Arantxa Iraola / 2015-05-16 / 953 hitz
Sinesmen eta usteetan oinarrituta zientzian aritu nahi dutenen kontra izaniko eztabaidek egin dute, bereziki, ezagun eta ateismoaren defendatzaile sutsu. Ikergazten izan da, ikertzaile gazteekin solasean.
Hil arte bizi, ordura arte ez izi. Euskarazko esaldi hori pantaila batean idatzita erakutsiz amaitu zuen P.Z. Myers ikertzaileak (Kent, AEB, 1957) asteartean Durangon (Bizkaia) Ikergazte kongresuaren inaugurazioan eman zuen hitzaldia. Hasieran, berriz, neska gazte baten irudia erakutsi zuen. Irribarretsua. «Nire alaba da; oso harro nago hartaz». Azaldu zuenez, hitzaldira eraman zuen ikertzailea delako hura ere, eta gaztea, eta emakumezkoa. «Hemen dauden asko bezalaxe». Ofizioaren defentsa egin zien, eta sineskeria klase guztiak “AEBetako errealitatea izan zuen hizpide; kreazionismoaren eta diseinu adimentsuaren inguruko mugimenduen eragina” albora laga gabe jardutearen arriskuez abisu eman zuen. Pharyngula blogaren bidez, urteak daramatza gai horien inguruko gogoetak sustatzen. Bere jakintza alorretik aritzen da: eboluzioaren biologiatik.
Ateismoaren defendatzaile sutsua izateak egin zaitu, hein handi batean, ezagun. Polemikak izan dituzu, eta fededun asko ere asaldatu dituzu. Konfrontazioaren bidea egokia al da?
Zalantzarik gabe, aurre egin behar zaie; esan behar zaie sinesten duten hori oker dagoela. Baina, hala ere, ulertu behar da ez dutela sinesten analisi zientifiko baten ondorioz; sinesten dute, esaterako, ba beren kideek sinesten dutelako, eta abar. Horregatik, horren kontra borroka gogor bat egiteak ez du emaitzarik. Saiatu behar da esplikatzen zergatik dauden oker eta zergatik den ona beraientzat ere zientziak aurrera egitea.
Baina arrazoiaren bitartez egin dakioke aurre arrazoirik ezari?
Kontua da horrelako sinesmenak dituen jendeak ere garuna duela, eta arrazoiaren bidez pentsatzeko gaitasuna. Horregatik, zuzenean beren sinesmenen kontra egin beharrean, zergatik sinesten duten azter dezaten saiatzen naiz: zein den horren jatorria. Nik, adibidez, adierazten diet Biblian ez dela ageri gizakia orain dela 6.000 urte sortu zenik, eta uzten diet pentsatzen, ikertzen, nondik datozen dituzten sinesmen horiek. Gero, askotan jendea etortzen zait esanez egia dela, ez dela Biblian ageri, baizik eta ez dakit nork idatzitakoa dela…
Baina zuk, sinesmen jakin batzuen kontra egiteaz gain, ateismoaren defentsa egiten duzu. Nola konbentzitu fededunak beren ikuspuntuaren okerraz?
Ateismoari buruzkoak batez ere beste ateoentzat idazten ditut nik, argi baitut besteak konbentzitzea ez dudala lortuko. Pentsatzen dut ateismoak, nolabait ere, beste sinesmen baten moduan funtzionatzen duela, mundua ikusteko eta ulertarazteko era bat baitakar. Baina nire helburua ez da erlijioak desagerraraztea. Nik ez diot inori esango: ‘Zoaz, eta leherraraz ezazu zure eliza’. Hori ez da gertatuko. Baina lortu behar da erlijioa politika publikoetatik kanpo geratzea. Erlijioa nolabaiteko hautu pertsonala izatea pertsonentzat, beren onurarako…
Poesia edo literatura onuragarria izan daitekeen eran…
Bai. Erlijioak politika publikoak ez gidatzea bilatu behar da, eta, AEBetan esaterako, presidentetzarako hautagai izateko ezin duzu ateoa izan; gutxienez hori aldatzea nahi nuke.
Zientzialarien artean, oro har, aski errotuta ikusten duzu borroka horren aldeko jarrera?
Zientzialari gehienak ateoak dira, batez ere hainbat alorretakoak, biologiakoak eta psikologiakoak, esaterako. Baina badira fededun diren zientzialari onak; pertsona horiek bi esparru ezberdinetan jartzen dituzte egiten duten zientzia eta beren sinesmenerako motiboak. Ez diot aparteko arazorik ikusten horri. Onargarria ez dena da ikertzen ari zaren horretarako arrazoi supranaturalak bilatzea.
Biologian, erabateko ordena beharrean, kaosa ere badela diozue usu adituek. Ez da aski motibo diseinu adimentsua eta antzekoak betiko baztertzeko?
Oraintsu liburu bat idatzi berri dut horren harira. Dudarik gabe, milaka motibo dira diseinu adimentsuaren ideia baztertzeko. Genetikan, esaterako, datu asko daude, bereziki DNA zaborra deitzen zaion horretan; zati horiek ez dira transkribatu ere egiten, baina hor daude. Kreazionistek ez dute hori ikusi nahi izaten, froga argi bat delako beraien kontra. Halaber, mutazioak zoriz gertatzen direla ere argi dakigu; kalkulu estatistiko pila bat egin daitezke horren inguruan, baina, hala ere, zenbaitek ukatzen jarraitzen dute, eta esaten dute mutazioak ezin direla zoriz gidatu, norbaitek gidatu behar dituela.
Eboluzioari buruzko ikerketetan aditua zara. Anabasa dago eboluzioaren oinarrian ere?
Gauza bat kaosa da; bestea, zoria. Eta, zalantzarik gabe, zoriak gidatzen du, hein handi batean, eboluzioa. Maila molekularrean ikusten da mutazioak zoriz gertatzen direla, eta horrek garamatza erloju molekularraren ideiara; horrek esaten digu noiz gertatu diren zenbait gauza, ikusten baita geroztik zenbat mutazio pilatu diren. Eta orain dela gutxi atera den artikulu batek erausten du mutazioak pilatzen diren bezalatsu badagoela, halaber, espezieazio tasa bat nahiko konstantea lerro filogenetiko guztietan: bi milioi urtetik behin-edo espezie berriak agertzen direla lerro baten barruan; hori hala bada, zoriaren ondorioz izan behar du, hautespen naturalak oso bestelako patroi bat emango lukeelako.
Ezjakintasunaren arriskuez mintzo zara usu. Zer egin behar da, politika publikoen eremutik, zientzia ezagutzaren alde?
Batez ere, dirua eman behar zaio zientziari, eta adierazpen askatasuna bultzatu behar da. Beldurra ematen didate zientzialarien adierazpen askatasuna mugatzeko ahaleginek. Berriki, esaterako, AEB Ameriketako Estatu Batuetako Senatuan botoa eman zuten berotegi efekturik ez dela gertatzen ari esateko. Hori ez da, inondik inora ere, senatu batek bozka dezakeen zerbait! Beste eremu batean ebatzi behar da.
Usu erreparatu izan ohi diozu ikerkuntzan andre-gizonen arteko parekidetasuna lortzeko aurrean dagoen bide luzeari…
Biologikoki bada ezberdintasun bat: andreak haurdun gera daitezke; gizonak, ez. Baina epe mugatuko zenbait lanez aparte, arazo guztiak konpon daitezke; ez dago inolako motiborik ume baten hazkuntza ez partekatzeko. Nik neuk bi urte egin nituen nire umeen zaindari; zergatik ez beste edonork?
Zientziaren hurrengo erronka nagusiak zein dira, zure iritziz?
Eboluzioaren biologian aditua naizenez, niri oso garrantzitsua iruditzen zait gauzak gaur egun nolakoak diren azaldu beharrean egoera horietara nola iritsi garen esplikatzea. Prozesua bera da garrantzitsua; horrek aldatzen dizu ikuspegia, eta askoz ere ezagutza sakonagora zaramatza…
Zoriak horrenbesterainoko eragina duen alor batean, zenbateraino argi daiteke prozesua?
Zarata handia da, bai, zoria. Eragin handia du. Baina aldaketa funtzionala ere hor dago, eta, hor, hautespen naturalak eragina du. Nik gela honetatik atera nahi badut [Durangoko Landako Gune handiari begira], batetik bestera bueltaka ibil naiteke, eta hori litzateke zoria; baina ateratzeko bide bat bakarra egongo da: atea Sinesmen eta usteetan oinarrituta zientzian aritu nahi dutenen kontra izaniko eztabaidek egin dute, bereziki, ezagun eta ateismoaren defendatzaile sutsu. Ikergazten izan da, ikertzaile gazteekin solasean.