Juanma Gallego / 2015-05-24 / 540 hitz
Lehen tresneria duela 3,3 milioi urte inguru jaio zela ondorioztatu dute. Gizakia agertu baino lehenagoko aztarnak aurkitu dituzte. Aurkikuntzak giza eboluzioaren zuhaitza aldaraz dezakeela diote.
Arkeologo talde batek asteon Nature aldizkarian argitaratutako ikerketaren arabera, hominidoek orain dela 3,3 milioi urte landu zituzten lehen harrizko tresnak, Homo generoaren agerpena baino askoz lehenago. Kenyan egindako aurkikuntza da, eta 700.000 urte inguru atzeratu du oinarrizko teknologiaren agerpena. Orain arte ezagutzen ziren tresnarik zaharrenak Etiopian kokatuta dagoen Gona izeneko aztarnategian topatutakoak ziren, duela 2,6 milioi urtekoak. Gizakien lehen arbasotzat jotzen den Homo habilis espezieak ekoitzi zituela uste dute ikertzaileek. «Gure aurkikuntzak zalantzan jarri du denbora luzez mantendu den hipotesia, Homo habilis lehen industrien egiletzat jotzen zuena», azaldu du artikuluaren egile nagusiak, Sonia Harmand arkeologoak.
Afrikan egindako indusketek 150 tresna inguru azaleratu dituzte. Harri puska horiek nahita apurtutakoak izan zirela ondorioztatu dute adituek. Horietatik 83 nukleoak dira —tresnak ekoizteko erabiltzen diren harriak—, baina laskak, ingudeak eta kolpekariak ere badira. Oro har, gerora agertuko ziren tresnak baino zakarragoak eta sinpleagoak dira, baina, hala ere, horiek ekoizteko nolabaiteko garapen kognitiboa beharrezkoa zela esan dute.
Horrelako tresnak egin ahal izateko, eskuek gutxieneko trebetasuna behar dute, eta horrek zerebeloaren eta burmuinaren garapena eskatzen du ezinbestean. Ekintzak ordena baten arabera egin ahal izateko eta lanaren planifikazioa egiteko beharrezkoa da garapen hori. Garai eta inguru horretan dokumentatuta dagoen hominido bakarra Kenyanthropus platyops da, eta hori izan da ikertzaileek aipatu duten lehen hautagaia. Garai berekoa zen Australopithecus aferensis deritzona ere hizpide dute, haren fosilak aztarnategi horretatik gertu azaldu ez badira ere. Hipotesiak baino ez dira, hala ere, aztarnategian inolako hominidoren arrastorik ez baita topatu. Horregatik, ikertzaileek tresneria horren egilea irudikatu baino ezin dute egin oraingoz. Baina espezie bietako bat industria litiko horren egilea dela demostratzen bada, giza eboluzioaren zuhaitza berriro aldatu beharko da.
Hutsune handiegia
Ikerketak hautsak harrotu ditu paleoantropologiaren munduan. Izan ere, orain dela 3,3 milioi urteko homo generoaren fosilik ez da ezagutzen. Beraz, gizakien lehen arbasotzat har daitezkeenak orain arte uste zen baino lehenago sortu ziren. Alvaro Arrizabalaga EHU Euskal Herriko Unibertsitateko arkeologoak azaldu duenez, lehenengo tresnen agerpena izan da homo generoaren abiapuntua zehazteko erabili den irizpideetako bat. Beraz, baliteke berriro ere abiapuntu hori denboran atzera mugitu behar izatea. Egun paleoantropologoen artean nolabaiteko adostasuna dago giza generoaren hasiera duela 2,6 milioi urtetan kokatzeko. Orduan hasi omen ziren homo habilis espeziekoak lehen tresnak lantzen.
Adituaren ustez, aurkikuntza lagungarria izango da teknologiaren agerpena nolakoa izan zen ulertzeko. «Orain arteko egoeran, epe labur batean teknologia maila nahiko garatu batera iristen zen, baina aldez aurretik oinarrizko urratsak egon behar ziren ezinbestean». Sonia Harmandek eta haren lantaldeak aurkeztutako tresneria urrats horietako bat izan daiteke.
Aurkikuntza hori teknologiaren hasierari buruzko eztabaida berpizteko baliagarria izango dela uste du CENIEH Espainiako Giza Eboluzioaren Ikerketa Zentroko ikerlari Joseba Riosek. Gizatasunaren kontzeptua berrikustera bultzatuko duela uste du arkeologoak. Hala ere, estratigrafiari eta datazioari dagokienez, zenbait zalantza ditu, eta oraingo aurkikuntzaren eta aurrekoen artean dagoen denbora tarteak ere kezka sortzen dio. «Hutsune hori azaltzea ez da batere erraza», ohartarazi du ikertzaileak. «Asmatu zen teknologia hau gero ahaztu al zen?», galdera egin dio bere buruari. Ekialdeko Afrikan kronologia bereko dozenaka aztarnategi daudela azaldu du Riosek. Horietan guztietan fosilak topatu dira, baina ez harrizko tresneriarik. «Akaso hurrengo urteetan antzeko aztarnategiak aurkituko dira, baina oraingoz oso iradokitzailea den posibilitate honekin konformatu behar dugu».