Igor Susaeta / 2015-03-29 / 520 hitz
Herberto Helder hil zen joan den astelehenean. Lan latzak, ilunak, ukitu surrealista zutenak, osatu zituen, eta azken urte hauetako poeta portugaldar entzutetsuena izan zen.
Bada jada anekdota gisa har daitekeen gertaera bat, Herberto Helder (1930-2015) poeta portugaldarraren nortasuna, munduan egoteko modua, ederki laburbiltzen duena. Fernando Pessoa sariak alderdi zientifiko, artistiko edo literarioan nabarmentzen diren portugaldarrak saritzen ditu 1987az geroztik. Sari oso entzutetsua da han. Helder saritzea erabaki zuen epaimahaiak 1994an, baina egileak uko egin zion. «Ez esan ezer inori, eta eman saria beste bati», aholkatu zien poetak epaimahaikideei. Ezkutuan zegoen poeta izan nahi zuen aurrerantzean ere. Gorroto baitzuen bere lanaren sustapena egitea, elkarrizketak ematea —baziren 40 bat urte ez zuela bat bera ere ematen—, ekitaldi sozialen zurrunbiloan murgiltzea. Misantropotzat ere hartzen zuten batzuek. Kontua da bere obra zuela, besterik ez, erabateko mundu. Joan den astelehenean hil zen azken berrogeita hamar urteetako Portugalgo poeta entzutetsuena.
Eta obra sendoa eta oparoa utzi du ondare gisa. Latzak ez ezik, originalak eta zehatzak ere baziren haren poemak. Gehienbat, amodioari buruz idatzi zuen —bere alderdirik erotikoenean—, eta, azken urteotan, heriotza ere eraman zuen bere hitzetara. Haren poetikak irudi boteretsuak iradokitzen ditu, iturri mistikoetatik zein surrealistetatik edaten dutenak. Arthur Rimbaud frantziarraren lana zuen gogoko, batez ere. «Helderren poesiaren handitasuna hemendik urte batzuetara ulertuko da orain baino hobeto. Haren eragina Fernando Pessoak [1888-1935] eta Luis Vaz de Camoesek [1525-1580] eduki zutenarekin parekatu daiteke», adierazi du Arnaldo Saraiva Portoko Unibertsitateko irakasle eta hilberriaren lagunak.
O Amor em visita (1958) izan zen Helderren aurreneko liburua. Horretan, jada, argiki ematen du bere obra elikatu duten bi gaien berri. Zera dio poema batean: «Espasmo bakoitzean, ni zurekin batera hilko naiz». 2013an Servidões kaleratu zuten, autorearen obrarik biografikoena. Eta Morte sem Mestre 2014) izan da, hain zuzen, Helderren azkeneko liburua —poetak berak errezitatutako poema batzuekin, CD bat ere banatu zuten lan horrekin batera—, eta bidean dozena bat inguru gehiago osatu zituen: O bebedor nocturno (1968), O ofício cantante (1968), O Corpo o Luxo a Obra (1978),Última Ciência (1988), Do Mundo (1994)… Ukitu existentzialeko lan argitaragabe bat utzi du, gainera, Saraiva irakasleak aitortu duenez. Helderren lanetako batzuk gaztelaniara, italierara eta frantsesera itzuli dira.
Poeta portugaldarraren nortasun bereziaren berri ematen duen beste datu adierazgarri bat da bere liburuen edizio bakarra baimentzen zuela; 5.000 bat alekoa.
Hainbat ofiziotan ibilia
Madeira uhartean jaiotakoa zen, Ozeano Atlantikoan, eta Coimbrara jo zuen, unibertsitatera. Matrikulatu zen aurrena Zuzenbidean, gero Filologia Erromanikoan, baina ez batean ez bestean ez zen lizentziatu. Izan ere, 50eko hamarkadan nahiago izaten zuen Lisboara joatea eta Cafe Gelon, mahai baten bueltan, Mario Cesariny, Luiz Pacheco, Antonio Jose Forte, Joao Vieira eta Helder Macedorekin, besteak beste, tertulia literarioak edukitzea. Ondorengo urteetan, Frantzian eta Belgikan ere bizi izan zen, eta bazterreko lanei esker lortu zuen bizirik irautea. Izan ere, hainbat ofiziotan lan egin zuen Helderrek: bankuko kutxazain, farmazia enpresa bateko publizista, meteorologo, kalez kaleko liburuzain… Irrati esataria ere izan zen, baina Antonio de Oliveira Salazarraren diktadurapean (1933-1974) kaleratu egin zuten, Sadeko markesaren liburu baten argitalpenean parte hartzeagatik. Gerrako berriemailea ere izan zen Angolako gerran, 1970eko hamarkadaren hasieran. «Oraindik mendebaldeko zibilizazioaren pean ez zegoenez, Helderrek esaten zuen hura mundu naturala zela», esan du Saraivak, lagun zuenak.