Imanol Mercero / 2015-06-14 / 373 hitz
- Izenburua: Familia giroan
- Egilea: Beatrice Boutignon
- Itzultzailea: Aztiri
- Argitaletxea: Ttarttalo
Gure gizartea eredu tradizionaletatik urruntzen ari da, eta normala dirudi letretan islatzea aldaketa giro hau. Ipuinetako pertsonaien jokabidea, aldarrikatzen diren balioak, eta beste gauza asko ere aldatu dira. Baina ez bakarrik gidoietan. Liburuak erabiltzeko modua ere asko aldatu da, apurtzen ari dira testu mota ezberdinen artean behinola zeuden muga zurrunak, eta hibridazioa noranahi zabaltzen ari da. Hainbeste, ezen zaila izaten da etiketa konbentzionalekin liburuak katalogatzea.
Adibide gisa balio dezake Boutignonek aurkeztu digun Familia giroan obra.
Nagusiki asmakizunekin jolas egiten duen liburua da: animalia pertsonifikatuen familiak marraztuta ageri dira, hirunaka, eta euren gainean hiru definizio. Irakurleak definizio bakoitza zein familiari dagokion asmatu behar du. Horratx.
Familia tradizionalak agertzen dira, baina baita guraso bananduak dituztenak, guraso bakarreko familiak, eta sexu bereko bi gurasoak dituztenak ere, haur konbinazio ugarirekin: haurride bakarrekoak, ugarikoak, adopzioan hartutakoak eta harrerakoak, konbinazio ugari sortuz. Denera zenbat? Hemezortzi asmakizun-eszena daudenez, eta eszena bakoitzean hiru familia, bada, denera berrogeita hamalau familia eredu ditugu bistan. Familia ereduen katalogoa dei dakioke honi, eta ziur naiz jolasean ari direnen jakin-mina piztuko duela.
Mami gehiago du, ordea, liburuak. Asmakizun ariketa bakoitza egoera batean kokatuta dago. Egoera horietako asko eguneroko bizitzako uneak dira, beste batzuk aisialdikoak. Bakoitzean familiako partaideek jarrera eta portaera zehatz eta desberdinak erakusten dituzte. Badira haur aspertuak eta badira arretatsuak, badira beldurra sentitzen dutenak eta badira harroak. Haur asko, eta beste hainbeste jarrera. Haurren portaerak ez dira kasuistikaren espektro osoa hartzera iristen, gehienetan positibotzat jo daitezkeenak agertzen dituzte, tristurak eta beldurrak ere bai, baina batean ere ez da agertzen beste pertsonekin interakzioan eman daitekeen gertaera gaitzesgarririk. Esan liteke ereduzko portaeretan jartzen dela arreta. Honek liburuari irakurketa aukerak ugaritzen dizkio, literarioa dei dakiokeena tartean, ezen mikroistorio sorta horretara irakurlea murgil liteke, asmakizunen erronkan aritzeke.
Liburuari testuan darion tonu baikor hori nabarmendu eta garatu egiten dute irudiek, dituen bitarteko guztiekin. Koloreak pastelak dira, atzealdeak askotan neutroak dira, zuriak gehientsuenak. Animalia aktoreak naif xamar marraztuta agertzen dira, egiazkotasunetik hurbil, nahiz eta gizatiartuta agertu, arropa eta gainerako giza ezaugarriekin. Ezagun du idazlea eta irudigilea bat eta bera direla, bi adieraz-moldeen artean erabateko sintonia baitago.
Asmakizunak, familia ereduak, haurren jarrera eta portaerak, eta mikroistorioak; alor asko, eta, nire ustean, denetan bikain. Hona, bada, nolakoa den gizarte berri batentzako literatura berria.