Idurre Eskisabel / 2015-06-11 / 477 hitz
Eskola eta ingeles zein txinerako akademia atarietan, asteburuko eskolakirola jarduera oroirenstaileetako kantxa eta zelaietan, parkeetan, eta guraso jendea elkartzen garen osterantzeko plazetan, asaldura bat dabil besteen gainetik azken boladan: gure haurrek gozoki dendako litxarreriak baino eskurago dutela pornografia; gero eta umeagotan, gero eta ugariago, gero eta errazago.
Hitzetik hortzera darabiltzagun pasadizoak: batek, Googlen «mujeres follando» bilatzen harrapatu duela 10 urteko umea; beste batek, joko inuzente baterako 8 urteko haurrari smartphonea utzi, eta ohartzerako parkeko beste lauzpabost neska-mutiko beraren bueltan dituela atzeman duela, auskalo nondik deskargatutako fellatio bati begira. Eta bai, gu, dena ikusi eta dena gaindituta dugula sinetsitako guraso saldo progre eta hipermodernoa gabiltza larrituta. Zein eta geu! Kolorezko aurreneko telebista haietan lehendabiziko larrualdiak agertzen hasi zirenean geure zaharrei nolako aztoramendua sorrarazten zien irri karkailaka kontatzen dugunak! Oraintxe, geu, planta berean! Orain geu saindutto!
Nolanahi ere, onartzen dut ez dela txantxetarako kontua haurrena eta pornoarena —horren froga atzo berripaper honetan Garikoitz Goikoetxeak argitaratutako erreportaje interesgarria—, baina, nire ustez, ez hainbeste hain ume direla sexu praktika batzuk edo besteak ikusteak, kontenplazio hutsak, etorkizunera begira trauma, perbertsio, gaitz edo auskalo bestelako zer kalterik sor diezaiekeelako, baizik eta gure ingurune afektibo-sexual guztiak behar duelako berrikuspen benetakoa pertsona goitik beheraino —edo, agian hobe, behetik goraino— aske eta beregainez osatutako jendartea nahi bada.
Izan ere, Javier Gomez Zapiain EHUko psikologia irakasleak arrazoi du arestian aipatutako erreportajean dioenean gaztetxoek pornografiara jotzea ez dela gauza berria, sexuarekiko jakinminak eragindako praktika errepikatua baizik —jakina, pornografiaren definizioa da leku eta garaien arabera aldatzen dena—: «Gaztetxoek galderei erantzun nahi diete, eta bilatu egiten dute. Gure garaian, aldizkariak pasatzen genizkion elkarri eskolan».
Hain justu, porno bidezko sexuaren ikerketa aldizkarien bidez egiten zen garaikoa naiz ni, baina, hala eta guztiz, aukera horretatik nahiko bazterrera geratu nintzen, arrazoi sinple batengatik: neskatoa, emakumezkoa nintzelako. Hau da, mutil adinkideei zilegi zitzaien bezala aldizkari pornoen inguruko ikusmina izatea, haien trafiko sare ezkutuetan jardutea —zeharka onespena ere jasotzen zuten gizontasun adierazle zelako—, niretzat eta gainerako neskatoentzat gaitzetsitako zerbait zen. Are, espantua simulatu behar genuen kasualitatez-edo halako irudietara iritsiz gero, neska egokiak izango baginen. Geure ingurune afektibo-sexualak ezarritako diferentzia oinarrizkoenetakoa zen gizonak beti sexualki aktibo eta desiratzaile irudikatzea eta emakumeak sexu desirarik gabe, gorputzarekin, garenarekin zerikusi gutxi duen maitasun erromantikoaren irudikapen jakin baten pentzura. Funtsean, beste arlo batzuetako gizon eta ekintzaile eta emakume pasiboaren aldaera; gizon subjektu eta emakume objektuarena.
Eta, ausartuko naiz esatera gaur egun horrek lehen bezala segitzen duela: pornoaren transmisio zirkuitu berrietan ere mutikoak direla gidari, subjektu desiratzaile zilegiztatuak, eta neskak doazela atoian. Hain justu, bestelako eredurik sortzen ari bada ere pornoaren irudikapen nagusiak ere horixe errepikatzen duela: gizon etengabe desiratzaile eta haren begietarako —beraz, haren ekimenez— pizten den emakume berez desirarik gabea —sexu lesbikoa ere gizonen begiradarako aurkezten da—.
Azken batean, pornoaren bidez egungo ingurune afektibo-sexualaren birsortzea da kezkatzen nauena, baita haurrei begira ere, eta ez sei urteko umeak zakila edo alua mihiaz laztantzea kilikagarria dela jakiteak.