Anjel Lertxundi / 2015-05-28 / 108 hitz
Hizkera bizitu, bizkortu, koloreztatu. Haren hautsak, goroldioak, herdoilak, orbela kendu. Hizkuntzara ekarri ditugun izurriteak —asperdura, abstrakzio alferrikakoak, anbiguotasunak, eufemismoak— herra osoz pertsekitu eta gure erantzukizunak zurruntasun osoz aztertu. Hizkuntzarekin paseatu, dantza egin, eta baita mendiak eskalatu ere, eskalatzaileen pasioz, ordea. Hizkuntzaren plazera bilatu pasio erotikoz, berarekin oheratu eta zorte on!
Ederki, ez nadin pasa beroan. Baina mundua aldatu nahi omen dugu: hizkuntza aldatu gabe, nekez. Hizkera herdoildu batek errealitatea herdoiltzen du, hizkeraren grisak mundua grisagoa bihurtzen, eufemismoek gezurrez gainezkatzen, hizkera baldar bidegabe batek bidegabekeria barreiatzen.
Aurrerakoitzat dauzkagu gure buruak, baina erreparatu ondo han-hemen daralbigun hizkerari, aztertu ez ote den grisa, kakademiko burokratikoa, errutinaren obramendua, lapa-zorriak ere loarazteko modukoa…