Iñigo Astiz / 2015-04-19 / 861 hitz
Anbizioa eta esperientzia, biak ditu alde James Ellroyk. Eleberri beltzen maisu da, eta Los Angelesen alderik ilunena erakusten dute haren lanek. Aurrerantzean ere liburu «handi-handiak» idatzi nahi dituela dio.
Ireki diote atea, eta guztiak begira dituela dakienaren patxadaz egin du argazkilarienganainoko bidea, soinean gabardina gris luzea eta hawaiiar atorra daramatzala. Altxa du burua sabairantz, eta lehen ulua bota du: «Auuuuuuuuuu». Barrez jarri ditu zain zituenak, noski. Ongi ezagutzen ditu ikuskizunaren arauak, eta maite ditu. The Black Dahlia, The Big Nowhere, L.A. Confidential, White Jazz, American Tabloid,… Iraganeko Los Angelesko aurpegirik beltzena erakusten dute haren eleberriek, eta aspaldi da AEBetako eleberri beltzaren maisu nagusietariko bat bilakatu zela. Japoniarrek Pearl Harbour bonbardatu osteko Ipar Amerikan jarri ditu orain begiak, eta lau piezako liburu sortaren lehen alea kaleratu berri du: Perfidia. Promoziorako aukerarik ez du galdu Bilboko Gutun Zuria jaialdian. «Grrrrrrrrrrrrrr». Bere lurraldea markatu behar duen txakurraren parekoa dela dio, eta bere burua amerikar kutsuko gaztelania baldarrean silabaz silaba deskribatu ostean egin du zakur-marmarra. «Ni naiz James Ellroy txa-kur-han-di-e-ta-gaiz-to idazle izugarria». Bistan da: zinez maite du James Ellroy idazlearen rola James Ellroy idazleak (Los Angeles, 1948). Bilboko Azkuna Zentroan izango da gaur jendaurrean hizketan, 19:30ean.
Zure eleberriak nagusiki imajinazioa direla diozu, baina maiz aldarrikatu dituzu zure liburuak eleberri historikotzat.
Maite dut historia. Beti idatzi dut nire jaiotza eta nire kontzientzia piztu aurreko garaiei buruz. Orain Perfidia bukatu dut, eta niri dagokidanez, 1942ko urtarrilaren 1a da. Ez nago erotuta, eta badakit apirila dela eta Bilbon nagoela, baina ez ni horretara gehiegi lotu.
Erotismoa da jaialdiaren ardatza, eta zure liburuetan ere presentzia handia du gaiak.
Mutiko nintzeneko txiste batek esaten du dena. Hau zen txistea: «Sexua asmatu zuen tipoaren bila nabil; galdetu nahi diot ea zer beste ideiarekin dabilen orain lanean». Historiaz aparte hori da nire liburuen motor nagusia: gizonen eta emakumeen arteko batura sakratu eta konplexua.
Ahozkotasunaren zale zara zure liburuetako elkarrizketetan.
Bai horixe, moteltxo! Maite ditut aliterazioak, laidokeria arrazista, yiddisha, c hizkiarekin hasten diren hitzak k hizkiarekin hasten dituen Ku Ku Klax umorea, hitzontzikeria beltza, hipster jazz dialektoa, egiten ditut putazain imitazioak… Ikaragarri maite dut zabor hori. Frank O’Connor idazle irlandarrak hauxe idatzi zuen: «Bulgarizatu ezin den literatura ez da literatura, eta ez du iraungo».
Eleberri beltza ere literatura arruntzat jo izan dute luzaroz. Positiboa da hori zuretzat?
Oso umila izan daiteke eleberri beltza. [Isilune bat] Baina badakizu zer? Urteak dira ez dudala nobela beltzik irakurtzen, eta ez dakit zer esan. Nik eleberri beltza eta eleberri historikoa uztartu nahi izan nituen Los Angelesi buruzko kuartetoan [The Black Dahlia, The Big Nowhere, L.A. Confidential eta White Jazz liburuek osatutakoa]. Eleberri beltza, eleberri historikoa eta eleberri politikoa batu nahi izan nituen Underworld USA trilogian [American Tabloid, The Cold Six Thousand eta Blood’s a Rover liburuek osatutakoan]; eta orain hasi dudan kuarteto berrian eleberri historikoa eta erromantzea txertatu ditut. AEBetan, jendea arrunkeriaren beldur bizi da, eta oso zurrunak dira esan daitekeenari eta esan ezin denari buruzko kodeak. Zentsura handia eta autozentsura handia dago, egia esan, baina lege horiek haustea da nire asmoa.
Aurrez idatzitako liburuekin eta hasi berri duzun lan sortarekin 1941etik 1970era arteko Los Angeles eta AEBak kontatu nahi dituzula diozu. Anbizio handiko idazlea zara, eta arrisku handia hartu behar horretarako. Ez zaizu iruditzen anbizioak egun ez duela oso ospe onik?
Amerikako egungo kultura txiki geratzen zait, anti-amerikarra iruditzen zait, ironikoa, loturarik gabea, nihilista, minimalista…
Eta zu ez zaude eroso hor.
Ez. Nik liburu handi-handiak idatzi nahi ditut. Hori da nire plana.
AEBetako idazleen artean ohikoa da Amerika kontatzeari buruzko obsesio hori. Zuk ere sentitzen duzu halakorik?
Ez dakit gaur egun hala den, baina historikoki hor egon da obsesio hori, bai. Nik uste ni ere banaizela kategoria horren parte, baina nik kontatzen dudana da denbora bat eta leku bat, eta herrialde bat, eta hiri bat, eta benetako jendea, eta fikziozko jendea. Eta horrekin guztiarekin nire fikziozko historia sortu nahian nabil. Ez dut benetako historia edo beste inoren historia ordezkatzeko asmorik, baina goizetan txakurra kaka egitera ateratzea bezalako zerbait da. Beste txakur guztiei bertan egon dela eta horko arra bera dela adierazteko egiten du kaka, eta ni neu ere maiz erortzen naiz tranpa horretan. Txakurrak aldarrikatu beharra du bera dela el-pe-rro-gran-de [txakur handia]. Handiena eta onena izan behar du, eta hori da nire mentalitatea.
Sexu edukiak eta hizkera bortitza gorabehera, zure liburuek sakonean oso eduki kristauak dituztela esango nuke: zigorra, erredentzioa, kulpa…
Ni neu kristaua naiz, eta munduaren ikuskera kristaua dut, bai. Nire ustez, jendea da bere kalteen errudun bakarra. Ez dago aitzakiarik. Orain 30 urte ezagutu nuen errabino batek honela esan zidan: «Jainkoa gaur bertan Lurrera itzuliko balitz, gauza bakarra izango luke guri esateko. ‘Zuek zarete errudunak’». Sakonki sinesten dut hori.
Kontrajarrita dirudite txakur uluak egiten aritzen den zure pertsonaia publikoak eta etxean isilik orduak pasatzen dituen idazleak.
Txakurra suelto dabil. Bidaiatzen dut Espainiara edo Frantziara eta jendeari ulu egin eta ongi pasatzeko aukera izaten dut. Gustatzen zait egiten dudana egitea, eta gustatzen zait egiten dudan hori jendearekin partekatzea. Maite ditut irakurleak, eta gustatzen zait nire liburuak irakur ditzaten. Ez dago 45 minutuz bere lana irakurtzen eztulka eta irakurketetan etengabe galtzen den idazle sentiberegi bat baino gauza okerragorik! Zuzena den norbait nahi duzu. Nik ongi pasatzen dut.
Hori zen dena, mila esker.
Ez horregatik. Orain, alde.