Miriam Arandia – Nora Arbelbide /2015-09-04 / 919 hitz
Antzararen jokoa Euskal Herriko hainbat herritan egiten dute oraindik; Lekeition, adibidez, garai berrietara moldatu dute, antzara artifizialekin. Igandean egingo dute jokoa jaien barruan.
Animalien kontura, herritarren jostaketa. Hala definitzen dira Euskal Herriko zenbait jaitan egiten diren ikuskizunak. Antzara jokoarena, ordea, ez da kontu berria, Erdi Aroan sortu zen ohitura baita.
Oinetatik zintzilik dagoen antzarari lepoa kentzean datza jokoa, eta bi modutara egin ohi dute Euskal Herrian: uretan portuan, edo lehorrean zaldi gainean. Ariketa apur bat zailtzeko, antzara oliotan bustitzen dute.
Antzara bizidunekin ospatu izan dute jaia urteetan, baina egun sakrifikatu egiten dituzte, animaliek ikuskizunaren garaian nozi ez dezaten. Besteak beste, Lapurdiko Zuraide, Saran, Biriatu eta Senperen egin ohi dute oraindik, eta aurten, lehen aldiz, Kanboko jaietan. Irungo Behobia auzoan (Gipuzkoa), Lekeition (Bizkaia), Markina-Xemeinen (Bizkaia) ere ohitura da. Jokoak, ordea, barrenak astintzen dizkio bati baino gehiagori; badago usadio hori eten nahi duenik, edo beste modu batera egitea hobesten duenik. Aurka daudenek animalien hilketa salatzen dute, baita antzara objektu baten maila berean jartzea ere. Aurten, jokoak zalaparta piztu du Kanbon, Brigitte Bardot fundazioak animalien tratua salatu eta gero.
Uretako jokoan, parte hartzaileek portua zeharkatzen dute bateletan, alde batetik bestera gurutzatzen duen sokaren erdialdean dagoen antzarari lepoa kentzeko. Hori soka tenkatuz eta lasaituz egiten dute. Harrapatzailea gora-behera mugimenduarekin aritzen da, uretan sartu-irtenda, antzarari lepoa kendu edo eskuetatik ihes egiten dion arte. Lehorrean ere helburu bera du jokoak: antzara ez da soka bateko gora-behera mugimenduan aritzen; geldirik dago, eskegita. Hari lepoa kentzeko, parte hartzailea zaldi gainean igarotzen da antzararen azpitik, eskua luzatuz eta antzararen burutik tira eginez.
Hala egin dute aurten lehen aldiz, Kanbon. «Berrikuntzaren bat sartu nahi izan dugu aurtengo jaietan, publiko zabalagoa erakartzeko. Eta antzaren jokoa egitea pentsatu genuen, baina ahateekin egin dugu. Horren berri eman genuenean, askotariko kritikak jaso genituen, basatiak ginela eta Erdi Aroko ohitura zela», azaldu du Pierre Baptista Kanboko besta komiteko kideak.
Brigitte Bardot Fundazioak horren berri izan ondoan, proposamen bat egin zuen, antzara faltsu batengatik ordezkatzeko. «Ulergarria da aurkako ikuspuntu hori, baina animaliak hilik daude aurretik, ez diegu agerraldian sufriarazten», azaldu du Baptistak. Edonola ere, baztertzen ez duten aukeretako bat dela azaldu du, eta aztertuko dutela; baina kontrako iritziak ere egongo liratekeela uste du: «Tradizioak, berez, egiazko antzarak ditu».
Antzararen jokoa ez da Euskal Herrian egiten den animalia jolas bakarra. Bizkaiko Ermua eta Gernika udalerrietan, esaterako, oiloen inguruan antolatzen dituzte festak. Plazan dantzatzen dute herritarrek, begiak estalita, eta ezpata baten bitartez lepoa mozten diete animaliei. Hala eta guztiz ere, tradizio horiek leuntzeko zenbait neurri hartu dituzte: oiloak zintzilik egon beharrean, atoian eramaten dituzte, adibidez.
Zenbait ohitura animalien eskubideen mesedetan aldatzen joan diren arren, oraindik ere, badago lehengo tradizioari estuki lotuta jarraitzen duen herririk; ezinezkoa dirudi usadio horiek leuntzea, gaurkotzea edo moldatzea.
Lekeition, gaurkotua
Antzara Eguna izaten da lekeitiarrek irrikan itxaroten duten eguna. Irailaren 5ean egin ohi dute, baina larunbata denean igandera aldatzen dute, igande honetan egingo dute, aurten, beraz. Azken urteetan ikuskizunak aldaketak izan digu, garaian garaiko aldaketetara egokitzen jakin du: «Jai gaurkotua da, orduko esentzia gordetzen duena; herri osoarena izatea lortu dugu, eta ez gizonezkoena soilik. Benetako antzarak erabiltzeari utzi, eta mekanikoak erabiltzera hasi gara, halaber», esan du Sabin Madariagak.
1631. urtera egin behar da salto Lekeitioko ohitura zaharraren zantzuen berri izateko. Orduan hasi ziren lekeitiarrak antzara jokoa egiten, herriko plazan, inauterietan. Urteak pasatuta, portuan egiten hasi ziren, eta marinelek soilik hartzen zuten parte 1979ra arte. Urte horretan bertan hasi ziren emakumeak antzara jokoan parte hartzen, gizonezkoen maila berean. Herriaren jaia denez, denek nahi izaten dute jokoan parte hartu; baldintza nagusia eta bakarra, ordea, 16 urte baino gehiago izatea da. Harrapatzailea izateko, halaber, gurasoen baimena eskatzen dute, 18 urteak bete arte.