. Zabaldu ezin zitekeen hiria zenez, gora hazi behar zuen, beraz, logikoa den bezala, kaleak ilunagoak ziren, hezeagoak, makurrago haizeztatuak… hori medikuntza zegoen bezala egonda». Asiainek dioenez, XVIII. mendeko bidaiariek ere arazo horren berri ematen zuten, eta pena adierazten zuten hiria harresiengatik ezin zelako zabaldu. Harresitik kanpo bizi zirenentzat ere ez zen erosoa izanen, baina egia da horiek oso gutxi zirela. Martinenak azaldu duenez, Erdi Aroan bai, baziren harresiez kanpoko auzoak, baina konkista ondorengo harresiak eraiki zirenetik Txantrean eta Arrotxapean oso etxe gutxi zeuden; baratzezainenak. Gainera, harresiak bota arte, haietatik kanpo eraikitzea debekaturik zegoen. Salbuespen bakarrarekin: eraikinak zurezkoak izatea.
Iruñea ez zen harresirik zuen hiri bakarra, noski. Donostiak, adibidez, haiek eraisteko baimena lortu zuen Nafarroako hiriburuak baino 50 urte lehenago. 1863an izan zen hori, eta orduan sortu zen Kortazar zabalgunea. 1913an beste zabaltze bat izan zen, eta orduan finkatu ziren gaur egun hiribilduak dituen mugak. «Gipuzkoak goiz lortu zuen baimena [Espainiako] erregina bertara joaten zelako udaran. Donostia eta Gipuzkoako burgesiak harreman estua zuen Madrilgoarekin; aldaba onak zituzten», dio Martinenak.
Dena den, Iruñekoen antz handiena Baionakoek zuten. Erdi Aroko harresiek jatorri erromatarra zuten, eta Errenazimentu garaian harresi berriak egin zituzten. Hori zen Europan garatzen ari zen eredua. Baina, hala ere, Nafarroako hiriburuak bazuen berezitasun bat: kanpoko etsaiengandik babesteko ez ezik, barnekoak kontrolpean izateko ere eraiki zuten.
1512ko konkistaren ondoren, Fernando II.a Katolikoak Santiagoren gaztelua eraikitzeko agindu zuen —gaur egungo diputazioaren inguruetan—. Europako onenetakoa zen artilleriarako pentsatua zegoelako. 1521ean gaztelua nafarrek hartu zuten, eta horrek errezeloa piztu zuen gaztelarrengan. Beraz, 1571n Filipe II.ak Ziudadela eraikitzeko eskatu zuen. «Iraultzailea izan zen, garai hartako lekukotasunek eta testuek diotenez, gotorleku hori munduko hoberena zen», dio Asironek. Ziudadelako baluarteek bost puntako izarra osatzen dute, eta San Anton eta Victoria hiri barnera begira daude.
Lehenago sortu zen harresia, Karlos V.arekin. Berak sortu zuen Labriteko gotorlekua, Redin, Takonera… Hori da hobekien gorde den zatia, zaharrena, eta makurren ailegatu dena gaur egunera Filipe II.ak eraikitakoa da. XVII. eta XVIII. mendeetan kanpoko harresiak eraiki ziren, Gaztelugibel inguratzen dutenak. «Artilleria, ingeniaritza militarra eta gerra egiteko modua garatu ziren, eta etsaiari zailtasun handiagoak jarri nahi izan zizkioten», dio Martinenak. XVIII. mendean bukatu zuten Redin ingurua Pilar eta Guadalupe baluarteekin, eta kanpo gotorlekua osatu zuten.
Harresiena inbertsio garrantzitsua izan zen Martinenaren esanetan. «Iruñean, Italiako erregeorde eta ingeniari batek esku hartu izanak erakusten du egiten ari zirena garrantzitsua zela». Izan ere, «estatu gotorlekua» zen, lurralde hartan erregearen subiranotasunari eusteko. Helburua ez zen soilik kanpo inbasioari aurre egitea, Erdi Aroko eta Erromatarren garaiko hormekin ez bezala.
Balioa eman zaio
Gaur egun, aisialdi eremu dira helburu militarrak zituzten harresiak. Haien hiru laurden gorde dira, eta baluarte eta hirietako atari gehienak zaharberritu dira. «Estrategikoki — ikuspuntu militarretik ez, orain hirigintzaren ikuspuntutik— Gaztelugibelek izugarri irabazi du, eta gure central park bihurtu da», dio Martinenak. «Seguruenik, bere garaian ingeniariek bukatu zutenean ez zen hain ongi egonen, orduan lehenbailehen bukatu nahi zutelako». Asironek ere balioa eman dio ondareari, baina beste ikuspuntu batetik: «Monumentuak positiboak edo negatiboak izan daitezke. Ikuspuntu historikotik gotorlekuak konkista gogorarazten digu».
Harresien interpretazio zentroa ere ireki zuten 2011n. Han egiten du lan Jose Javier Lopez Antonek. «Harresiak ongi ezagutzea da helburua. Gure belaunaldiak galdera anitz zituen: zertarako, zergatik.. sortu zituzten? Bagaje intelektual bat da galderei erantzunak emateko», dio. Gainera, Baiona eta Iruñearen arteko elkarlana goraipatu du: «Baionako mutil eta neskak hemengo harresiak ikustera etortzen dira, eta hemengoak hara. Gauza polita da, eta pixkanaka gauza gehiago eginen ditugu». Interpretazio zentroan harresien egitura arkitektonikoa, historia eta garai bateko lanbideak ezagutzeko aukera dago, bideoen bidez betiere. Baina gauza bat argitu du Lopez antonek: «Hau ez da museo bat».