Eneko Bidegain / 2015-06-02 / 460 hitz
Irratiko langileek gogoan izanen dituzte Emile Larreren kronikak edo telefono deiak. Euskara zuzen erabiltzeko gomendioak ematen zituen, eta egiten ziren hutsak zuzentzen. Ez zituzten denek beti ongi hartzen Larreren kritikak: batzuen arabera, txalotzekoa zen jendeak euskaraz mintzatzeko egiten zuen indarra, eta kritiken arriskua zen hutsak egiten zituen jendea nekatzea eta frantsesera lerratzea.
Bizkitartean, hedabideen funtzioa, hitzak dioen bezala, hedatzea da. Erantzukizun handia daukate horretan; euskara zuzena zabaldu behar dute, eta hutsak saihestu, huts horiek herritarren ahotik errepikatzen baitira, gero, oharkabean. Errotik bizi eta maite zuen euskara Emile Larrek, eta barnetik ateratzen zitzaion kezka zintzoak bultzatzen zuen euskara zuzenaren alde aritzera.
Halaber, euskararenganako grina izan zuen gidari, Herria astekariko zuzendari izan zenean, ia berrogei urtez. Piarres Lafittek astekariaren zuzendaritza hartzea proposatu zionean, duda handiak izan zituen, eta ezezko erantzuna eman zuen. Lafittek, penaturik, ulertarazi zion zaharrek ahal zuten heinean segituko zutela, astekaria desagertu artean. Hark inarrosi zuen eta biharamunean berean onartu zuen zuzendari ardura hartzea. Eten hura gertatu ez zelako, Eskualduna-k 1887an hasi zuen bideak aitzina segitzen du 2015ean, Herria-rekin.
Euskarazko prentsaren katebegi funtsezkoa izateaz aparte, Herria astekaria euskara hutsera ekartzea zor zaio Larreri. Hasi zenean, kronika zenbait bazegoen frantsesez, baita iragarkiak ere. Larrek lan egin zuen horiek euskaratzeko. Eta baita euskara batua sartzeko ere. Irakurle anitzek ez zuten begi onez ikusi euskara batua, anitzentzat «euskara espainoldua» zelakoan. Halakorik ez zitzaiokeen lepora Herria-ri, Larreren eredua zelako euskara batuaren gramatika arauak errespetatzea, baina nafar-lapurtera, lapurtera eta zubereraren lexikoa erabiltzea. Ez zuen amore eman, eta berrogei urte geroago harro zegoen, jendeak ez zuelako gehiago halako kexarik izaten.
Hain zuzen, euskarak bi zutabe behar ditu, Larreren iritziz: «herri euskara» edo euskalkiak, aberastasun iturri gisa; eta euskara batua, arauemaile gisa. Euskaltzain baigorriarraren testuak irakurriz ulertzen da oreka horrek nola funtzionatzen duen, eta euskara batuaren arauak zein lagungarriak diren euskaraz zuzen idazteko, baita euskalkitik abiatuta ere. Edo bestela errateko: zein zaila den euskalkian zuzen idaztea, Euskaltzaindiaren arauetan oinarritu gabe. Larreren artikuluekin ohartzen da euskara batuan idatz daitekeela, Ipar Euskal Herriko herritar batentzat arrotz izan gabe. Eta Herria-ren arbasoen testuetan ageri da, XIX. mende bukaerako nafar-lapurtera zein hurbil zegoen gaur egungo euskara batutik.
Batua arbuiatzen dutenek, maiz, euskara bera dute arbuiatzen. Bihotzean min hartzen zuen Larrek, amatxi bat haurrari frantsesez mintzo entzuten zuenean, erranez haurrarentzat errazago zela frantsesa. Hauxe zioen: «Euskal Herri barnealdean badira errotik euskaldunak diren eskualdeak, baina ez da motibaziorik. Nola mintzo dira elkarren artean? Euskaraz, baina euskaraz zergatik ari diren jakin gabe. Euskaraz ari direnek berek erraten dute ‘euskarak ez du balio!’. Harrotasun eskas izugarria dugu. Baitezpadakoa litzatekeena. Holakoak, hiltzen ari den herri baten seinale dira. Zeure buruaren nortasuna eta estimua galduak dituzularik, ez da gehiago gizonik. Haizeak nahi duen lekura eramanen zaitu». Emile Larrek bazekien, bai, euskarak balio duela, eta balio handia duela; eta euskara batuak balio handia ematen diola ere argi zuen.