Zihara Enbeita / 2015-05-28 / 238 hitz
Askok jakin ez arren, Jolasaren Nazioarteko Eguna da gaur. «Baina ba al du zentzurik egun horrek?», esango du baten batek, eta aldarrikapen beharrik ere ez dute ikusiko askok. Zoritxarrez, badago zer aldarrikatua. Helduok jolastea baino gauza serioagoak ditugulako egiteko eta haurrei denbora eta espazioa kendu diegulako jolaserako, eta eskolak edota eskolaz kanpoko jarduerek hartu dutelako denbora libre hori.
Jolasa denbora-pasa hutsa dela uste dugulako jokatzen dugu horrela, baina jolasa hori baino gehiago da. Jolasa bada ondo pasatzea, baina jolasa gatazkak konpontzen ikastea ere bada, jolasa garapen fisikoa da, jolasa sorkuntza da, jolasa matematika da, jolasa garapen emozionala da, jolasa giza harremanak lantzea da, jolasa norbere ezagutza da, jolasa mundua deskubritzea da…
Jolasa aukera bat dela uste arren askok, jolasa beharrezkoa da. Garapen fisiko, sozial, mental eta emozionalerako guztiz beharrezkoa.
Haurren eskubideen gaineko Nazio Batuen hitzarmeneko 31. artikuluak dioen moduan, eskubidea da jolastea. Aspertzeko eskubidea ere gehitu beharko genuke, baina hori beste baterako utziko dugu.
Gema Cotallok irakasleak gaur estreinatuko duten Imagine Elephants dokumentaleko aurrerapenean dioen moduan, «umeek ez dute behar guk eurak entretenitzerik. Umeek askatasuna behar dute euren buruak neurtzeko». Francesco Tonucci psikopedagogoak ere argi du jolastea eta laguntzea ez direla bateragarriak; bai, ordea, jolastea eta uztea. Jolaserako denbora gutxi eta, gainera, berau zuzentzeko joera dugu. Ahaztu dugu arriskua berekin dakarrela jolasteak eta zuhurtziaz jokatzen erakusten digula. Etengabe esku hartzeak eta haurrak gehiegi babesteak ez dakarrela ezer onik. Eman diezaiegun haurrei denbora, espazioa eta askatasuna munduak eraikitzen jarraitzeko.