Imanol Mercero / 2015-05-17 / 156 hitz
- Idazlea eta ilustratzailea: Ole Lund Kirkegaard
- Itzultzailea: Garbiñe Ugarte
- Argitaletxea: Sushi Books
Amaitu berri dute bederatzi alez osatutako Ole Lund Kirkegaard idazle daniarrari buruzko bilduma Sushi Books argitaletxe galiziarrekoek. Eta pozik, oso pozik nago.
Ezohiko idazle horrek haurren bihurrikerien katalogo bat osatu zuen bere obran zehar, liburu bakoitzeko protagonista desberdin baten itzalpean, baina guztietan azio berriak eskainiz. Konparazio baterako, Tom Sawyerren eta Pippi Kaltzaluzeren arteko nahasketa batetik sortutako obra dela esango nuke. Egitura antzekoa zen liburu guztietan, baina ezin esan, hala ere, eboluzio bat egon ez zenik. Azken tituluetan bihurrikerien segidak eskaintzen dira, besterik gabe, baina hastapenetako seietan pertsonaiek nola-halako ibilbide bat osatzen dute.
Guztietan lehena, 1967an idatzia, Virgil Txiki da. Liburu honek gerora hain ohiko bihurtuko ziren ezaugarriak jada erakusten ditu, oinutsik dabiltzan, fruta lapurtzen eta bihurrikerietan iaioak diren haur herabeen eskutik: «—Zer da atxilotu bat? —galdetu zuen Virgil Txikik. »—Kapela moduko bat, uste dut —esan zuen Oskarrek—. Liburu batean irakurri nuen».