Juan Luis Zabala / 2015-05-28 / 589 hitz
Pertsonaia nagusiak eraman du Koldo Izagirre ‘Lorea Gernika, andrazko bat’ idaztera. Nobelak «andrazko idazleei» zor handia diela aitortu du egileak. 53 pasarte autonomok osatzen dute obra.
Egilea prentsan argitaratzeko asmoz idazten hasi zen artikulu labur batzuetan du jatorria Koldo Izagirreren (Pasaia, Gipuzkoa, 1953) Lorea Gernika, andrazko bat nobela argitaratu berriak (Susa). «Lorea Gernika, andrazko bat honetan ageri diren pasarte asko prentsarako txatal moduan pentsatuak neuzkan, astean behingo kolaborazio bat egiteko», azaldu du Izagirrek. «Idazten jarri, eta, luzera gabe, pertsonaia nagusitu zitzaion anekdotari. Gero eta garapen handiagoa eskatu zidan andrazko honek. Ezinezkoa egin zitzaidan prentsak derrigor behar duen karaktere kopuru zehatz eta murritzera mugatzea».
Nobela osoan hara eta hona dabilen emakumea da Lorea Gernika, adinean aski aurreratua eta baliabide ekonomikoz autonomia osoz bizitzeko lain hornitua, seme eta errainengandik iheska bilobekin ondo moldatzen dena. Liburuak Lorea Gernikaren 53 pasadizo biltzen ditu, eta pasadizo horietako edozeinetatik has daiteke irakurtzen, denak autonomoak baitira. Baina bada liburu osoa hasieratik amaierara «josten duen hari mehe bat» ere, eta horrek liburua hasieratik irakurtzera bultza dezake irakurlea, «nobelak irakurtzen diren bezala». Izagirrek ez daki liburua nobela bat den edo ez, eta ez zaizkio interesatzen gisa horretako «eztabaida akademikoak». Ontzat eman du nobelatzat hartzea, Gorka Arrese Susako editoreak hala izendatu duelako. «Nobela ez da nobelaz daukagun uste arrunt horretakoa», ohartarazi du hala ere.
Lorea Gernikak «ez du helburu jakinik» liburuan. «Ondorioz, ez dago nobela beltzean edo nobela zurian hain funtsezkoa den intrigarik. Bere ibiliak ez dira ezer lortzeko, lehen inpresio batean behintzat. Ibili horietan, ordea, istripuak sortzen zaizkio, guztiz gehienak halakorik bilatu gabe». Istripu horiek moldatzen dute haren nortasuna.
Lorea Gernikak ez dauka «ez diskurtsorik, ez pentsamendu egituraturik», eta «zentzumenen bidez» ulertzen du mundua. «Hunkibera dela erran gabe doa, beraz. Zentzumenetik ulertzera kondenatu dut andrazkoa. Horrelaxe irudikatzen zuten XIX. eta XX. mendeetan gizonezkoek emakumeen literatura: zentzumenen literatura, histeriazko literatura. Garuna gizonezkoen jabego pribatua zelako». Nahita kokatu du pertsonaia «topiko horretan», eta horrek «borroka bat azaltzeko» balio izan dio: «Emakumezkotasunaren topikotik irteteko Lorea Gernikak egin dituen saioen bilduma da liburua».
Amaia Ezpeldoirekin
Saio horietan Itxaro Bordaren hainbat nobelatako detektibearen laguntza du Lorea Gernikak, Amaia Ezpeldoirena. «Haren galdera eta komentario labur eta zorrotzei esker, ideiatan antolatu ahal izan du Lorea Gernikak zentzumenen emana. Garuna deskolonizatu duela esan genezake».
Protagonistaren harat-honat etengabean, lekuek garrantzia dute. «Lekuetan sortzen dira gertakariak, eta lekuek berek baldintzatzen dute deskripzioa eta estiloa ere, zer esanik ez bokabularioa, hitz hau edo beste hura».
«Nabarmena da arrebaren presentzia arrebarik ukan ez duten zenbait egileren lanetan», Izagirreren ustez, eta halakotzat du bere kasua ere. «Egoera batzuk irudikatu nituen hasieran; lauzpabost zirriborratu nituen. Gero, apurka eta kasik oharkabean, protagonista jabetu zen nire eskuaz eta buruaz. Haren berri jakin nahi izan nuen, nolakoa zen, zer sentitzen zuen… Izugarri arin idaztera behartu ninduen. Kateatuta eduki nau andrazko honek. Kuriositate horrek eraman nau, ukan ez dudan arreba gogoan, misterio bat argitu nahian bezala, gizonezkook emakumezkooi buruz dihardugunean erabiltzen dugun beste topiko bat ametitzen badidazue».
Lorea Gernika «gizonezkoon mundua azaltzeko bitartekaria» ere izan dela uste du. «Agian, oharkabean, gizonezkoon erretratu patetiko samarra egin dut hemen, eta uste dut merezia daukagula. Ez nezake uka».
«Andrazko idazleei» zor handia die liburuak. «Beharrik emakumezkoa ez dago jadanik gizonezkook antolatutako femeninoan, eta literatura bat ari dira sortzen hizkera eta balio sano batzuekin. Eskerrik anitz, beraz, barnean daramadan arra eta harra aldiro lurperatzen dizkidaten andrazko guztiei eta endemas idazten dutenei. Hizkuntza generoen arteko gatazkaren borrokalekua da gaur. Literaturaren objektu izatetik subjektu izatera heldu zaigu andrazkoa, eta gure hizkera arrunt honek ez digu balio. Seguru nago gizonezkoon segurtasuna kolokan jarri duten idazle gazteon lanek hizkera unibertsalera hurreratzen dutela gure hizkuntza».