Juan Luis Zabala / 2015-06-14 / 1.769 hitz
Ezustean sortutako pertsonaiarekiko jakin-minak gidatuta idatzi du Koldo Izagirrek ‘Lorea Gernika, andrazko bat’ nobela. Andrazko idazleen literaturari zor handia dion liburua da, egilearen ustez.
Aurretik programatutakoa ez, beti beste zerbait idazten du Koldo Izagirrek (Pasaia, Gipuzkoa, 1953) azken urteotan: Autopsiarako frogak (Susa, 2010) aldez aurretik halakorik idazteko batere asmorik gabe idatzi zuen; Egarri egunak portualdean (Susa, 2011) ipuin gisa idazten hasitako nobela da; Parisen bizi naiz poema liburuak (Susa, 2013) egileak ezin idatzi izan zuen saiakera liburu batean du jatorria. Lorea Gernika, andrazko bat argitaratu du orain (Susa), prentsarako artikulu izan behar zutenak nobela bihurtu zaizkiola ikusi eta gero. Programatutako liburua idazteko «ezintasun kronikoa» duela aitortzen du idazleak, baina ez du horrek arranguratzen, uste baitu horrela jokatzeak idazten aspertzeko arriskua murrizten duela.
Pertsonaia nagusiak bultzatu zaitu, zeu ere ezustean harrapatuz, Lorea Gernika, andrazko bat idaztera. Nola eta nondik sortu zen Lorea Gernika, eta nola iritsi zen zuregan halako eragina izatera?
Aplikazio baterako ipuin infantil batzuk eskatu zizkidaten, eta amona baten kontuak idatzi nituen. Ipuinak idatzi eta gero, pentsatu nuen hura gara nezakeela, neuzkan apunte batzuekin, beste pertsonaia bat sortzeko. Horretan oinarrituta astero BERRIAn zutabe labur bat argitaratzea pentsatu nuen, eta negoziatu ere egin nuen, Amagoia Ibanekin. Hark asmo horren alde egin eta baiezkoa eman zidan, baina berehala konturatu nintzen —alegia, beranduegi— garapen handia hartzen ari zela idazten ari nintzena, eta gehiago interesatzen zitzaidala pertsonaia bera garatzea prentsan astero ataltxo bat argitaratzea baino. Prentsak askatasuna ematen zidan zernahi ateratzeko, baina ez nuen uste posible izango zenik pertsonaia bakar baten garapena aurrera eramatea modu hartan, espazio arazoengatik batez ere. Hortik aurrera, pertsonaia nagusitu zen, eta haren atzetik segika ibili naiz, ea nola erreakzionatuko duen gauza baten edo bestearen aurrean. Azkenean bere biografia osatu dut.
Baita berari emaitza erakutsi ere, sarreran eta epilogoan kontatzen duzunez, nahiz eta berak ez dion kasu handirik egin.
Hala dirudi, bai [irri egiten du]. Nirekin barkabera izan dela iruditzen zait.
Hendaian bezala, Beran ageri da da Lorea Gernika, orobat Lekeition, Arizkunen edo Atharratzen. Harrapatzen zaila da zinez.
Zaila da liburuan kontatzen diren pasadizo horiek guztiak pertsona bakar bati gertatzea, baina egia da nornahiri gerta dakizkiokeela. Orduan, pasadizo horiek nonahikoak izan daitezkeela adierazteko modu bat da lekuen etengabeko aldaketa, eta aitzakia ematen du, gainera, paisaia aldatzeko. Batzuetan erreferentzia hutsa da lekua; ez dago haren deskripzio handirik. Baina tokian tokiko halako ñabardura linguistiko batzuk sartzeko ere baliatu dut lekuen aldaketa. Lekuaren presentzia deskripzioetan baino gehiago dago hizkeran edo idazkeran.
Leku errealekin kontrastean, zeruaren eta infernuaren ateetan ere ikusten dugu Lorea Gernika; edo bertan aparkatu duen hegazkinetik jaitsita hodei baten gainean promenatzen…
Dena errealista egitea ez zitzaidan batere egokia iruditzen pertsonaia esplikatzeko. Orduan, eldarnioetatik eta ametsetatik halako peripezia fantastikoetara eraman dut. Beharbada, alderdi infantil bat da hori. Liburuaren jatorrian dagoen aplikaziorako enkarguan ipuin infantilak eskatu zizkidatelako izan daiteke. Ez dakit.
Fantasiak idazteko askatasuna eskaini dizula sentitu duzu?
Bai. Azken finean, fantasiaren bitartez halako alegoria moduko batzuk izan daitezkeenak ere badaude liburuan: infernuaren eta diktaduraren arteko lotura eta horrelakoak.
Diskurtsorik eta pentsamendu egituraturik gabe, «zentzumenen bidez» ulertzen du mundua Lorea Gernikak, liburua aurkeztean esan zenuenez. Emakumeei buruzko topiko horretan kokatu duzu, nahita, baina topiko horretatik irten nahian.
Bere esperientziatik bihurtzen da andrazko; ez irakurketatik edo kontzientziazio politiko klasikotik. Gazteago jarri izan banu, askoz militanteagoa, kontzientziatuagoa eta ekintzaileagoa izango zen, erakundetua izango zen nonbait, edo irudituko zitzaidan egon behar lukeela. Eta libreago interesatzen zitzaidan. Mugako adin horretan pasotismo puntu bat hartu du, xalotasun puntu bat ere bai… Hori iruditu zitzaidan egokiena.
Berak esperientzian oinarrituta esan edo egiten duenarekin bat egiten duten emakume gazte kontzientziatuak aurkitzen ditu batzuetan.
Bai. Eta biloba ere halakoa du. Gizonezkoak, aldiz, nahiko patetiko agertzen dira oro har, salbu eta marjinatuak: dirua eskatzen ez duen eskalea, kartzelatik egunero ihes egiten duen kriminala… Marjinatuekin ondo konpontzen da Lorea Gernika.
Seme-alabekin, suhiekin eta bereziki errainekin ez bezala.
Badu horrek logika bat, nahiz eta seguru asko bere perspektiba oker samarra izan, laster zaindu behar batean egongo baita. Gero eta gehiago hurbiltzen zaizkio, eta hori ez zaio batere gustatzen. Hori ere bada batetik bestera ibiltzeko arrazoia, ihesean, edo zerbaiten bila, seme-alaba eta suhi-errainei batere gustatuko ez litzaiekeen bestelako protekzio baten bila. Esate baterako, etxera joaten zaion batean, errainak eskale bat ikusten du sofan lo. Horrelakoak egin ditzakeela erakutsi nahi die, bere autonomia zaintzeko. Intrusio moduan hartzen du berez borondate oneko laguntza izan litekeena.
Orbela da nobelako kapitulu bat baino gehiagotan agertzen diren elementuetako bat. «Emakumezkoaren antzeko» egiten zaio Lorea Gernikari, emakumezkoaren «zanpaketaren» eta ahultasun historikoaren» sinboloa.
Azken finean, horren atzean ere beti dago topiko matxistaren bat: «La donna è mobile, qual piuma al vento…». Haizeak hara eta hona darabilen elementu bat da orbela. Baina kontrako efektua ere sor dezake. Amaia Ezpeldoik Lorea Gernikari adierazten dion bezala, metatzen baldin bada orbelak sekulako trabak sor ditzake, abiadura handiko trena geldiaraziz, esate baterako. Eta hori erreala da, gertatu da, behin baino ez bada ere. Sinbolo iruditzen zitzaidan. Jokoa eman zidan pasarte bat baino gehiago lotzeko.
Zeuk esana da Lorea Gernikak ez duela Metxa agirretarraren antzik. Baina biak dira egoskorrak, eta Temperantia eta Prudentiari kasu gutxi egin zaleak.
Baina Metxak iragana baliatzen du eta manipulatzen du; historiako une heroiko guztietan azaltzen da. Lorea Gernika, aldiz, biktima da; apurka kontzientzia bat hartzen doan biktima, baina biktima bat. Ez da, Metxa bezala, iraganean bizi, oso orainean baizik. Eta ez da, Metxa bezala, probokatzaile bat. Lorea Gernikari istripuak gertatzen zaizkio, berak nahi gabe, bilatu gabe. Ez da bera izaten liburuko pasadizoetan gertatutakoa abian jartzen duena.
Liburuak «andrazko idazleei» zor handia diela aitortu zenuen aurkezpenean. Zehaztu dezakezu zein idazleri buruz ari zaren, eta haien zein ekarpeni buruz?
Garbi dago Itxaro Bordari zor diodala zerbait, haren pertsonaia bat agertzen denez liburuan, Amaia Ezpeldoi detektibea. Baina orokorragoa da nik dudan zorra, ez bakarrik Itxaro Bordarekikoa: giro bat, kontzientzia bat, hizkeraren beraren erabilera… Hori erran gabe doa. Baina erran beharrekoa da.
Bereziki andrazko idazle gazteen lana izan zenuen gogoan, «gizonezkoon segurtasuna» kolokan jarri dutela esanez.
Bai, bai, jakina. Azken belaunaldiko andrazko idazleak indar handiarekin datoz, eta aurretik ere oso lan interesgarriak egin dira. Kontzientzia bat sortu digute, eta, gainera, botoak kentzeko gai dira.
Botoak kentzeko gai?
Bai, gure kontzientzia oneko ezkerrari botoak kentzeko gai. Eta hori oso interesgarria da. Negoziazio ahalmena lortuko dute horrela. Badakite hori. Eta hori oso sanoa da, nire ustez.
Andrazko idazleen lanak dira euskal literaturak azken urteotan jasotako bultzadarik garrantzitsu eta mesedegarriena?
Osoan hartuta, bai. Premia handia genuen eta iritsi da. Zer isildu handia daukagu, eta hauek hori baliatuko dute. Kontua ez da bakarrik guk, gizonezko idazleok, gure lanetan emakumeei presentzia handiagoa ematea, kuota bat betetzea. Niretzat, hori baino interesgarriagoa da kolokan jarri dutela gure gizontasuna; gizontasuna jarri dutela kolokan. Premia zegoen, eta hori da interesgarriena niretzat; ez bakarrik idazle gisa, baita herritar gisa ere.
Oro har begiratuta, iritzi zabaldua da kalitate handiko literatura egiten dela euskaraz, baina nekez iristen dela irakurlearengana. Zer iritzi duzu zuk?
Ez naiz soziologoa, eta uste dut inork ez duela daturik, edo datu gutxi dauzkagula eta susmoz hitz egiten dela askotan. Irakurlearengana iristeari dagokionez, iristen den literatura, hizkuntza guztietan, ez da literatura ona izaten. Hori garbi dago. Durangoko Azokan erdaraz zer liburu izaten diren salduenak ikusi besterik ez dago. Hori bai dela datu bat! Euskaraz diferentea da. Urte batzuetan Joseba Sarrionandiaren liburuak izan dira salduenak. Baina horrek badu aparteko arrazoi bat. Kalitate handiko idazlea da Sarrionandia, baina haren arrakasta maila ez dago zuzenean lotua kalitate mailarekin; beste faktore batzuk daude tartean. Gaztelaniaz ez dago horrelakorik, eta libreagoa da alde horretatik panorama. Eta hor garbi geratzen da iristen dena ez dela literatura, beste zer edo zer baizik; edo, literatura baldin bada, oso txarra.
Kalitateari dagokionez, zer diozu? Irakurle gisa, gustuko liburuak aurkitzen dituzu euskaraz?
Aniztasuna dago, eta hori beharrezkoa du literaturak. Obra handi bat ateratzea oso noizean behin baino gertatzen ez den zerbait da. Horretarako, obrak benetan handia izan behar du, eta, gainera, haren inguruko adostasun bat egon behar du, iritzi unanime bat, eta hori oso zaila da, eta uste dut hala izango dela zenbait literatur kritikarik idazteari uzten ez dioten bitartean. A priori eta etiketa asko dagoelako. Enfrentamendu politikoak asko kutsatu du dena, eta iritzi literarioa ere bai. Perspektiba pixka bat falta da.
Literatur sistema asko indartu da azken urteetan, baina zu nahiko aparte gelditu zara sistema horren alderdi askotatik: itzulpenak, bidaiak…
Ez zait batere axola. Ez daukat batere interesik Renora edo Frankfurtera joateko, eta horrela ibiltzeko.
Ez zenuke itzulpenen bidez irakurle gehiagorengana iritsi nahi?
Baina nora irits gintezke, ba? Inora ere ez. Euskarak estatu bat ez daukan bitartean, euskal literatura ez da iritsiko mundura. Zenbat euskal liburu publikatu dira Penguinen? Froga hori da. Euskal liburu bat ingelesez argitaratzea unibertsitate batean… horrek ez du inolako interesik. Hori bitxikeria kultural bat baino ez da. Kasik antropologiaren mailan gaude kontsideratuak; ez gaude literaturaren mailan kontsideratuak.
Euskal liburu batzuk, Bernardo Atxagarenak batez ere, argitaratu dira ingelesezko nahiz beste hizkuntza batzuetako argitaletxe komertzialetan.
Horrek ez du zerikusirik gure sistemarekin. Hori aparteko fenomeno bat da. Eta, seguru asko, horregatik da Atxaga zabaldua eta ezaguna hainbat hizkuntzatan. Eskerrak bere bidea egin duen, berak, sistematik kanpo. Sistemaren barruan egiteak ez du inolako interesik. Etxepare Euskal Institutuak antolatuta Birminghamen egin zen bertso saio batean, hizkuntza ofizialak ingelesa eta gaztelania izan ziren. Oso interesgarria izango zen bertsolarientzat, baina gure literaturarentzat ez. Munduan kokatzea estatuen zeregina izaten da. Frantziak urtero izendatzen du estatu gonbidatu bat bere liburu azoketan, eta estatu gonbidatu horren agerpenik nabarmenena izaten da estatu horretako tropen desfilea uztailaren 14an Parisen, Eliseoko Zelaietan. Horregatik diot euskarak estatu bat ez duen bitartean euskal literatura ez dela iritsiko mundura. Eta Etxepare Euskal Institutua ez da estatu bat.
Idazlearen rola eta idazleak gizartean duen eragina asko aldatu da zure lehen liburuen garaitik gaurdaino?
Ez dakit idazlea idazle moduan kontsideratua dagoen. Orain multzo handiagoa gara eta komunikabide idatzietan presentzia handia dugu. Handiegia, esango nuke nik. Zutabegile bihurtu dira asko. Batzuek superbibentzia moduan daukate hori. Baina horrek askotan kalte egiten dio, nire ustez, kazetaritzari, espazio bat jaten baitio. Egunkariek aldizkarien antza hartzen dute batzuetan. Hainbat kolaborazio daude, baina aktualitatearen gertuko jarraipena, gertatuen ikerketa sakona, salaketa, elkarrizketa ez konplazienteak… hori dena falta izaten da, edo ez dago behar den neurrian behintzat. Ez dut esaten idazleak direnik horren kausa, baina presentzia handiegia dutela iruditzen zait. Irratian ere agertzen dira, hitzaldietan, irakurle taldeetan… Baina ez dakit idazlearen figurak indarrik baduen.
Beraz, lehen baino presentzia handiagoa du gizartean idazleak, baina horrek ez du esan nahi benetako indarrik duenik.
Esate baterako, bertsolariaren figuraren ondoan ez da ezer idazlea. Hedabideetan ez ezik, antzokietan ere leku handia dute bertsolariek. Lehen, antzokietan bertsotan aritzen ziren; orain, performanceak ere egiten dituzte, eta, publiko bahitu bat daukatenez, jende asko erakartzen dute. Ez dakit, beraz, zenbaterainoko indarra duen idazlearen figurak gizartean. Idazlearen presentzia ez da behintzat islatzen liburuaren presentziarekin. Liburua ez da objektu kultu eta euskaldunon ezaugarri moduan agertzen.