Igor Susaeta / 2015-09-30 / 513 hitz
Oscar sarietan ingelesez besteko filmen atalean Espainia ordezkatuko du ‘Loreak’-ek. 90 lanen artean bederatzi hautatuko dituzte abenduan, eta bost finalistak urtarrilaren 14an.
Luzea eta zaila da bidea, baina Loreak filmak lehen bi pausoak eman ditu, behintzat. Hasteko, 2016ko Oscar sarietan Espainia ordezkatzeko hautagai aukeratu zuen Espainiako Zinema Akademiak beste bi pelikularekin batera, joan den irailaren 8an. Eta atzo, Jose Mari Goenaga eta Jon Garañok ondutako ekoizpena sari entzutetsuenetarako ingelesez besteko filmen ataleko ordezkaria izango dela adostu zuen akademiak «aho batez», Magical Girl (Carlos Vermut) eta Felices 140 (Gracia Querejeta) lanen, beste bi hautagaien, aurretik aukeratuz. «Kristoren poza sentitzen dugu; beste animo goraldi bat da hau. Bagenuen itxaropen txiki bat, baina ez genuen espero. Horrek poza eta sorpresa areagotzen ditu». Garañoren hitzak dira. Beste bi pauso falta zaizkio Loreak-i orain, Oscar sarietarako hautagaia izateko eta, otsailaren 28an, Los Angelesko Dolby antzokiko galan parte hartzeko.
Aurren-aurrenik, abendua erdialdean, Hollywoodeko Akademiaren batzorde batek bederatzi ekoizpen aukeratuko ditu 90 herrialdetako hautagaien artean —70ek jakinarazi dute jada nork ordezkatuko dituen—, eta bost film finalisten izenak urtarrilaren 14an iragarriko dituzte. 70 bat horien artean daude, besteak beste, Txileko El Club (Pablo Larrain), Argentinako El Clan (Pablo Trapero), Hungariako Son of Saul (Laszlo Nemes), Taiwango The Assassin (Hou Hsiao-Hsien) eta Georgiako Moira (Levan Tutberidze); guztiak ere nazioarteko festibal garrantzitsuenetan saritutakoak, eta guztiak ere aurtengo Donostiako Zinemaldian proiektatutakoak.
«Ikus dezatela behintzat»
Gisa horretako lehiakideak izanda, Garañok badaki lanean jarraitzea dagokiela. Beraz, AEBetarantz joan beharko dute laster, edo bestela ordezkari bat bidali haien ordez. «Hollywoodeko Akademiako kideek ikus dezatela filma, hainbeste lanen artean ez dadila oharkabean pasatu». Inbertsio bat egitera behartuta daude, beraz —«ez dakigu zenbatekoa izango den»—, eta Irusoin ekoiztetxearekin, filmaren ekoizlearekin, plan bat prestatuko dute. «Irusoinekoek badaukate bat, baina gu, Moriartikoak, filmaren ekoizleak ere bagarenez, haiekin eseriko gara eztabaidatzeko. Argi daukagu zerbait egin beharra daukagula; ezin gara besoak gurutzatuta geratu».
Bederatziko short list deitutakoan egotea oso garrantzitsua litzateke merkatuari dagokionez. «Lehia oso gogorra izaten dela esan digute». Eta zer esanik ez bost finalisten artean egotea. «Mundu osoan toki guztietan ikusiko litzateke pelikula. Asko dago jokoan».
Garañok pentsatzen du Euskal Herriko aretoetan ez dutela berriro programatuko, baina «litekeena da» Espainiako zenbait lekutan berriro ematea. «Kontua da pelikula duela ia urtebete estreinatu zela jada, eta ETBn zein Canal +en eman dutela. DVDan eta Blu-ray formatuan ere kaleratu dugu… Beraz, zaila da berriro jartzea». Filmaren zuzendarietako bati inportantea iruditzen zaio, gainera, nazioartean interesa piztuko duela nabarmentzea.
Hiru emakumezkori buruzko drama intimista 2013ko udaberrian filmatu zuten, eta iazko Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatu zen, kritika onak jasoz. Urriaren 31n estreinatu zuten zinema aretoetan, eta 50.000 bat ikuslek ikusi dute orduz geroztik. Donostiako aretoetan bi hilabete pasa egin zituen, eta Madrilen ere «lauzpabost aste» pasatu zituen. «Gero, pelikula onenaren Goya sarirako hautagaia izan zenean, berriro estreinatu zuten Espainiako zenbait tokitan».
Nazioarteko 50 zinemaldi baino gehiagotan lehiatu da — «Zinemaldia, Zurich (Suitza), Tokio, Londres, Palm Springs, Seattle eta Miami (AEB)…»—, eta horietan hogei sari bereganatu. «Oso ondo mugitu da». Gainera, Serbian, Kroazian, Israelen eta, besteak beste, Dominikar Errepublikan ere estreinatu dute pelikula. «Herrialde horietako datuak ez dira oso onak; tira, Israelgoak hobexeagoak dira».
Azken aldiz 2005ean izan zen Espainiako ordezkari bat ingelesez besteko film onenaren saria irabazteko hautagaia, eta orduan irabazi egin zuen Alejandro Amenabarren Mar adentro-k.