Epidemiak

Garbiñe Ubeda / 2015-04-22 / 159 hitz

Globalizazio biologikoaren paradigmetako bat omen da tigre-eltxoa. Kolonizatzaile arriskutsua, gizakiaren jarduna profitatu zale porrokatua eta gainera alua. Hain zuzen ere, emea da aluetan alu, harenak baitira ugaztunen CO2 hatsa detektatzeko biboteak, eta arrastoari jarraiki, harraparia ondo heltzeko tronpa. Odola ezinbestekoa du, horrek ez bestek emango baitio bartzak jartzeko behar duen proteina. Bakar batek egindako lanetik 80 tigretxo sor litezke astebeteren buruan. Eta arrak eta emeak proportzio berekoak direla kontua eginik, horien erdiek 3.200 kide berri munduratuko dituzte zazpigarren egunean. Hilabeteren ondotik, noski, plaga latza.

Behinola pneumatiko zaharren garraioa baliatuz Europartu zena, Sud Ouest-eko notizia nagusi bilakatu da berriki. Etxeko ataritik gertu dukegula eta, paranoiak jota gauzka gogaikarri horrek; bere tuak larruazalean eragiten duen erreakzioagatik eta oinazeagatik baino gehiago, transmiti ditzakeen birus tropikalengatik, dengea dela edo chikungunya dela.
Farmazia laborategiek eta pestizida fabrikatzaileek ez dute konponbiderako grina handirik erakutsi oraintsu arte, mundu txiroan urtero 50 milioi lagun kutsatzen diren arren. Eta honenbestez, ekidinezina da galdera:
Zein da hemen espezie oportunista?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.