Kattalin Miner / 2015-09-11 / 246 hitz
Atzo jakin ahal izan genuenez, Agur Jaunak kantuaren hitzak aldatu zituzten EHUko irekiera ekitaldian. Hain zuzen ere, bi aldaketa omen dituzte kantuaren hitzek: jaunak ez ezik, andreak ere agurtzen dituen esaldia gehitzea eta kantutik Jaungoikoa desagertzea.
Pozik baino ezustean harrapatu nau berriak. Batetik, Agur Jaunak abesten duten testuinguru gutxitan egotea egokitu zaidalako, eta, bestetik, inoiz nirea sentitu ezagatik agian, kantuaren hitzak aldatzeko beharrik sentitu izan ez dudalako. Hala ere, une batez poztu naiz, behin hala suertatuz gero (batek daki behin non amaituko dugun), andre naizenez gero, niri ari direla sentitu ahal izango dudalako.
Kontua da, berria laguntzen duen argazkiari so geratu naizela, eta han ikusi ditudala espresioz beteriko hiru aurpegi eta jaun-andre agurgarriak. Satisfazio aurpegia Goirizelaia errektorearena da; izan ere, errektoretzatik baitator aldaketa progresista egitearen hautua, errektore jaunak berak agindua, maiatz aldean. Eta pentsa daiteke Hezkuntza sailburu Uriarte andreak ere bere egiten duela agurra, behingoz horraino heltzen diren emakume guztien izenean. Urkullurena, bueno, Urkullu da.
Pentsatu dut guztiz pertinentea ez ezik, beharrezkoa ere badela kantu edota imajinario kolektibo oro osatzen duten sinbologien aldaketa, baina sarri legeak jendartea bera baino aurrerago doazenean bezala geratu naiz honekin.
Hain zuzen, ez gaudelako ohituta tradizioari traizio egiten dioten aldaketak ikustera, ez behintzat horren erraz, horren logiko, horren berdinzale eta inork behartu gabe. Ez gaudelako ohituta, hezkuntza laikoa dela esan arren, Jaungoiko delakoa ikasgeletatik ateratzen ikustekoa, ez behintzat borondatez.
Eta agian, ez gaudelako ohituta erreberentziak, agurrak eta solemnitateak andreei ere zor eta egiten zaizkiela beste batzuk gure aurretik ohartu direla konturatzera.