Txema Arinas / 2015-09-10 / 502 hitz
Rafael Chirbes idazle valentziarra hil zaigu udan honetan, hau da, azken hamarkadotako espainiar gizartea zorrotz bezain gordin erretratatu zuen nobelagilea, delako Trantsizioaren osteko gizartearen itzalak azaleratu zituena, azaleko arrakasta ekonomikoaren alderantzia erakutsi ziguna, ustelkeriaren nondik norakoei buruz ezin hobeto idatzi zuena, jende xehea literaturara berriro ekarri zuena, nobelaren ikuspegi ideologiko bezain estetiko bat helburu izan zuena, esaldi luze edo korapilatsuak maite dituen idazkerari eutsi ziona, edo bestela esanda, postmodernitate hedonista eta arinari muzin egin ziona, iraganaren zama saihetsezina agerian utzi zuena gaur egungo edozein gai jorratze aldera, edo laburbilduz, hainbat boterek, eta batik bat hauen menpeko hedabideek, sustatu eta hedatutako arintasunak literaturari ebatsitako duintasuna berreskuratu nahi zuena.
Nik izugarri estimatzen dut Chirbes. Ene ustetan, eta baita Miguel Sanchez-Ostizenean ere, gazteleraz idazten duten espainiar idazle garaikiderik jatorrena, zorrotzena eta iaioena zen, bai horixe! Estimatzen ditut Chirbes eta Sanchez-Ostiz moduko idazleak, bazterrak nahasteko zein kontzientziak suspertzeko literaturak omen duen indarra ezin hobeto erakusten digutenak; hau da, eta betiere bere neurrian, literaturak mundua aldatzeko duen berezko eraginkortasuna egiaztatzen dutenak, azken garaiotan hainbat modak, joerak edo beharbada estrategiak ezeztu nahi izan dizkigutenak, literatura denbora-pasa estetiko huts, arin eta funsgabe bat zela kosta ahala kosta sinetsarazi nahian, lehen aipatutako indar eraginkor hori iraganeko idazle txit kontzientziatuen handiustekeria galanta zela, liburugintzan dena ondoen saltzekoa izan behar dela edo bestela handiuste erakutsi digutenak.
Non daude euskal literaturan Chirbesen gaur egungo parekoak? Bai, egon badaude, noski baietz: Ramon Saizarbitoria, Arantxa Urretabizkaia, Anjel Lertxundi, Iban Zaldua, Juanjo Olasagarre eta, beti bezala, bidegabeki ahazten ari naizen besteren bat; bidenabar, non demontre sartu da Jokin Muñoz? Hauek dira nire ustez nola edo hala euskal gizarte garaikidea ikuspegi propio, zorrotz, kritiko batetik jorratzen dutenak. Alabaina, eta belaunaldi berriak? Ba al daude azken urteotan euskal letretan ere garaitu den postmodernitate ozta-ozta estetiko eta funtsean arin bezain artoberoarekin, huskeria/itxurakeria intimista zein sasi-kosmopolitak gehienbat idazpide dituenarekin, bat egiten ez duen idazle gazterik?
Uda honetan Fermin Etxegoienen Zinegotzia (2013) eta Aritz Gorrotxategiren Koldar hutsa zara (2105) nobelak irakurri ditut. Ikaragarri txukun idatzitako liburuak dira, trebe eta libre esango nuke nik, euskal irakurleak gozatzeko modukoak direla, idazkera jasoa bezain jatorra erabiltzen baitute biek. Hala ere, bi nobelon nondik norakoak oso bestelakoak dira, ia-ia kontrajarriak. Etxegoienen protagonista taldetik, tributik, baztertutako abertzale epel, eskuineko eta guztiz konbentzional bat da, ezusteko bategatik bere herriko gehiengo independentistaren aurrean susmagarri suertatzen dena. Etxegoienek bere protagonistaren nondik norakoak jorratzen ditu taldearen ikuspegitik argi eta garbi. Gorrotxategiren protagonista ordea bere ‘ni’ mozorrotua da duda izpirik gabe, taldetik ezari-ezarian aldentzen doan protagonistaren bilakaera pertsonalaren berri ematen diguna. Bada, beraz, hamaika aldiz lehenago irakurritako prozesu baten istorioa baina gurera egokitua edo girotua; izan ere, horretan datza bere erakargarritasun nagusia, beharbada orain arte euskaraz hain zuzen eta gordin idatzi gabe zegoen taldeari, tribuari, uko egindako prozesu horretan.
Biak oso nobela atseginak eta interesgarriak dira, gure gizartearen errealitatea nola edo hala islatzeko borondate garbia erakusten dutenak nork bere bidetik, ez ordea gorago aipatutako idazle kontsakratuenak bezain borobilak, gauza guztiz normala hastapenetan daudelako, bestalde; baina aurre egiten diote nolabait ordea azken urteotan nagusitu bide zen postmodernitate hutsal eta sumingarri horri.