Oihan Vitoria / 2015-09-16 / 1170 hitz
Bistako aldaketak ekarri ditu Internetek, baina oraindik betiko moldeei eusten die oinarrian, genero ikuspegiari erreparatuta, bereziki: emakume baino askoz gizonezko gehiago ageri dira komunikabide digitaletako botere eta eragin eremuetan. Ahalduntzea xede, ikusgarritasunean eragiteaz mintzatu dira adituak, ez maizago nabigatzeaz.
Berba horiek eztabaida bat ekarri diote akordura Pikara Magazine aldizkari feministako zuzendariari, June Fernandezi (Bilbo, 1984): «Kazetaritzak errealitatea islatzen du, edo errealitatea sortu ere egiten du?». Giltzarria uztarketan datzala eta sareak bietatik edaten duela, uste horiexek ditu Fernandezek. «Gizartearen parekidetasunik ezak oztopatzen du sareko parekidetasuna. Hori bai, andreok sarean espazioak irekitzea lortzen badugu, horrek eragina edukiko du gizartearen beste eremuetan». Bereizketarik ez du ikusten Mondragon Unibertsitateko irakasle Maite Goñik (Ordizia, Gipuzkoa, 1967). «Berdintsu samar jokatzen dugu Interneten eta kalean», gaztigatu du.
Emakumeak ahalduntzeko eta espazio publikoan tokia egin ahal izateko, teknologia berriek ohiko hedabideek baino erraztasun gehiago eskaintzen dituzten hipotesiarekin ekin zion lanari Merchanek, duela hiruzpalau urte. Kolektibo gutxituetan, ohiko hedabideetan baztertutako pertsonengan ipini du mira, teknologia berriek boteretzeko ahalmena dutela iritzita. Internet emakumeen jabekuntzarako «esparru aproposa» delakoan, ikuspegi bera du Fernandezek: «Egokia da bestelako guneetan partekatzen ez ditugun proiektuak hedatzeko eta publiko berrietara iristeko».
Desorekaren kontzientzia
Merchanek, aldiz, bizkor frogatu du ezetz, ez dela zehazki horrela, sareak ez diela aparteko samurtasunik ematen emakumeei. «Interneten beste hedabideetan bezain gaizki edo okerrago daude andreak». Ondorio hori atera du tesian, zenbait adituren iritzietan oinarrituz. Bestela ikusten du Goñik. Interesgarritzat du sareak eskaintzen duen aukera, horizontala eta neutroa den heinean. «Horrek, baina, ez du kentzen betiko eskemak, errealitatean errepikatzen direnak, Interneten erreproduzitzea». Sarea parekidea izan litekeela dio —«posible da»—, betiere jakintza digitalak, gogoa eta borondatea ezinbestekotzat jota.
Desorekaren kontzientzia izatea kosta egiten zaie sarean eragina duten andre apurrei. Hasieran, batik bat. Guztira, hamar emakume adituren testigantzak jaso ditu Merchanek: «Uste dute bakanak direla jazarpen kasuak». Haatik, denetik dagoela deritzo Fernandezek: «Ni ez naiz sekula diskriminatua izan diskurtsoa darabilte askok botere postuetan».
Iritzia aldatzen dute berehala, ikusgarritasunean herren jarraituta ere. Blogetan ari diren andreak, esate baterako, ez dira aurreneko lerroan agertzen. Merchan: «Eragin handiena duten blogarien artean, %17 besterik ez dira emakumeak». Horietako bat da Fernandez. Pikara Magazine, Argia, eldiario.es eta Diagonal hedabideetan jarduteaz gain, genero ikuspegia txertatzen duen blog bat ere badu. Goñik ere zazpi urte daramatza jadanik Gaurko hitza bloga egunero elikatzen, hiztegia aberasteko asmoz: hitz bat hautatzea, eta hitz horren definizioa taxutzea; horra atariaren funtsa.
Horrelakoak zukutzearen premiaz mintzo da Merchan. «Emakume franko sarean egiten dabiltzan lan ikaragarriaz jabetu behar dugu, ikusarazi egin behar ditugu, ezagutzera eman, argi utzita zein diren». Jakin badaki, ostera, ugariak direla oztopoak: «Sarean hanka sartzen badut, egin dudan horrexegatik kritikatuko naute. Edonola ere, hanka sartu duena andrea bada, eginikoagatik soilik ez, bestelako kontuengatik joko dute haren kontra». Zigorra «bikoitza» dela txarretsi du Merchanek. Finean, baina, kasu gutxi batzuk baino ez dira irteten argitara, Fernandezek berri eman duenez: «Agian, sare sozialen hoztasun puntuak jarrera mikromatxisten eragina gutxitzen du».
Hain zuzen ere, emakume ugariri kritikak jasotzeko izuak atzera eginarazten dien susmoa dauka Fernandezek. Iruzkin eta irain matxistak jasoak dauzkala kontatu du: «Gehienbat, puta, itsusia eta lesbiana esaten didate —irain bat balitz bezala—». Nekeza zaio horrelako egoerei aurre egitea. «Ahalegintzen zara eraginik izan ez dezan, baina zaila da».
Testuinguru horretan, anonimotasunak emakumeei mesede —eta baita kalte ere— egin diezaiekeela uste du Fernandezek: «Andreei lasaitasuna ematen die ezizen bat erabiltzeak. Oso kritikatuak eta erasoak izan daitezke, baina egiazko identitatea ezkutatzeak segurtasuna ematen die».
Ez du iritzi bera Goñik: «Ez dut ikusten anonimotasunak emango dionik inori erreferentzialtasuna; gaizki ikusia dago». Halere, jazarpenari buruzko eztabaidak pizteko ere balio die, Pikara Magazine aldizkariko buruaren hitzetan: «Feministok errazago dugu sarean lobby lana egitea».
Nolanahi ere, emakumeen presentzia areagotzen ari da apurka-apurka. Twitter sare soziala izan da hondar alea jarri duten horietako bat: harremanak demokratizatzeko tresna bihurtu da, andreak plazara atera eta nolabait gizonezkoen maila berean jartzekoa. Goñiren ustez, emakumeak orain ez dira atzean geratzen. Zergatik? Batez ere, bitartekaririk ez dagoelako mezu igorlearen eta hartzailearen artean. Hezkuntzaren eragina ere agerikoa da. «Zure txioak interesgarriak, erakargarriak eta argiak badira, oihartzuna lor dezakezu; izan gizon, izan emakume», azaldu du Goñik, eta gaineratu jendea «interesen baitan» mugitu ohi dela Interneten. «Inportanteena ez da emakumea edo gizonezkoa izatea, baizik eta esateko zerbait interesgarria edukitzea; jendeak edukiak nahi ditu».
Jorratzen diren gaietan, justuki, desberdintasun handiak daude. Argigarriak dira datuak: interes orokorreko gaien blogak gizonezkoek kudeatzen dituzte; urria da andreen presentzia (%29). Genero gaiekin loturikoetan, ordea, nagusi dira (%95); baita umeei eta edertasunari buruzkoetan ere, emakumeek sarearen erabilera afektiboagoa egiten dutelakoan.
«Baina zer da interes orokorrekoa eta zer femeninoa?». Galdera bota du Fernandezek, horrekin hautsi behar dela iritzita, eta Merchanek erantzun dio: «Interes orokorrekoak geure bizitzan eragina duten gaiak dira, gustukoak izan edo ez». Fernandezek ohar bat egin du, horren harira: «Egia da sarean gizon eta andreen hezkuntzan errotutako rolak errepikatzen direla, baina zergatik da errespetagarriago teknologia blog bat haurrei buruzko bat baino?».
Haren esanetan, emakumeek gizonezkoek bezain beste erabiltzen dituzte sare sozialak, eta Facebooken kasuan, gehiago. Txiolari aipagarrien zerrendetan, berriz, gizon gehiago agertzen dira. Arrazoia? «Sexismoak oraindik ere mugak jartzen dituela andreok espazio publikoan nabarmen izateko». Zalantza izpirik ez du Fernandezek. Erantsi du, halaber, Twitter bereziki «gune maskulinizatua» dela oraindik.
Botereguneak lortu nahian
Eta erabileran zertxobait aurrera eginda ere, eremuetan ez da aparteko aurrerapenik izan, Merchanen irudiko. Ikusgarritasuna areagotzea falta da. «Gehiago nabigatzearekin ez da aski». 1997an, Interneten nabigatzen zuten lau lagunetik hiru gizonak ziren. Orduan pentsatu zen parekidetasuna lortzeko nabigatzea zela soluzioa. Dena dela, denborak frogatu du berdintasuna lortu dela kopuruan, bai, baina horrek ez duela boteregunerik ekarri. Merchanek kontatu du: «Erabiltzaileen erdia izatea ez da eraginaren erdia andreena izatearen sinonimo».
Fernandez ere bat dator: «Arazoa ez da nabigatze falta, protagonismo falta baizik». Alde horretatik, jauzia egitera animatu ditu andreak; kontsumitzaile zein begirale izateaz aparte, informazioa ekoizten has daitezen. «Guztiok dugu zer esana, zer partekatua, zer irakatsia. Guztiok gara komunikatzaileak, guztiok dugu komunikatzeko trebetasunen bat: jendaurrean hitz egiteko, idazteko, argazkiak ateratzeko…».
Zaintzarekin uztartzen
Emakumeek konpartitzea berezkoa dutela uste du Goñik, eta bide horri eutsi dio, ikusgarritasuna lortzeko asmoz. «Sareak badituzu mugi zaitezke Interneten, eta emakumea historikoki da sarezalea izan da: beti izan da pertsonekin erlazioak egitekoa, komunitatean zer esana izan duen pertsona. Sare izaera hori bat dator andreon nortasunarekin».
Denboraren kudeaketa izaten da maiz sarearen zurrunbiloan ez sartzeko zioa zenbait andrerentzat, oraindik gizonek baino denbora gutxiago izaten baitute aisialdirako; areago, seme-alabak badituzte. Merchanen esanetan, bikote batean emakumeak hartzen badu haurren zaintzaren zamarik handiena, bikotekideari baino «zailagoa» egingo zaio sarean eraginkortasuna lortzea.
Ados dago Fernandez: «Zaintza lanak direla tarteko, iluntzean Twitterren ibili ordez, afaria atontzen edo arropa lisatzen egongo zara». Kontziliazioaren alderdi positiboari heldu nahi izan dio Goñik, eta sarearen abantailak aipatu ditu: «Edozein tokitatik edozein momentutan sar zaitezke Interneten; horrek denbora aurreztu diezaieke andreei».