Estibalitz Ezkerra / 2015-06-14 / 648 hitz
Gizaki / animalia dikotomiaren kontra egin du posthumanismoak, bereizketa horrek eragindako deshumanizazioa kontuan izanda. J.M. Coetzeek bi liburu eskaini dizkio gaiari.
Gure kulturan, oinarrizko gatazka politikoa, gatazka oro gidatzen duena, animaliatasunaren eta gizakiaren gizatasunaren artekoa da». Giorgio Agamben pentsalari italiarrarenak dira hitzok. Antzeko argudioa aurki daiteke bai Jacques Derridaren La bête et le souverain laneko (Piztia eta subiranoa) lehen liburukian bildutako hitzaldi sortan, non boterearen eta «basakeriaren» —legezkotzat jotzen ez den indarkeriaren— inguruko diskurtsoaren arteko harremana aztertzen den, eta bai egile beraren L’animal que donc je suis saioan (Naizen animalia, beraz), non animalia / gizakia gaiari zuzenean heltzen dion. Kontua ez da berria. Mendebaldeko filosofia gehiena, hain zuzen, gizakiaren eta animaliaren arteko bereizketan oinarrituta dago. Arrazoitzeko eta hitz egiteko ahalmena du gizakiak, eta gaitasun horiek, hain zuzen, bereizten dute animalietatik gizaki bihurtzearekin batera.
Posthumanismo delako teoriak, ordea, gizaki / animalia dikotomiaren kontra egiten du, gizakia animaliatik bereizteko ahaleginak eragindako deshuma- nizazioa aztertuta. Posthumanismoaren helburua ez da animaliei gizakien eskubideak ematea. Cary Wolfek esan bezala, giza eskubideei zentzua ematen dien «humanismoaren oinarrian diren egitura filosofiko eta teorikoek subjektibotasun normatibo bera ekoizten dute —gizakiaren gaineko kontzeptu jakin bat—, animalien eta bestea-ren kategorian erortzen den ororen kontrako diskriminazioa ahalbidetzen duena». Aldiz, banaketa oro murriztailetzat jotzen du posthumanismoak, batetik, bizitza kategoria estatiko bihurtzen dutelako eta, bestetik, izakien arteko ezberdintasunak sinplifikatzen dituztelako. Gizakiak eta animaliak denbora eta antzemateko modu ezberdinean existitzen dira, bakoitza bere gorpuztasunean. Hortik giza eskubideak, giza diren aldetik, zentzugabetzat jotzea.
Gizakia, zauritutako izaki
Azken bi hamarkadetako literaturan izan du oihartzun handiena posthumanismoak, animalia fikzio delakoari bide eginez. Azken horren adibide dira J. M. Coetzeeren The Lives of Animals (1999, Animalien bizitzak) eta Elizabeth Costello (2003), fikzioa eta saiakera uztartzen duten lanak biak. Elizabeth Costello adineko idazlea dute biek protagonista, animalien defentsan aritzeagatik ezagun dena. The Lives of Animals-en, zehazki, unibertsitate batean bi hitzaldi emateko gonbita onartzen du Costellok, eta aukera hori profitatzen du animalia kontzeptuaren gainean Mendebaldeko pentsamendu eta zientzian egondako eztabaidak aztertzeko. Lehen hitzaldian zehazki, Filosofoak eta animaliak deitutakoan, arrazoia jakintza eta izanaren oinarrian jartzearen arriskuez mintzo da. «Arrazoia», esaten du Costellok, «giza pentsamenduaren espektro jakin baten izana da», zeinaren arabera saiatu diren filosofoak unibertsoa ulertzen.
Subjektu arrazionalaren eta adimenaren arrazoiaren eredua, baina, abstraktuegi-tzat jotzen du Costellok, eta haren aurka egiten du Kafkaren Ein Bericht für eine Akademie ipuinean (Akademia baterako txostena) azaltzen den Red Peter, hitz egiteko ahalmena eskuratzen duen tximinoa, adibide moduan jarrita. Bere gaitasunaren gainean aditu talde bati ematen dion hitzaldian, Red Peter izaki zauritu moduan azaltzen da; haren zauria ez dago agerian, baina antzeman daiteke «hitz egindako hitz bakoitzean». Zauri hori humanitateen iruditerian naturarekiko eta gizakia definitzen duen animaliarekiko haustura da. Hizkuntza eta arrazoia eskuratuta, gizakia zauritutako izaki bihurtzen da zeina, Costello eta Red Peter ez bezala, bere zauritu kondizioaz jabetzen ez den. Zauritu kondizio horrek izaki oso izatetik urruntzen du gizakia, arrazoiak baztertu egiten dituelako sentiberatasuna eta bihozberatasuna.
Costelloren aburuz, jakintza arrazionala abstraktua eta gorpuzgabea da, eta alienazioa ekoiztu eta berrekoiztu egiten du. Kartesiar cogito-aren kontra, «osotasuna, gorpuztasuna, izanaren sentipena» proposatzen ditu Costellok; «kontzientzia pentsamenduak pentsatzen dituen mamuzko makina arrazionala bezala ulertzearen aurka kontzientzia sentipen moduan ulertzea, arras afektiboa den sentipena: espazioan hedatzen diren gorputz adarrak dituen gorputzarena, munduan bizirik egotearena». Bigarren hitzaldian, Poetak eta animaliak, Costellok sakondu egiten du sentipenaren gaiaren inguruan, eta arrazoia baino gehiago «irudimen sentibera» behar dela esaten du, poesian aurki daitekeen horren modukoa.
Arrazoiaren kontzeptuari eta, oro har, Mendebaldeko filosofiari egiten dion kritikagatik, balio handikoa da posthumanismoa, baina baditu bere alde ilunak ere. Gizarte gatazkak gizaki eta animalia kontzeptuen arteko banaketa epistemologiko eta linguistiko gaindiezinera mugatuta, posthumanismoak gizartetik harantz doazen arazo unibertsal moduan aurkezten ditu gizarte arazoak —eta haien konponbidea—, arazo erreal materialak —gero eta larriagoa den pobrezia, bizi-baldintzen okertzea, ingurugiroaren hondamena— nortasun, balio eta arau kontu huts bailiran. Animalia eta gizakiaren arteko banaketarekin batera, aztertzekoak dira genero, arraza eta klase bereizketak kapitalismo globalaren esplotazio harremanekin duten lotura. Munduko baliabideen kontrolak eragiten baitu deshumanizazioa, Marxek esan bezala.