Ander Perez / 2015-04-17 / 491 hitz
Pablo Antoñanaren ‘Kronika txikia’ euskarara ekarri du Pamiela argitaletxeak, Luis Mari Larrañagak itzulia.
Idazle maitatua da Nafarroan Pablo Antoñana (Viana, 1927-Iruñea, 2009). Maitatuenetakoa, akaso, nafar idazleen artean. Herenegun, Pamielak euskarara ekarritako Kronika txikia liburuaren aurkezpenean, nabaria zen maitasun hori. Mahaian ziren senideak, Toño Muro Antoñanaren obran aditua eta Luis Mari Larrañaga itzultzailea. Beste aldean, kazetariok, eta Hits eta Fits Zumarragako literaturzaleen taldekoren bat ere bai, idazlea goratzen, eta serio, txantxetan baino gehiago, hararentzako eskultura bat galdegiten. Familiako giroa, non eta Iruñeko Auzolanen, Antoñanaren liburu denda kutunean.
Pamiela argitaletxeak argitaratutako liburuetan lehena izan zen Kronika txikia; 1984an argitaratu zuen. Baita, Txema Aranaz argitaletxeko arduradunetako baten hitzetan, Pamielaren beraren «eragileetako» bat ere, berez Antoñanari buruzko aldizkari bati laguntzeko argitaratutako aleak bidea ireki baitzien beste dozenaka libururi, eta gaur Pamiela dena osatu. Orain, berriro ere, lehena da Kronika txikia, kasu honetan, Antoñanaren nobeletan euskaratzen lehena. Aurretik, bazuen itzulitako ipuin eta testurik. Eleberririk ez, ordea. Eta, horregatik, Antoñana «harro» legokeela esan du Elvira Antoñana haren alabak, harro «bere liburu maitea euskaraz» ikusita. Pozik, «garrantzitsua» zelako harentzat euskara, zahartzaroan ikasitako hizkuntza. Eta aita «pozik» legokeelako, «pozik eta harro» senideak ere, alaba biak eta alarguna.
Antoñanaren bibliografia zabalean, «arrakastarik handiena» lortutakoa da Kronika txikia, Muroren hitzetan. «Mugarri» bat idazlearen karreran, «idazkeraren heldutasuna» agertzen duena. Gerra garaiko jauntxo familia baten gainbehera kontatzen du nobelak, izenik gabeko hiri batean, ez urrunegi, ziurrenik, idazleak asmatutako Ioarko Errepublikatik. Familia baten amiltzea, Nafarroako hego-mendebaldeko eremu hartan, Maria Josefa Marañon neskamearen begietatik kontatua. Mundu bien artean dago neskamea, herri xehe eta goi mailako familien artean. Biak ulertzen ditu, biak ezagutzen, «erdian» dagoelako, Larrañagaren hitzetan. Eta erdian egote horrek «barne gatazkara» darama. Familiaren etxea «gain behera» doa bitartean. Geldirik daude erlojuak, hautsez beteak altzariak. «Metafora da etxea bera», Larrañagak dioenez, «gain behera doan familia eta beharbada sistema osoaren metafora».
Istorio luze baten fruitu
Istorio luze baten emaitza da Pamielak argitaratutako liburua. Zumarragan (Gipuzkoa) hasi zen guztia, 1996an, bertako Hits and Fits bandak Antoñanari omenaldia egin zionean. Ekitaldirako, eta idazleari opari gisa emateko, zerbait itzultzeko gonbita egin zioten Larrañagari. Juli andrea ipuina euskaratu zuen hark, eta baita «gustura geratu» ere. Gerora, «burua berotuta», beste zerbait itzultzea ere pentsatu zuten. Eta hala hasi zen Larrañaga, hitzez hitz, atzo aurkeztutako liburua itzultzen. Urte askoko lana izan da. Batetik, Murok esan duenez, lexiko eta sintaxi aldetik zaila delako liburua. Bestalde, Larrañagak berak aitortu duenagatik: «arazoa da irakurtzen dudan bakoitzean aldatu behar dudala». Hala, «dozena bat» bertsio egin eta gero, behin betiko itzulpena argitaratu zuten Zumarragan, 2011n, Antoñana hil berriari omenaldi egin nahian. Kontrazalean ohar hau idatzi zuten: «Liburu hau ez dago salgai. Pabloren lagunen artean banatzeko da».
Orduko hura da orain Pamielak argitaratu duena, «dozena bat gauza bakarrik aldatuta». Oraingoan bai, salgai jarriko dute. Eta lan gogorra izanagatik, «asegarria eta pozgarria» izan da Larrañagarentzat. Familiak ere eskertu dio ahalegina, eta zorionak eman. Zorionak ere bai euskaldunontzat, oro har. Blanca Antoñana idazlearen alabaren hitzetan «euskal irakurleentzat egun handia» izan baizen herenegungoa. Handia, azkenean Antoñanaren nobela bat euskaraz irakurtzerik badagoelako.