Arantxa Iraola / 2015-03-29 / 472 hitz
EHUko Elekin diziplina anitzeko ikerketa taldea, hizketa aztertuta —hiztunen jarioan agertu ohi diren aldaketei erreparatuta—, Alzheimerren eritasuna atzemateko sistema bat garatzen ari da.
Ingeniaritza gizartearen zerbitzura. Horixe du lelotzat EHUko Elekin ikerketa taldeak. Jakintzaren arlo askotan dihardu—biomedikuntza, robotika adimentsua, konputazio kognitiboa…—, eta diziplina askotako ikertzaileen topaleku da: matematikariak eta fisikariak ari dira, esate baterako, lantaldean, eta abokatu bat eta soziologo bat ere bai. Lemazain, koordinatzaile, Karmele Lopez de Ipiña zientzia fisikoetako lizentziadunak (Gasteiz, 1964) dihardu: adimen artifizialari buruzko doktore tesia egin zuen, euskarazko hizketaren ezagutzaren inguruan. Eta egunotan, hain zuzen ere, hizketarekin berriro lotura estua duen egitasmo bat aurkeztu dute: hiztunen jarioari erreparatuz Alzheimerren eritasuna atzematen lagun dezakeen sistema bat garatzen ari dira. «Tresna berri bat».
Esperientzia arrunt luzea dute Elekin taldean hizkera aztertzeko tresna automatikoen lanketan. Eta eskarmentu hori gaixotasunaren —«oso ezaguna da alzheimerra; denok dugu inguruan eritasuna duen norbait»— inguruko ikerketetara bidera zezaketela pentsatzen hasi zirela azaldu du Lopez de Ipiñak. Argi ikusi zuten hizkeraren galera bat izaten dela erietan, eta horregatik otu zitzaien solasetan gertatzen diren aldaketa horiek «zehazki neurtzeko» sistema bat garatzea interesgarria izan zitekeela. «Esaterako, ikusteko hizketan ari dela zenbatetan geratzen den pertsona bat, eta hilabete batetik bestera aldaketarik egon den horretan; baina neurtuz, betiere», esplikatu du. Hiztunen bat-bateko hizkera aztertzen ari dira —«hor gabeziak agertzen dira»—, eta, halaber, zer bide egon daitezkeen sendagileek pazienteekin protokoloz egiten dituzten hizkera azterketak automatikoki neurtzeko.
Hitz jarioari erreparatzen diote, batez ere: galera kognitiborik baden ikusteko. «Pertsona bat hitz egiteko gaitasuna galtzen hasten denean, hitzen bila hasten da burmuinean, eta, ondorioz, hutsuneak egoten dira: isiluneak». Horiei erreparatzen diete, bereziki. «Oso nekatuta gaudenean ere gertatzen zaigu, zenbaitetan: kosta egiten zaigu hitz egitea. Eta sistema automatiko baten bidez neur ditzakegu zehatzago horrelako gauzak». Ez dira bakarrik ari ikerketan: Euskal Herritik kanpoko hainbat ikerketa talderekin ari dira elkarlanean, eta informazio osagarri garrantzitsua jasotzen dute. «Madrilgo talde bat, adibidez, elementu biomekanikoak aztertzen ari da; esaterako, ahots kordak. Izan ere, hor ere nabaritzen da galera bat dagoela, eta hori ere neur daiteke». Horrela, tresna berriak eskaini nahi dituzte alzheimerra diagnostikatzen laguntzeko, ahal bada kostu ekonomiko urrikoak, eta ahalik eta eramangarrienak pazienteentzat; egiten errazak, eta oinazerik ematen ez dutenak, alegia. Diziplina askotako adituekin ari dira lanean, eta aberasgarria dela dio. «Eta guk beti egiten duguna da neurtu: kuantifikatu».
Medikuntzaren esanetara
«Jakina, horrelako proba batekin bakarrik ezin da, inola ere, diagnostikatu gaixotasun bat», zehaztu du Lopez de Ipiñak. Medikuek hainbat azterketa egin ohi dituztela gogorarazi du, eta tresna berriak eskaintzen jarraitzea dela asmoa. «Esaterako, aztertzen ari gara, baita ere, idazkeran edo marrazkiak egitean zer gertatzen den; saiatzen gara neurtzen zenbat kostatu zaion marrazkia egitea pertsona bati, zenbat denbora pasatu duen…». Horrelako sistemekin pertsonen bizitza gehiegi «monitorizatzeko» joera ez ote dagoen entzuten dute usu. Behar denean erabiltzeko direla argi du: medikuek gainbegiratuta. «Bizitzan egin behar duguna da bizi, eta arazoak ailegatzean, aurre egin; ito gabe».