Iraitz Urkulo / 2015-06-07 / 415 hitz
- Izenburua: Ixa Asap
- Idazlea: Jose Luis Asensio
- Argitaratzailea: Jose Luis Asensio (egile editorea)
Jose Luis Asensiok (Etxarri Aranatz, 1980) Iruñeko Udalaren idazle berrientzako literatura saria irabazi zuen 2013an Ixa ASAP! narrazio laburrarekin. Zoritxarrez, lehiaketa hartan saritutako lanak liburu batean bildu eta argitaratzeko aurrekonturik ez zegoela adierazi zien Udalak irabazleei. Bidegabekeria hartatik abiatuta sortu da Ixa ASAP! izenburuko ipuin liburua, aipatutakoaz gain beste hiru narrazio jasotzen dituen obra. Izan ere, autoreak autoedizioaren alde egin du, crowdfunding-era joz gastuak ordaindu ahal izateko. Emaitza Jose Luis Asensiok idatzitako luzera ezberdineko lau istorio dira, Iñigo Izal marrazkilari lizarrarraren ilustrazioekin apainduak.
Halere, sortzaileari eskaini diezaiokeen askatasuna albo batera, autoedizioak baditu arrisku dexente. Kasu honetan, ondorioak larriak dira: ortografia, puntuazio eta estilo akatsak daude nonahi. Barkaezina da idazlea zuzentzaile automatikoa baliatzeaz ere arduratu ez izana.
Lehendabiziko ipuina Ixa ASAP! saritua da. Ixa izeneko protagonistak, euskara informal eta errazean —hots, lagunarteko tonua erabiliz—, lehen pertsonan kontatzen dizkigu bere eguneroko komeriak: Iruñean duen informatika-dendako bezeroen kontsulta bitxiak eta, batez ere, gizonekiko harreman berezia. Hizkuntza informatikoari egindako aipamenek —gehienontzat ezezagunak izanik, autoreak horiek argitzeko txertatutako oin-oharrak barne— gaurkotasuna eta originaltasuna gehitzen diote narrazioari. Egoera umoretsuak lagun, ironiaren baliabideari etekina atereaz, kontakizun entretenitua eskaintzen digu egileak. Tamalez, anekdota-segidan oinarritutako ipuin arin eta dibertigarriaren amaiera erraz aurreikusi daiteke hasieratik.
Hurrengo ipuinak Damutzea ez da nahikoa du izenburu. Liburuko istoriorik luzeena da, baita fantastikoena ere. Atmosfera ilun batean kokatua, bulego batean lan egiten duen tipo arrunt baten sekretuari tira eginez eraikiko da istorioa. Enpresako kontableak pairatzen duen tentsioa eta egoerak berak eragindako itolarri gero eta handiagoa pausoz pauso ondo islatuak dira. Diskurtso eta errealitate-maila ezberdinek kontakizuna aberasten dute, narrazioaren monotonia hautsiz. Egileak misterioaren eskutik irakurleon jakin-mina piztu eta argumentua modu egokian bideratzea lortu du.
Hirugarren istorioa, Aitorren pena izenekoa, Nafarroako Urbasa-Andia natura parkean kokatuta dago, eta menditik txangoan dabiltzan aspaldiko bi lagun ditu protagonista. Iraganeko gertaera dramatiko baten inguruko elkarrizketak bietako baten aitortzari bide emango dio. Ipuinaren alderdirik deigarriena hizkera da, Etxarri Aranazko euskararen transkripzio fonologiko moduko batean emanak baitira bi pertsonaien hitzak.
Azkenik, Ohizko (sic) prozedura ipuin laburra dator, 25 urte ezkonduta daraman bikote baten egunerokoa kontatzen duena. Etxekoandre tipikoa den emazteak narratua, ikuspegi matxista nagusitzen da. Ziur aski, nahiko istorio gatzgabea izanik, liburuko ipuinik ahulena ere bada.
Bi ipuinek zenbait ezaugarri komun dituzte : protagonista bakarra —bi gehienez—, eguneroko gertaeretan kokatutako ekintza, erritmo bizia, helburu ludikoa —tonu serio eta sakonetik ihesi—, diskurtso-mota ezberdinak nahastea… Liburu gogoangarria izan gabe, ideia sinpleei garapen txukuna ematen jakin du idazleak. Lastima akats ugariek hainbesteko esfortzua hondatzea.