Estibalitz Ezkerra / 2015-06-07 / 671 hitz
Rosa eta Baasie; bata zuria eta bestea beltza, afrikanerrek indarrez gidatutako Hegoafrikan. Bien bideak gurutzatu eta desbideratzen dira Nadine Gordimerren ‘Burger’s Daughter’ eleberrian.
Luis Bonaparteren Brumaire 18 saio luzean (1852), Marxek dio: «Jendeak bere historia egiten du, baina ez du nahierara egiten; ez du propio hautaturiko baldintzen arabera egiten, jasotako gertaeren eta igorri zaionaren arabera baizik. Hildako belaunaldi guztien ohiturak zama astun dira bizidunen adimenean, mendi bat adina». Frantziako Iraultzaren porrota agerian utzi zuen Luis Bonaparteri botere osoa eskurarazi zion estatu kolpeak. Horren harira idatzi zituen hitzok pentsalari alemaniarrak, iraultza oro ez delako benetako iraultza, hots, aldaketaren gidari. Batzuetan, maiz, egitura berberen jarraipena ahalbidetzen du, aldaketaren mozorropean. Iraultza, fartsa moduan. Baina tragedia moduan azaltzen denean ere, botere eta arau guztien kontra altxatuz, aldaketarako aukerak ez dira nahitaez handiagoak. Terrorea, gogora dezagun, Frantziako estatu iraultzaileak ezarri eta zabaldu zuen bere etsaien kontra, ekintza politiko moduan.
Gaur egun, terrorista estatuaren kontra aritzen dena da, baina haren jarduera politikatik kanpo kokatzen du estatuak, indarkeriak —Arendtek esan bezala— politikaren amaiera dakarrelako. Baina Arendt oker zegoen. Indarkeria eta politika ez daude kontrajarrita. Ikusi bestela kolonietako egoera. Indarkeriarik gabe ez legoke ordena kolonialik. Subjektu koloniala ikaratuta bizi den subjektu bat da.
Kontua bestelakoa da. Estatuak du indarkeria legezko bihurtu eta hura erabiltzeko monopolioa (Max Weber), eta biak posible ditu herritarren baimenari esker, segurtasuna —estatuaren oinarrizko funtzioa— bermatze aldera. Gutxitan aipatuko da, ordea, estatuaren berezko terrorismoa. Aldiz, terrorea, ikara emozio huts bihurtu duten garai neoliberal hauetan, estatua salbatzailearen rolean azaltzen zaigu, betiereko mehatxu terroristaren aurrean.
Itzul gaitezen Marxen aipura. Bada aldaketarako aukerarik? Aska daiteke bat «hildako belaunaldi guztien ohitur[en] zama astunetik» eta zerbait berri sortu?
Nadine Gordimerren (Traansval, 1923-Johannesburgo, Hegoafrika, 2014) Burger’s Daughter nobelan (1979, Burgerren alaba), bada pasarte bat non Rosak —zeina gobernuak legez kanpo utzitako Hegoafrikako Alderdi Komunistako kide baita, eta apartheid-aren kontra aritutako Lionel Burger ekintzaile zuriaren alaba— Londresen topo egiten baitu haurtzaroan nebatzat zuen mutil beltzarekin: Bassie («buruzagi txiki»). Burger senar-emazteek semetzat hartu zuten Baasie, ume txikia zela haren aita kartzelan hil ostean, baina afrikaner gobernuak Cathy Burger lehenik eta Lionel Burger ondoren atxilotu zituenean, Rosa eta Baasie banandu egin zituzten, lehenengoa aitaren familiarengana bidalita, eta bigarrena beste nonbaitera. Topaketa, beraz, arras hunkigarria da Burgerren alabarentzat. Baasieren jarrera bestelakoa da, ordea. Rosari bere benetako izena zein den ez jakitea aurpegiratu ostean —Zwelinzima Vulindlela da—, esango dio ez duela inolako traturik izan nahi harekin. Aita, Lionel Burger, kartzelan hil izanak inolako berezitasunik ez du berarentzat; hainbat guraso beltzek izan dute antzeko patua, eta ez dute Burger aita-alabek beste arretarik erakarri, beltzak direlako, burgertarrak ez bezala.
Zwelinzimak ez bezala, Rosak aukera du, nahi izanez gero, bestelako bizimoduari ekiteko nahi duen tokian, Hegoafrikatik urrun. Hain zuzen, ideia horrek tentatuta dago orain Rosa Europan. Txikitan gurasoek apartheid-aren kontrako borroka edozeren gainetik zegoela irakatsi bazioten ere, iruditzen zaio Hegoafrikaren aldeko borroka gurasoena dela berea baino gehiago. Ez du Burgerren alaba izan nahi, nahiz eta abizen horrek mirespen handia eragiten duen —eta, ondorioz, ate ugari ireki dizkion— jaioterritik kanpo. Orain arte ez du inolako erantzukizunik sentitu, ez gurasoekiko eta ez herrikideekiko, baina Zwelinzimarekin izandako enkontruak lotsa sentiarazten dio zuri izatearen abantailak ikusarazi dizkiolako. Ez hori bakarrik. Rosa Burgerren alaba da, gustuko izan ala ez. Egokitu zitzaien garaien inguruan jarrera jakin bat agertu zuten gurasoek, eta berak beste horrenbeste egin du. Jarrera bata zein bestea egoerak berak baldintzatuta daude. Hots, Rosa ez da askeago izango Hegoafrika atzean utzita, doan tokira doala erbestean biziko delako, eta doan tokira doala gurasoen ekintza politikoen itzalean arituko delako.
Horrenbestez, Hegoafrikara itzuliko da Rosa, eta Europara abiatu aurretik Soweton zuen fisioterapeuta lanari helduko dio berriz. Handik hilabete batzuetara, ikasle beltzek protestak hasiko dituzte jasotzen ari diren behe mailako hezkuntzaren kontra. Giroa goritu ahala, Poliziak protestagileen aurka egingo du, eta ehunka hildako eragin. Behin gatazkari jazarrita, gobernuak neurri zorrotzagoak ezarriko ditu, debekatutako mugimendu eta erakundeen jarduera galaraztearren. Horren ondotik, Rosa atxilotu egingo dute. Abokatuak, aita defendatu zuen berberak, esango dio ikasle altxamenduan parte hartu eta alderdi komunistako zein Afrikako Kongresu Nazionaleko kide izatea leporatuko diotela. Alegia, kartzela saihesteko aukerak urriak dira. Azken batean, burgertar bat da.