Iñigo Astiz / 2015-05-25 / 1.089 hitz
Nevadako gobernadore izatea lortu zuen Paul Laxaltek, eta, errepublikanoa izan arren, beltzen boto eskubidearen alde egon zen 1960ko hamarkadan. Zuberoatik AEBetara joandako euskaldunen seme zen, eta horrek eragina izan zuen haren jarreran. Fikzioan ere badu isla haren kasuak.
Benetakoa da abiapuntua. 1965ean, AEBetako legediak dantza debekatu zien New Yorkeko kaleetan Nafarroako bi beltzi. Tentsio arrazial handiko garaiak ziren. Malcolm X beltzen askapen mugimenduko liderra hil zuten urte hartan bertan, eta, beltzen boto eskubidearen alde egiteko, Selma izeneko Alabamako herrixkatik Montgomery hirirainoko martxa gidatu zuen Marthin Luther Kingek. Garai funtsezkoa izan zen, baita tentsio handikoa ere, eta horregatik dantzaren debekua. Konpartsako bi erraldoi beltzak sorterrian uztea erabaki zuten New Yorkera desfilatzera gonbidatutako Iruñeko Erraldoi eta Buruhandien konpartsako kideek. Erraldoi zuriak Bosgarren Etorbidean dantzan, eta erraldoi beltzak Iruñeko biltokian geldi. Horraino dena erreala. Baina hortik aurrerakoak kontatzen ditu Fermin Muguruzak, Harkaitz Canok eta Jorge Alderetek sortutako Black is beltza komikiak. Fikzioa dator gero, ordea: pantera beltzen laguntzaile bilakatzen da Manex izeneko euskal herritarra, joaten da Kubara, Mexikora, tiroak, espioiak… fikzioa. Eta, halere, ezin esan beltzen berdintasunaren aldeko mugimenduan euskaldunek presentziarik izan ez zutenik.
Datu erreal bat. Zuberotarren seme batek sartu zuen lehenengoz pertsona beltz bat Nevadako agintaritzan: Paul Laxalt Nevadako gobernadore izandakoak, hain zuzen ere. AEBetara artzain joandako Dominique Laxalt zuen aita, eta AEBetara zerbitzari joandako Therese Laxalt ama —Therese Alpetxe, ezkonaurreko izenez—; errepublikanoekin aurkeztu zen hauteskundeetara, eta 1967tik 1971ra izan zen Nevadako gobernadore, eta 1968an sartu zen William Wynn abokatu afro-amerikarra gobernuan. Lehena. Horraino datua. Baina fikzioa du lagun gertakari historikoak. Izan ere, idazle zuen anaia Laxaltek, eta gobernadorearen ibilbide politikoa hartu zuen oinarri The Governor’s Mansion idazteko. Nahasi egin zituen lan horretan errealitatea eta fikzioa Robert Laxalt idazleak. Erabat nahasi. Haren hitzak dira: «Inork galdetuko balit zein diren The Governor´s Mansion liburuan agertzen diren guztien artean benetan gertatu zirenak, ez nuke asmatuko esaten».
Alde, oso alde
Bitxia da kasua, izan ere. Beltzen eskubideen aurka egin zuten oro har errepublikanoek AEBetan garai hartan, baina alde kokatu zen Laxalt gobernadorea. Ronald Reagan presidentearen gertuko, Panamako kanalaren kontrola Panamak hartzearen aurkako, eta, halere, ardi beltza, nolabait, artalde zurian. Zergatik jarrera hori beltzen boto eskubidearen inguruan? Nobelatuta dator pasartea. Laxalt izenik gabe, baina Laxalten bizipenetan oinarrituta, Leon Indart izeneko pertsonaiaren ahotan. Hauteskunde kanpaina betean haien aurkako zurrumurruren bat zabalduko duela esaten dio oposizioko kide batek, eta hau Indarten erantzuna.
«Errepublikanoa naiz, eta suposatzen da errepublikanoak sehaskan daudenetik direla eskubide zibilen aurkakoak. Ez luke boto askorik aldatuko zurrumurru horrek». Isildu egin zen Leon une batez eta ia irribarre bat marraztuz jarraitu zuen. «Kontrara, eskubide zibilen legediaren alde nagoela haizatu bazenu, orduan boto kontserbadore batzuk galdu izango nituzkeen».
Baina ez du berehalakoan uzten gaia Indartek. Eta Laxalt igarri daiteke haren hitzen atzean.
«Argi eta garbi utziko dizut […] herri minoritario batetik natorrelako nago ni eskubide zibilen alde. Oso alde».
Herri minoritarioa. Euskaldunez mintzo da Leon, noski, eta Robert Laxalten jaiotzak eman dezake AEBetara joandako euskaldun haien minoritariotasunaren froga; Laxalt idazlearenak, alegia. «No name Laxalt». David Rio literatur ikerlariak azaldu duenez, horixe da haren jaiotza agirian ageri den izena. «Izenik ez Laxalt». Eta eman du azalpena: «Medikuak ezin izan zuen jaioberriaren nortasun osoa deskubritu, Amerikara heldu berri zen eta ingelesik apenas zekien Therese amarekin hitz egitea zail egin zitzaiolako». Egun batzuetara heldu zen aita ospitalera, elur ekaitz batek harrapatu baitzuen mendian artzain zebilela, eta orduan heldu zitzaion izena umeari: Robert Laxalt. Ez da anekdota hutsa, ordea. Balio du pasadizoak garai hartako euskaldunen bizimodua eta egokitzeko zailtasunak azaltzeko, eta hori da, hain zuzen ere, Leon Indart pertsonaiaren diskurtsoan igartzen dena. «Herri minoritario batetik natorrelako nago ni eskubide zibilen alde».
Gizon zuriaren aurkari
«Tramp Sheepmen». «Dirty Bascos». Eta baita «Black Bascos» ere. Artzain arloteak. Basco zikinak. Basco beltzak. Irain horiek entzuten zituzten AEBetako euskal artzainek XX. mende hasieran. Bereziki mingarria da Asun Garikanok Far Westeko Euskal Herria liburuan (Pamiela) erreskatatzen duen 1909ko Caldwell Tribune egunkariko artikuluko pasartea ere. «’Bascoen’ bizi maila eta negozioak egiteko modua txinatarrenen parekoak dira. Baina badituzte ezaugarri gogaikarri batzuk txinatarrek ez dituztenak. Zikinak, traidoreak eta muturluzeak dira». Eta azken traka: «Ez dute harremanik beren klanekoekin baino eta zital hutsak dira, baina hemen kokatuta daude, eta zerbait egiten ez bada, bizitza ezinezkoa egingo diote gizon zuriari».
Bitxia da kasua. Izan ere, liburu bati esker hasi zen euskaldunen irudia aldatzen. Fikzioak bultzatu zuen errealitatea. Robert Laxaltek bere aita zuberotarrari buruz idatzitako Sweet Promised Land memoria liburua izan zen gakoa. Hark bultzatu zuen amerikarren begietara Black Bascos izandako haiek zuri bilakatzen hastea. Miel Angel Elustondo kazetariak idatzitako Western Basque Festibal liburuan dator azalpena (Susa): «Sweet Promised Land-ek lau haizetara zabaldu zuen euskaldunen berri ona Amerikako Estatu Batuetan. Euskaldunen artean ez ezik, anglosaxoniarretan ere bai. Izan ere, hauek ziren editore eta argitaletxearen arduradunak; ez euskaldunak. Nevadan, Kalifornian, Idahon, Wyomingen, Washingtonen… ordu arte black Basquo izanak, zuriaren parralera igo zitezkeen, lotsa galtzen hasi, katakonba ezkututik irten eta etnien katakonbetara bere burua azaldu. Batzuk beste batzuk baino harroago, beti ere». Rio ikerlariak azaldua duenez, haizea alde zuela atera zen Laxalten kontakizuna. Nolabait ere, giroa jatorria agertzearen aldeko bihurtu zenean. Baina ezin ahaztu iraganeko zailtasunik.
Robert Laxalten hitzek balio dezakete hori ulertzeko. «Gure belaunaldiari hiriko zereginetan eta lanbideetan jardutea suertatu zitzaion. Baina gure aitak zer-nolako gizonak ziren ikusiak ginen. Probatua genuen haiek eramandako bizimodua, haiek ibilitako lurraren mugagabetasuna, haiek ezagututako bakardadea. Guk, Ameriketako euskal artzainen seme-alabok, gogoratu egingo genuen». Eta oroitzapen hori izan liteke, hain zuzen ere, Paul Laxalt eskubide zibilen alde lerratu zuena. Edo, behintzat, fikzioak ematen du aukera hipotesirako. Hor dago Leon Indart pertsonaiaren esaldia: «Suposatzen da errepublikanoak sehaskan daudenetik direla eskubide zibilen aurkakoak». Baina eskubide zibilen aldekoa izan Indart. Eta eskubide zibilen aldekoa Laxalt ere.
Black Pantherren mehatxua
Ez da hori The Governor’s Mansion liburuan tentsio arrazialari egiten zaion erreferentzia bakarra. Matin Luther Kingek Selma herritik hasitako martxaren garaia da; Malcolm X liderraren heriotzarena. Hatz puntetan dute AEBetako beltzek boto eskubidea, eta bizi doaz protestak, errepresioa, tiroak… Eta giro hori ere islatzen du Robert Laxalten nobelak. Narratzailea mintzo da:
«John Kennedyren hilketaren ondoren jopuntu bilakatu ziren goi mailako funtzionarioak. Leonek ere hurbil izan zituen tiroketak. Tiro saioa izan zuten polizia batek eta jauregiko garaje kanpoan ezkutuan zebilen hiltzaile gai batek. Nire anaia Genek behin Las Vegasetik deitu zigun Pantera Beltzek Leon hurrengo egunean hilko zutela zioen polizia abisu batekin. Leonek gorroto zituen segurtasun neurriak, baina itsatsita izaten zuen beti Bill Skinner laguntzailea bere FBIko entremanentu eta bere pistolarekin, eta ez zen ezbeharrik izan».
Laxalt idazlearen fikzioaren ispiluak desitxuratuta datoz gertakariak, eta ezin ziur jakin mehatxuak benetakoak ote ziren. Ezin zehaztu zenbat duen Leon Indartek Paul Laxaltez, baina hori da egia: eskubide zibilen borrokan euskaldunak ere izan ziren.